Twitterrek bere etxea garbitzea erabaki du. Azken asteetan zehar milioika kontu ezabatu ditu, 70 milioi kontutik gora. Twitterrek badaki horrek eragin handia izango duela bere datu orokorretan, erabiltzaile totalak gutxitu egingo direlako, baina erabaki du nahiago duela etxe garbia etxe handia baino.
Bai-ez bai-ez jardun ondoren, azkenean Twitterrek erabaki du zaborra garbitzeko ordua zela. Garbi usain pixkat eman nahi diola azkenaldian bot eta trollez beteta zegoen sareari. Maiatzean ekin zion lanari eta harrezkero 70 milioi kontu baino gehiago ezabatu dituela iragarri dute, ekaina bitartean (egunean milioi bat kontu baino gehiago ezabatu dituzte, hortaz). Uztaileko daturik ez dugu, baina baliteke dagoeneko 100 milioi kontu ere izatea saretik desagertarazi dituenak.
Ezabatutako kontuak trollak, bot-ak, kontu faltsuak eta spammerrak izan dira. Habia garbiagoa du, hortaz, txoritxoak. Hori bai, horrenbeste kontu faltsu ezabatu ondoren, sare sozialaren datu orokorrek behera egingo dute erabiltzaile datu orokorrei dagokionez.
Hala ere, Twitterrek erabaki du nahiago duela etxe garbiago bat, nahiz eta horrek eragina izan bere estatistika orokorretan. Eta horrek badu bere balioa, azkenaldian joera ona zekarrelako konpainiak, dirua irabaziz eta erabiltzaile-kopurua handituz. Burtsan ere datu onak izan ditu azken egunotan, akzioen prezioa 2012 baliora itzuli delarik lehenengoz, azken urteotako beherakaden ostean.
Aurrera begira ere itxaropentsu daude Twitterreko arduradunak, analisten ikuspegia ere positiboa baita: goranzko joerari eutsi diezaiokela aurreikusten da eta erabiltzaileak ere hazten jarraituko dutela.
100 milioi erabiltzaile ezabatzeak bere eragina izan dezake estatistika orokorretan, noski, baina epe ertainera begira erabiltzaile berriak erakartzeko modua izan daiteke eta baita akziodunak erakartzekoa ere, enpresa serio eta "garbi" baten itxura ematen ari baita Twitter. Hobeto izen-abizendun sare txiki baina garbi bat, trollez eta spammerrez betetako zakurzuloa baino, pentsatu omen dute Twitterreko arduradunek.
Twitterrek egin berri duen jokaldi honek beste kontu bat ere erakutsi digu: zein pustuta dauden gure "followerrak". Berdin da 100 jarraitzaile ditugun, 1.000, 10.000 edo milioi bat. Gure jarraitzaile asko gezurretakoak dira (eta beste asko hildako kontuak dira).
Nabarmen geratu da hori azken asteotan, jarraitzaile gehien dituzten twitterlariek milaka (eta milioika) jarraitzaile galdu dituztenean. Ashton Kutcher aktore ezagunak milioi bat jarraitzaile galdu ditu (19 milioitik 18 milioira jaitsi da), esate baterako. Eta antzekoa gertatu zaie telebistako (eta Twitterreko) izar diren Oprah Winfrey eta Ellen DeGeneres-i. Ia 2 milioi jarraitzaile galdu ditu bakoitzak.
Are jarraitzaile gehiago dituzte Twitterren Rihannak, Katy Perryk eta Kim Kardashianek, eta ondorioz are jarraitzaile gehiago galdu dituzte. 3 milioi jarraitzaile galdu ditu, esate baterako, Perryk.
Politikarien artean ere, jaitsiera antzekoa izan da. Trump presidenteak, adibidez, milioi erdi jarraitzaile galdu ditu eta Barack Obamak ia 3 milioi (jarraitzaileak ere askoz gehiago ditu).
Twitterreko arduradunek esan dutenez, twitterlari gehienek, batez beste, euren erabiltzaileen %3-6 inguru galdu dute azken asteotan (eta gehiago ere izan daiteke "garbiketa" honek jarraitzen badu).
Badago tresna bat erabiltzaile kontuak egiteko balio duena: Socialblade. Adibidez, gorago esan dugun Kutcherren kontuari aplikatuta...
https://socialblade.com/twitter/user/berria URL-a probatuz, Berriari zenbat ezabatu zaizkion ikus dezakegu:
500 pasatxo. AEBetan esaten duten %1 hori baino gutxiago.
Sustaturen jarraitzaileak, berriz... https://socialblade.com/twitter/user/sustatu bi bakarrik galdu ditugu. Norberaren garrantziaren arabera izango da hau :-)
..................
Irudia: Makeuseof.com.
Erantzun
Sartu