Twitterrek jarraitzen du urrats berriak ematen eta forma berriak bilatzen. Horien artean, ordenagailu bidezko plataforma berdiseinatu du. Itxura minimalista eta garbiagoa eman dio (2 zutaberekin, timelinea indartuz, extrak hobeto ordenatuz...). Hori bai, euskal txiolariontzat berri txarrak ditugu: oraingoz, behintzat, ez dago modurik plataforma berriaren interfazea euskaraz jartzeko. Twitter 40 hizkuntzatan erabiltzeko aukera eskaintzen digute, baina euskara desagertu egin da bertatik, 2012tik aukera hori geneukan arren. Betirako ote?
Azken urteotan noraezean ibili ondoren, Twitterrek azeleragailua zapaldu du eta badirudi azken hilabeteotan erritmo egokian ari dela lanean, norantza garbi duelarik: erabiltzaileen esperientzia hobetu eta, gehienbat, timeline garbi eta erakargarriagoa eman, Twitterrera sartzean informazio interesgarria aurki dezagun. Eduki aldetik urrats sendoak eman ditu azken urtean. 140 karaktereen muga bikoiztu zuen lehenengo, mezu-hariak sortzeko moduak erraztu ditu, milioika troll, bot eta spammer ezabatu ditu saretik, iradokizunak hobetzeko algoritmoak inplementatu ditu, timelinea konfiguratzeko aukera berriak aztertu ditu,...
Horrekin batera, funtzionalitate berriak ere garatu ditu (orain arte, gehienbat, APPean erakutsi dituenak) eta diseinuan ere egokitzapenak egin ditu, kasu honetan ere, gehienbat ahalik eta timeline garbiena eta irakurgarriena lortzeko. Aplikazioan berrikuntza handi bat izan zen irailean, nabigazio menua goiburutik behera jaitsiz (iraultza txiki bat) eta ordenagailuko erremintan ere diseinu berria probatzen ari zirela iragarri zuten irailean.
Ohi bezala, erabiltzaile hautatu gutxi batzurekin egin dituzten lehenengo frogak asteotan, baina dagoeneko hasi da azaltzen erabiltzaile arrunten aukeretan ere (eskuineko zutabean mezu bat agertzen da, Sneak a peek at the new Twitter). Sustatun ere txekeatu dugu, erabiltzaile batzuek abixatuta, eta hala da, bai, dagoeneko diseinua berritzeko aukera hedatzen hasi da Twitter. Diseinu garbiagoa da, xinpleagoa, eta garai batean izan zuen egituratik gertuago: timelinea ezkerrean eta extra osagarri guztiak eskuinean. Bi zutabe bakarrik daude orain (eta ez hiru) eta erabiltzailearen aukera guztiak bateratuta, eskuineko botoi bakar batean. Gainera, txiokatzeko botoia goitik behera igaro dute eta beti bistan dago, APPeko funtzionamendua eta kokapena kopiatuz.
Laburbilduz, garbiagoa eta erabilterrazagoa da Twitter berria.
Garbiagoa eta intuitiboagoa iruditu zaigu, lehenengo begiratuan, bai. Baina baita erdaldunagoa ere. Izan ere, oraindik, behintzat, ezin da euskaraz ipini. 40 hizkuntzatan eskaintzen du Twitterrek plataforma berritua eta euskara desagertu egin da aukerako hizkuntzen zerrendatik.
Betirako ote? Gogoratu behar da euskara "Beta" moduan zegoela oraindik ere Twitterreko aukeren artean (erabat ofizialdu barik, urteak igaro ondoren). Beta egoera horretan dauden beste hizkuntza batzuk ere desagertu dira Twitter berritik (urdua, adibidez). Baliteke froga-fase honetako kontua izatea, beraz, baina ez dago garbi. Izan ere, azken 2 urteotan Twitterrek pare bat urrats eman ditu euskararen kaltetan. 2016an iragarkiak euskaraz jartzea debekatu zuen (gerora erdizka kanpondua) eta 2017an Twitterrek itzulpenak modu kolaboratiboan egiteko aukera itxi zuen (ordura arte euskal komunitateak egindako lanari ateak itxiz). APPa ere ezin zen euskara erabili.
Orain arte itxura hau izan du Twitterreko konfigurazioak (interfazea euskaraz jartzeko aukerarekin, Beta egoeran bazen ere).
Hizkuntza gutxituen artean sareko komunitaterik indartsuena dauka euskarak, zalantzarik gabe. Baina baliteke nahikoa ez izatea. Edo indar hori aprobetxatuta, berriro ere 2012ko kanpainetara jo beharko ote dugu?
Guk egindako probetan, behintzat, hala da. Twitter bera ere oraindik ere froga-saioak egiten ari denez, itxaron egin behar... ;(
........
Irudia: Crederemedia.com.
Erantzun
Sartu