Teknologia albisteak

Chrome nabigatzaileak 10 urte bete ditu

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-09-05 : 08:40

Explorer eta Mozilla antigualekoekin hazitako belaunaldiak ez du ia sinetsiko, baina Chromek 10 urte bete ditu jada (eta Googlek berak 20!). Mugikorra eskuan hazi diren belaunaldi berriek, aldiz, ia-ia ez dute besterik ezagutu, Chromek erabateko nagusitasuna daukalako nabigatzaileen alorrean azken bospasei urteotan (une honetan merkatuaren %60 inguru). 2008ko iraila hasieran jaiotako nabigatzaile hark, beraz, 10 urte bete berri ditu. Gainera, berrikuntza txikiekin iritsi da Chromeren 10. urteurrena: itxura berria, forma eta ikono borobilduagoak, nabigatzaile are arinagoa eta sinpleagoa mugikorretan, pestañen antolaketa berria, eta beste hainbat aldaketa tekniko txiki. 

10 urte bete ditu Chromek. 2008ko iraila zen. Garai hartan bi nabigatzaileren esku zegoen merkatua: Explorer (%51) eta Firefox (%44); Operak eta Safarik %2a zuten, gutxi gora-behera. Orduan sortu zuen Googlek Chrome nabigatzailea, garai hartan berritzaileak ziren zenbait funtziorekin. Segurtasuna, azkartasuna eta erabilerraztasuna ziren bere gidalerro nagusiak (Internet Explorerri erruz falta zitzaizkionak). Hemen azpiko aurkezpen honekin eta komiki baten bidez egin zuten tresna berriaren zabalkunde ofiziala.

Hasiera batean Windowserako beta bat izan zen; 2009an etorri ziren Linux eta MacOs bertsioak. Appleren elementuak eta Mozillaren beste batzuk hartu zituen Googlek Chrome garatzeko; nabigatzaile berriaren iturri-kodea liberatu egin zuen Chromium proiektuaren bitartez. Chromeren ekarpenik handiena izan zen web-estandarrak zabaltzeko urrats sendoak eman zituela, Mozillarekin batera, garai batean Explorerrek sortzen zituen arazo amaigabeak betirako zokoratuz.  

Argitaratu eta hilabetera Opera eta Safariren gainetik jarri zen erabiltzaile kopuru aldetik. Bi urte eta erdi behar izan zituen Firefox gainditzeko, eta 2012rako munduko nabigatzailerik erabiliena zen. Harrezkero, bere hazkundeak ez du etenik izan, smartphoneen agerpenarekin indartu besterik ez da egin eta (monopolio salaketak ere izan ditu, hain da handia bere nagusitasuna).

Microsoftek eta Explorerrek zuten nagusitasunaren ondorioz sortu ziren garai bateko kezka eta arazoak. Googlek eta Chromek egun duten monopolio modukoak antzekoa ekarriko ote digu?

 

...........

Argazkia: Mashable.com.

Komikia: Google.

Erantzun

Sartu