Teknologia albisteak
1

Twitterrek bere karaktere kopurua bikoiztu du (280), probetan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-09-27 : 10:30

140 karaktere gutxi ote diren, nahikoa ote diren; hobeto dela sintesia, edo zergatik mugatu behar den txiolarien jarioa... Etengabeko eztabaida, Twitter Twitter denetik. Bada Twitterrek erabaki du txio bakoitzaren karaktere-muga bikoiztea, probetan bada ere. Gaurtik aurrera, 280 karaktere idatzi ahalko dituzte zenbait txiolarik. Probetan, eta bakarrik hautatutako zenbait txiolarik, baina aldaketa sakona da 10 urte bete dituen sare sozial ezagunarentzat. Hain zuzen ere, 140 karaktere horien mugetan sortu eta hazi den txoritxoarentzat.

Orain arte zeharkako urratsak eman ditu Twitterrek txioen muga handitzeko. Horrela, 140 karaktereak zenbatzeko orduan irudiak eta txiolarien izenak kendu zituen kalkulutik duela hilabete batzuk. Hau da, txiolariek luzexeago idatzi zezaketen, elementu horien traba gaindituta, baina 140 karaktereen sintesiaren filosofiari eutsiz. 

Gaur gauean iragarritakoa askoz urrats handiagoa da, txioen luzera bikoiztu egin baitute goizetik gauera. Momentuz proba bat besterik ez da izango. Aukeratutako txiolari batzuen esku bakarrik egongo da 280 karaktereko txioak idaztearena. Hala ere, Twitterrek esan duenez, aldaketa hoberako izango omen da eta, ondo bidean, twitterlari guztientzat irekiko dute ezarpen berria.

Wireden azaldu dute Twitter sortu zenetik 140 karaktereen muga horrek izan duen bilakaera, 11 urte hauetan izan diren aldaketak, eta baita denbora tarte honetan izan diren zurrumurruak ere (besteak beste, 10.000 karaktereko txioak onartzeko prest zegoela Twitter 2015 inguruan).

280 karaktereak probatu ditzaketenak zeintzuk diren ez du esan Twitterrek. Gure inguruko kontuetan probatu eta ez dugu lortu horrelakorik. Euskaldunen bati ikusi dizkiogu, baina, dagoeneko, mezu luzeagoak. Hau, adibidez, Berriako kazetari Kristina Berasainen hau:

 

140 karaktereen muga historikoa... eta etorkizuna?

Nola aldatuko du Twitterren izaera eta erabiltzaileen txiokatzeko-modua? Hori da ikusgai dagoena. Beharbada, ez da ezertxo ere aldatuko. Izan ere, txioen %9 bakarrik iristen da 140 karaktereko mugara; txiorik gehienak 60 karakteretik beherakoak dira, eta txiorik ohikoenak 34 karakterekoak (ingelesezko txioen datuak). Hortaz, zertarako aldatu du Twitterrek 140 karaktereko muga historiko hori? Bada, ziur aski, gaur egungo erabilera aldatzeko baino, sare sozialari beste erabilera bat eta beste enfoke bat emateko. Ez dugu ahaztu behar, beste sare sozial batzuen hazkuntza etengabearen alboan (Facebook, Snapchat, Instagram,...), Twitterreko erabiltzaile aktiboen kopurua ez dela hazi azken hilabeteotan eta konpainia bidegurutze batean dagoela, eremu/erabiltzaile/erabilera berriak asmatu beharrean. 280 karaktereak izango ote dira irtenbidea? Ikusiko dugu! Izan ere, ez ote da 140 karaktereen sintesia Twitterren ezaugarri nagusia? 

Hona hemen Jack Dorsey, Twitterreko sortzailea, gai honen inguruko galderak erantzuten. 140 karaktereen mugan alderdi kontzeptual bat ere badagoela dio: Twitter arina eta bizia izan behar da, instantera lotua; eta, gainera, kreatibitate-sortzaile ere izan nahi du. Hitz guztiek esanahia eta balioa izan dezatela. Tira, 2015eko bideoa da. 2017an gauzak aldatzeko garaia dela pentsatu du bere konpainiak.

 

Irudiahttp://techliveinfo.com/

 

Erantzunak

2017-09-27 : 14:00

Dagoeneko asko dira 280ko muga berriaren aurka hitz egin duten guru, hedabide eta abarrak. Wired izan da argienetako bat bere iritzia azaltzeko orduan (https://www.wired.com/story/the-internet-does-not-want-longer-tweets/). Enrique Dansek ere ildo beretik jo du (https://www.enriquedans.com/2017/09/twitter-y-el-ratio-senalruido.html). Twitterlarien artean ere, ziztu bizian zabaldu da, adibidez, beste txio hau (https://twitter.com/brianrbarone/status/912788388150960130), non Jack Dorseyren iragarpeneko txioa (https://twitter.com/jack/status/912784057863245824) moldatu den, 280 karaktere horien premia eza grafikoki adieraziz. 140tik gorakoak, alferrikako "zarata" besterik ez dira izango, kasurik gehien-gehienetan. #280 bai ala ez? Segi traola Twitterren bertan: https://twitter.com/hashtag/280characters?src=hash.

Erantzun

Sartu