Atlantikaldia 2014an sortutako Errenteriako kultura topagune eta musika jaialdia da. "Aniztasunaren, sormenaren eta elkarlanaren festa" gisa definitzen dute antolatzaileek, eta prest da jada 2025eko edizioa, irailaren 18tik 21era gauzatuko dena.
Lau gune nagusi izango ditu jaialdiak: Lehendakari Agirre plazako Itsasargi Nagusia izango da agertoki nagusia; Herriko Plaza, hurbileko emanaldiak hartzeko eszenatokia; Kalekaia, Panier orubean, arte urbanoari eskainia; eta Herrixka, Foru plazan, jarduera parte-hartzaileetarako eta gastrogune gisa.
Ekintzetako batzuek izen-ematea daukate, eta epea irailaren 15a artekoa da. Bisita gidatu, Sukaldian, Emakumeen Etxeko DJing tailer eta paddle surf saioetan eman behar da izena.
Musikari dagokionez, Atlantikaldia, beste behin, nazioarteko eta tokiko artisten arteko topagune zabala izango da. Pambelé talde afro-kolonbiarra Euskal Herrian bizi den Laura Penagos kolonbiarrarekin batera ikusteko aukera izango da; Kataluniako Muchachito Bombo Infierno Pirata musikari errenteriarrarekin; Marokoko Aïta Mon Amour BihoTX txalapartariekin eta Portugalgo Kumpania Algazarra Mirua talde tolosarrarekin. Musika eskaintza, gainera, artista zerrenda luze batekin osatu dute, besteak beste, Jumelage, Eider, Ramon Mirabet, Anixe, Kiliki, Luke Armstrong, Aiert, Errenteriako Musika Banda, AimarZ edo Castazabal taldeekin.
Atlantikaldiaren bereizgarrietako bat da Sukaldian ekimena, gastronomiaren bidez jaialdiak kulturarteko topaketari egiten dion ekarpenik nabarmenena. Herriko elkarte gastronomikoetan herritarrek eta atzerritik etorritako komunitateek elkarrekin prestatuko dituzte hainbat herrialdetako errezetak: Maroko, Aljeria, Ganbia, Mexiko, Ukraina, Mongolia, Venezuela, Galizia eta ijito komunitatea izango dira aurten sukaldaritza prozesu horren protagonistak. Goizeko 10:00etan hasiko dira prestaketa-lanak Errenteriako elkarte gastronomikoetan.
Informazio gehiago: Atlantikaldia
Erantzun
Sartu