Teknologia albisteak

4.300 milioiko isuna ezarri dio Europar Batasunak Googleri, monopolio-praktikak erabiltzearren

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-07-19 : 10:24

Europar Batasuneko Konpetentzia Batzordeak historiako isunik handiena ezarri dio Googleri: 4.300 milioi eurokoa da isuna. Europar Batasunak eman duen arrazoia da, Googleren Android sistema eragileak monopolioaren aurkako legeak hausten dituela. Batzordeak dio Googlek derrigortu egiten dituela telefonoen fabrikatzaileak Googleren aplikazio jakin batzuk preinstalatzera (Google Play, Google bilatzailea eta Chrome nabigatzailea), eta horrek Googleren monopolioa indartzen duela, telefono garatzaileak egoera babesgabean uzteaz gain. 

Asteburutik zetorren zurrumurrua eta atzo baieztatu zen. Europar Batasuneko Konpetentzia Batzordeak historiako isunik handiena ezarri dio Googleri, Androidekin duen jokaera desegokiarengatik. Batzordeburu Vestagerrek Twitterren ere azaldu zituen konpetentziaren arauak hausten dituen hiru jokaerak: 

  • Googlek derrigortu egiten ditu telefono fabrikatzaileak Googleren bilatzailea eta Chrome nabigatzailea instalatzera.
  • Googlek ordaindu egiten die telefono fabrikatzaileei ez dezaten beste bilatzailerik gehitu telefonoetan.
  • Googlek debekatu egiten die telefono fabrikatzaileei Android bertsio irekiak dituzten telefonoak saltzea.

Jokaera horiek oinarrizko konpetentzia-arauak hausten dituzte, Europar Batasunaren arabera, eta jokaera desegoki horien emaitza da Europako internautek egiten dituzten bilaketen %90a Google bilatzailean egitea, Googleren nagusitasuna ilegalki indartuz. Datu batzuk ere eman zituen Vestager komisarioak: Android erabiltzaileen %1ak bakarrik instalatzen du Google ez den beste bilatzaile bat, eta %10ak bakarrik Chrome ez den beste nabigatzaile bat.

Hau ez da Googlek jaso duen gisa honetako lehenengo zigorra. 2017ko ekainean 2.700 euroko isuna jaso zuen Google Shopping auzia izenez ezagutu zen hartan. 

Zigorra, gainera, ez da hor bukatzen

Isuna ekonomikoki oso handia den arren, eraginak are zabalagoak izan daitezke. Izan ere, Batzordeak 90 eguneko epea ematen dio Googleri jokaera desegoki horiek aldatu ditzan. Ez badu horrela egiten, atzeratzen den egun bakoitzeko isun gehigarria jarriko omen dio. Gainera, Batzordeak esan die enpresa eta herritarrei epaitegietara jo dezaketela kalte-ordainak eskatzera.

Googlek adierazi du helegitea jarriko diola Europar Batasunaren erabakiari, eta gaineratu du Android erabat doan eskaintzen diela telefono-fabrikatzaileei eta horri esker gero eta telefono merkeagoak eta hobeak daudela merkatuan, herritarren mesederako. Gainera, esan du Android telefonoek ez dutela mugatzen erabiltzaileen aukera edozein aplikazio jaitsi eta instalatzeko. 

Aditu batzuek ere arrazoia ematen diote Googleri auzi honetan. Konpetentzia legeak hausteko eta, ondorioz, isunak ezartzeko oinarrizko kalte bat frogatu behar da, izan fabrikatzaileei, izan erabiltzaileei. Eta, kasu honetan, zer kalte sortu zaie batzuei zein besteei? Ez al dute guztiek irabazi gailu merkeagoekin eta zerbitzu hobeekin?

Esan bezala, Googlek helegitea jarriko dio Europar Batasunaren erabakiari eta datozen hilabeteetan ikusiko dugu zer gertatzen den auzi potolo honetan. Izan ere, azken urteotan ezagutu ditugun Android telefonoen etorkizuna ezberdina izan baitaiteke erabakiaren arabera.

 

...................

Irudia: Timetravellerwiki.com

Erantzun

Sartu