Gaur, irailak 27, 20 urte bete ditu Googlek. Larry Page eta Sergey Brin ikasleek sortu zuten 1998ko udazkenean. Ordura arte ezagutzen ziren bilatzaile ahul samarren ondoan, argia ekarri zuen Googlek amaraunera. Hasierako bilaketa-orri hura, Interneteko (eta munduko) enpresarik handienetakoa bilakatu da 20 urteko epean.
Enpresaren sortze-egun ofiziala irailaren 4an izan arren, irailaren 27an sareratu zen Google.com bilatzaile ezaguna. Horregatik, Googlek berak irailaren 27an ospatzen du bere urtebetetzea, gaur, alegia. Urteroko Doodle bereziarekin ospatuko dute, nola ez. Eta nazioarteko Doodle horren amaieran, eskertza mezua hainbat hizkuntzatan, baita euskaraz ere (irudia itsatsi dugu goian).
Ez zen izan sareko lehenengo bilatzailea, baina ordura arte zeuden bilatzaile apur eta kaskarren artean berehala nabarmendu zen Google, bere PageRank algoritmoetan oinarrituta, gainontzeko bilatzaileak baino askoz azkarragoa zelako eta askoz ere emaitza hobeak ematen zituelako. Une hartan hazi eta hazi ari zen webgune-amaraun anabasa hartan, argi emateko asmoarekin iritsi zen Google, bilaketak arintzeko eta doiago bihurtzeko. Horrela ari dira eurak ere aldarrikatzen azken egunotan, harrotasunez edo keriaz, #Searchis20 traolarekin: sareko bilaketak Googlerekin jaio ziren.
Esan bezala, Google 1998an sortu zuten Stanford unibertsitateko bi ikaslek, Larry Pagek eta Sergey Brinek. Konputazio Zientzietan doktoretzako ikasleak ziren garai hartan eta gaur egun lehendakaria eta teknologia alorreko presidentea dira, hurrenez hurren. Java eta Python lengoaietan garatutako BackRub bilatzaile batekin hasi zuten ibilbidea, gerora Google bilatzaile ezaguna izango zenaren ernamuina. http://google.stanford.edu helbidean instalatu ostean, 1997an erosi zuten Google.com domeinua eta 1998ko irailean sareratu zuten. Ondorengo bideoan azaltzen dituzte lehenengo urte haietako ibilerak Page eta Brin gazteek (2001eko elkarrizketa bat da):
20 urte ez dira ezer, diote. Baina Interneten historian... 20 urte historia osoa dira, ia-ia. Google jaio zen 90. hamarkada amaiera hartan zabaldu zen Interneta erabiltzaile arruntenen ordenagailuetara, modem kaskarren bidez bazen ere. Eta Googlek gure ondoan egin ditu 20 urte horiek, onerako edo txarrera. Izan ere, enpresak bere hasieratik landu du bere asmo "ona", enpresa irekia, gizateriaren onurarako lanean ari dena, produktu asko eta asko liberatu dituena (Android eta Chromium, adibidez), bere produktu guztiak doain banatuz eta abar. Do the right thing da konpainiaren leloa, eta lelo extraofiziala ere badaukate, are adierazgarriagoa: Don't be evil (ez izan gaiztoa). Garbi baitago "gaiztoak" zeintzuk diren (Apple eta Microsoft, bereziki, eta bigarren maila batean Amazon eta Facebook; askoz enpresa itxiagoak, Googleren filosofia ireki eta libretik urruti samar mugitu izan direnak).
Baina jakina, Googlek aspaldi utzi zion enpresa txikia izateari. Une honetan 85.000 langile inguru ditu eta urteko 75.000 milioiko irabaziak. Googleren produktuak dagoeneko ez dira aukera bat erabiltzaile askorentzat, derrigorrezko erreminta bat baizik. Googlek harrapatuta gauzka, gure emailak kontrolatzen ditu (Gmail), bideoak eta musika bere plataforman kontsumitzen ditugu (Youtube), mugikorreko argazkiak bere tripetan gordetzen ditugu (Google Photos), gure ibilera guztiak kontrolatzen ditu Google Mapsi esker, gure seme-alaben etxeko lanak Googleren zerbitzarietan gordetzen dira (Google Drive), gure webgunearen jarraipena egiteko Googleren produktuak erabiltzen dira sarri-sarri (Analytics, WebMasterTool, AdSense,...), herritarren mugikor gehienek (%82 inguru) Googleren plataforma erabiltzen dute (Android), eta gure Interneteko erabilera ia-ia guztia Googleren 2 tresnarekin egiten ditugu: Google bilatzailea eta Chrome nabigatzailea.
Google librea da, doakoa, sinpatikoa,... baina ez ote gaude erabat harrapatuta bere hatzaparretan? Monopolio salaketak ere izan ditu azkenaldian, hain da handia bere nagusitasuna sareko hainbat esparrutan. Orduan, garai bateko enpresa sinpatikoa izaten jarraitzen du Googlek?
..................
Argazkia: Internethistorypodcast.com.
Erantzun
Sartu