Teknologia albisteak

Izarrarteko lehenengo misioa 2069rako iragarri du NASAk

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-12-21 : 10:17

Ilargira makinatxo bat misio bideratu ditu gizakiak 1966. urteaz geroztik; Martera heltzeko asmoak ere dozenaka izan dira. Saturno edo Jupiter ere aztertu izan ditugu, baita planeta urrunagoak ere. Baina betiere gure eguzki sistema barruko misioak izan dira, sekula ere ez izarraterko misioak. NASAk jakinarazi duenez, 2069rako aurreikusten dute lehenengo misio interestelarra, eguzki sistematik irten eta Alpha Centauri izar sistemara iritsiko litzatekeena. Gizakia ilargira iritsi zeneko lehenengo mendeurrena beteko da 2069an. Berriz esan ahalko dugu, "urrats handia gizateriarentzat".

Proiektua hastapenetan besterik ez dago. Izenik ere ez dauka, xehetasunik ere ez dute eman, eta aurreikusten den teknologia ere oraindik ez du bere esku gizakiak. Hala ere, NASAk jaso berri duen inbertsio bati esker, lehenengo misio interestelarrean lanean hasi dira eta asmoa horixe da: 2069an Alpha Centaurirantz abiatuko litzatekeen espaziontzia bidaltzea. New Scientistek aurreratu zuen albistea atzo, eta berehala zabaldu da mundu osoan barrena.

Lehenago ere irten da gizakiak sortutako gailu bat eguzki sistematik, Voyager zunda hain zuzen ere, baina ez zen berariaz izarraterko misio bat, Voyagerren helburua eguzki sistema aztertzea izan baita (eta behin aztertuta, kanpo espazioan barneratu eta galduko dira). Kasu honetan, ordea, beste izar batera iristea da helburua, horretarako gaitasuna eta teknologia garatuz eta inplementatuz.

Oraingoz aurreratu duten gauza bakarretakoa data da: 2069. urtea. Urte sinbolikoa, ilargira iritsi zen Apolo XI misioak 100 urte beteko dituelako. Bidairen helmuga ere nahiko garbi omen dago. Inora joatekotan, Alpha Centaurirantz joko du gizakiak, bai ala bai, horixe delako gugandik gertuen dagoen izar sistema (sistema trinarioa, 3 izarrez osatutakoa: Alpha A, Alpha B eta Proxima Centauri). 

Gainditu beharreko oztopo nagusia distantziarena da. Espaziontzien abiadurarena, alegia. Izan ere, Alpha Centauri 4.3 argi-urteko distantziara dago (edo 1,3 parsec-era), eta gaur egungo teknologiarekin harainoko bidaia luzeegia litzateke. Asmoa da, argi-urtearen %10eko abiadura lortzea, oraindik teknikoki ezinezko den teknologia bati esker. Hala balitz, Alpha Centaurirako bidaia 43 urtekoa litzateke. Luzea, baina gizakion parametroetan onargarria. Horretarako, laser izpiden bidezko propultsioa irudikatzen hasi dira; teorian posiblea, baina praktikan oraindik lortu ez dena. Tira, 50 urte ditugu "arazotxo" hori gainditzeko.

Zer aurkituko du gizakiak Alpha Centaurin? Auskalo, baina jakin badakigu lurraren tamainako hainbat planeta egon daitezkeela izar sistema hartan (bat ziur konfirmatuta), eta bizitza izateko aukerak ere izan badirela. "Urrats handia gizateriarentzat". 

  

Erantzun

Sartu