SpaceX espazio-agentzia pribatuak atzo iragarri zuenez, 2018an bi turista eraman nahi ditu ilargiraino (bertan lurrik hartu gabe, hori bai). Dagoeneko alderdi teknikoa oso aurreratuta omen dute eta bidaia egingo duten bi pertsona horiek ere laster hasiko omen dira entrenamenduak egiten.
Elon Musk aberatsaren espazio-agentzia pribatua da SpaceX. NASAri eta munduko beste agentzia publikoei aurre egin eta espazioa konkistatzeko urratsak ematen ari da azkenaldian. Sustatun bertan aipatu genuen duela urte eta erdi nola ari ziren lehenengo urratsak ematen, Jeff Bezosekin lehian, eta ondoren ere aipatu izan ditugu SpaceX espazio-ontziak egin dituen probak eta egin dituen aurrerapenak, guztia ere turistentzat antolatutako espazio-bidaiak antolatu aldera.
Bada, proiektuak jarraitzen du urrats handiak ematen eta atzo bertan iragarri zutenez, dagoeneko prest dute lehenengo espazio-bidaia. Izan ere, Elon Muskek aurreratu zuenez, 2018an bidali nahi dituzte lehenengo bi turistak ilargira. Ez dute ilargian bertan lurrik hartuko, baina sateliteari bira emango diote, ondoren etxera itzuli aurretik.
Bidaiarien izenik ez dute eman, baina dagoeneko bidaiaren zati handi bat ordainduta dute eta laster hasiko dira entrenamenduetan. Hala ere, NASAren interesari ateak irekita utzi dizkio Muskek, eta NASAri interesatuko balitzaio bidaia horretan parte hartzea, lehentasuna izango luketela esan du. Esan behar da NASAk ez duela bidaia tripulaturik bidali ilargira azken 30 urteotan. Bidaiariek Dragon2 izeneko kapsulan joango dira (goiko irudian), NASAren ekarpenei esker garatu dena.
Oraindik ere puntu ilun asko daude argitzeko eta "omen" asko ditu iragarpenak, baina ez da zalantzarik espazio-bidaiak garai berri batean sartu direla.
Erantzun
Sartu