Teknologia albisteak
4

Twitter euskaraz uztailerako, ondo bidean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-06-20 : 17:06

Twitterreko blogean iragarri dutenez, aplikazioa euskaraz erabiltzeko aukera izango dugu uztailetik aurrera, ordurako itzulpen guztiak bukatuta badaude (une honetan %36 dago eginda). Itzulpen-lanetan ibilitako bolondresek dagoeneko euskaraz ikusten dute Twitter.


Argazkiak.org | Twitter, interfaze bat euskaraz © cc-by-sa: sustatu

Maiatzaren 17an iragarri genuenez, "Twitter euskaraz" kanpainak bere fruituak eman zituen eta sare sozial ezagunak bere interfazeak euskaratzeko aukera ireki zuen.

Gaur bertan bere blogean jakinarazi duenez, bere interfazea euskaraz erabili ahal izango da uztailaren 5etik aurrera, baldin eta ordurako itzulpen guztiak bukatuta badaude. Euskararen egoera berean daude beste 5 hizkuntza: katalana, ukraniera, greziera, txekiera eta afrikaansa.

Maiatzean itzulpenak egiteko aukera ireki zuen Twitterrek eta harrezkero tuiterlari euskaldun talde bat lanean aritu da. Bi dira itzuli beharreko testu-sortak:

  • Glosary delakoa (interfazearen izenburu nagusiak, erantzun laburrak eta abar). Dagoeneko %100 itzulita dago.
  • Twitter.com, webgunearen atal estatikoetako testuak. Kasu honetan %36 inguruan dago.

Azken asteotan, edozein tuiterlari sar zitekeen Twitter itzultzeko aplikazio pribatura. Aplikazio horri esker jakin dezakegu zeintzuk diren orain arteko proposamenak, zer dagoen itzulita, zer falta, aukera ezberdinen artean hautatu, eta abar.

Itzultzaile abilenen zerrenda ere ikus daiteke, eta hortxe daude, lehenengoen artean hurrengo bostak: Nahia Alkorta, totorika93, Hey_neken, Joana Garmendia eta @IkeAru.

Itzulpen lanean ari diren tuiterlariek dagoeneko euren interfazea euskaraz ikusteko aukera dute gaur goizetik aurrera.

Horri esker, orain artekoak zuzendu edo hobetzeko aukera handitzen da, zalantzazkoak argitzeko, falta direnak ikusteko, eta abar.


Argazkiak.org | Euskara, Twitterreko hizkuntza aukeran © cc-by-sa: sustatu

Hizkuntza berriak sarean uztailaren 5erako

Duela hilabete gehitutako 6 hizkuntzak (euskara, katalana, ukraniera, greziera, txekiera eta afrikaansa), beraz, uztailaren 5ean erabiltzen hasi ahalko gara. Hori bai, ordurako interfaze osoa itzulita badago.

Hala ez bada, hilero-hilero hizkuntza berriak gehitzen joango omen da Twitter, itzulpenak bukatu ahala.

Erantzunak

Goio Arana
2012-06-27 : 12:14

Txorrada bat http://pinterest.com/pin/268175352781638862/ nola leike euskarazko Twitter uztailera arte ez egotea eta logoak 3o urte izatea?

2012-06-28 : 20:00

Ona izan da hori @goioarana :-) nostalgia eragiten digu EITBko txoritxo zaharrak ezta?

2012-06-28 : 20:20

Gutxi falta zaizue dena euskaratzeko, animo!

2012-06-28 : 20:35

Dagoeneko %62 inguru doa, primeran! Gero eta itxura ederragoa dauka, dudarik gabe!!

Erantzun

Sartu