Teknologia albisteak

219 exoplaneta berri aurkitu ditu Kepler teleskopioak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-06-21 : 13:54

NASAk jakinarazi duenez, 219 exoplaneta potentzial berri aurkitu ditu Kepler teleskopioak bere azken behaketetan. Horietako 10, gainera, lurraren oso antzekoak dira eta, horietako bat, lurraren oso-oso antzekoa omen da. Kepler teleskopioak 4.034 exoplaneta potentzial aurkitu ditu dagoeneko, horietako 50 inguru lurraren tankerakoak, solidoak eta bizidunak izateko aukera dutenak. Inork jarri dezake zalantzan, hor zehar planeta bizidun gehiago ez dagoenik?

Azken hilabeteetan detektatu diren exoplaneta hauekin, dagoeneko 4.023 exoplanetako katalogoa osatu du Kepler teleskopioak. Duela urte gutxi ez zen exoplaneta bakarra ezaguten; gaur egun milaka dira, horietako 50, gainera, lurraren traza handia daukatenak (neurrian, jasotzen duten argi kantitatean eta egituran), eta bizitza izateko aukera daukatenak. 

Oraindik galaxiaren zati nimiño bat besterik ez denez behatu, berehala datorkigu burura ondorengo galdera: zenbat milaka planeta egon daitezke gure galaxian bertan, lurraren antzekoak eta potentzialki bizitza izan dezaketenak? Ez bat edo bi, milaka eta milaka baizik. 

Zerrendara gehitu diren azkenengo planeten artean dago, esate baterako, lurraren antz handiena daukanetako bat, KOI 7711.01,. Lurraren antzeko tamaina dauka, eta eguzkiaren antzeko izar baten inguruan ari da biraka. Izar horretatik jasotzen duen argi kantitatea ere lurraren antzekoa da. Hala ere, ikerlariek aurreratu dute, zalantzak asko direla eta planeta horren atmosferaren datuak beharko lituzketela ondorio zehatzagoak ateratzeko. 

KOI 7711.01 exoplanetaren aurkikuntza, 4 urteko behaketa eta ikerketa erraldoi baten. fruituetako bat besterik ez da. Esan bezala, orotara, 4.034 exoplaneta potentzial aurkitu ditu dagoeneko Kepler teleskopioak eta horietako 2.335 dagoeneko konfirmatuta daude. Oso urte gutxian izugarri handitu da astronomoek exoplaneten inguruan daukaten jakintza, eta epe laburrean sekulako aurrerapausuak iragartzen dituzte zientziaren alor honetan.

 
 

Erantzun

Sartu