Hala diote adituek: gaurkoa egun historikoa dela. Azken 45 urteotan espaziora bidali den espaziontzirik handiena espazioratuko dute gaur iluntzean Cañaveral Lurmuturretik (Florida, AEB). SpaceX enpresak diseinatu duen modelo berria da, Falcon Heavy izenekoa eta, bere potentziari esker, giltzarria bilaka daiteke gizakia Martera bidaltzeko asmoan. "Munduko espaziontzirik ahaltsuena" izendatu dute. Gaur, arratsaldeko 19.30etan, espazioratuko dute lehenengoz eta zuzenean ikusi ahalko da sarean.
Azken urteotan hotz samar zebilen "espazioaren konkista" moduan ezagutzen duguna, baina pizgarri berriak agertu dira azkenaldian. Ehunka exoplaneta aurkitu dira, ilargira turistak bidaltzeko proiektuak daude, gizakiak marte zapaldu dezake urte gutxi barru, eta 2069. urterako izarrarteko bidaiak iragarri dira.
Giro berri honen animatzaile nagusia Elon Musk diruduna izan da, Tesla eta SpaceX enpresen burua. Gaurko egunak ere bere sinadura dauka: "munduko espaziontzirik boteretsuena" espazioratuko dute gaur iluntzean. Egia esateko, proba bat besterik ez da, eta dagoeneko aurreratu digute ziurrenik txarto irtengo dela, "lurretik metro batzuk altxatzen bada, ni pozik", esan du Muskek berak. Hala ere, egia da gaur probatuko duten Falcon Heavy espaziontziak espazioaren konkista bizkortu dezakeela. Sekula espaziora bideratu den 2. ontzirik handiena da (1973ko Saturn V izan zen handiena), eta giltzarri bilaka daiteke gizakia Martera bidaltzeko bidean. Izan ere, Marten (edo ilargian) gizakiak bizi ahal izateko, derrigorrezkoa baita azpiegiturak, baliabideak, janaria eta beste hainbat tonatako materiala bidali ahal izatea. Eta gaur egungo espaziontzi arruntekin ezinezkoa da hori (edota oso garestia).
Ontzi honek 63.800 kg eraman ditzake lurraren orbitara (Falcon 9-ak, konparaziorako, 22.800 kg besterik ez). Eta 16.800 kg bidali ditzake Marteraino. Baita 3.500 kg Plutonera ere. Marten base bat eraiki ahal izateko, horrelako karga handiko ontziak beharko dira, nola ez. Gainera, askoz txikiagoak diren beste espaziontzi batzuk baino dezente merkeagoa da Falcon Heavy (90 milioi dolar "besterik ez").
NASAk ere iragarri du antzeko espaziontzi handiak eraikitzen hasiko dela; eta baita Jeff Bezosen Blue Origin ere. Momentuz, Elon Musken enpresak aurrera darama "lasterketa espazial" berri honetan. Errusiarrak vs. Iparramerikarrak lehiatu ziren aurreko mendeko 60. hamarkadan. Oraingoan, badirudi enpresa pribatu eta dirudun handien arteko lehia ikusiko dugula, ea nor urrunago eta azkarrago iritsi. Musk vs. Bezos.
Gaur iluntzean espazioratuko dute Falcon Heavy karga-ontzia. 1973an Saturno V ontzia aireratu zen leku beretik. Ondo bidean, 19.30etatik aurrera, ahal denean (eguraldiaren arabera). Euskal Herriko ordua da hori, gure iluntzean. Zuzenean ikusi ahalko da. Hemen, Youtuben bertan:
Hona hemen Falcon Heavy, iruditan.
Erantzun
Sartu