Teknologia albisteak
1

Sustatu berrituan, edukia kargatu eta zuzenean argitaratuta ikusteko aukera

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-07-02 : 14:03

Joan den ostegunean berritu genuen Sustaturen azpiegitura teknikoa, 11 urteko sistema zaharrari erretiroa emanda. Software kontuez gain, parte hartu eta idazteko modua ere eraldatu da, eta horixe azalduko dizuegu orain. Orain, Sustatun eduki originala kargatzeko edo erantzunak gehitzeko, erregistratu beharra dago, baina, aldi berean, kargatzen duzuena zuzenean argitaratuta ikusteko modua ere badago. Erregistroa egin daiteke e-posta soilaren bidez, Twitterrekin, edo Facebook-ekin, edo hiru sistema hauek konbinatuz (sistema batekin eman alta, eta gero batu gainerako perfilak).

Sustatu: login berria

 E-postaz erregistratu direnek soilik, erantzunak eta artikuluak kargatu ahal izango dituzte, baina soilik erantzunak argitaratuko dira zuzenean. Artikuluak moderazio ilara batera igaroko dira. Dena den, e-postaz erregistratuz gero, "moderatu gabeko" egoera batera igaro zaitezke edozein unetan, kontu hori Twitter edo Facebook-ekin lotuz gero, eta halakorik eduki ezean, baita editoreei eskaera eginez kontaktu formulariotik.

Twitter edo/eta Facebook bidez erregistratuek ere erantzunak eta artikuluak kargatu ahal izango dituzte, eta guztiak zuzenean argitaratuko dira, baita artikuluak ere. Hala ere, argitaratutako artikuluak ez dira azalean zuzenean irtengo (hori moderatzaileek erabakiko dute), bai ordea Jarduna izeneko mezu-jarioan, eta bakoitzaren perfil orrian.

 Erabiltzailearen jarduna Sustatun

Horra, Mikel Lizarralderen perfilak duen itxurarekin egindako irudia.

Sustatuko azalera irtetekotan, moderatzaileek beretzat hartzen dute eskubidea artikulua editatu edo txukuntzeko. Erabilpen baldintzetan zehaztu dugu hau.

Erakunde baten izenean nola kargatu edukia

Talde edo erakunde jakin baten izenean ari bazarate, eta zeuon oharrak lehenbailehen argitaratuta ikusi nahi badituzue, gomendatzen dizuegu erregistroa egitea talde edo erakunde horren Twitter kontu ofiziala erabilita (ez baduzue Twitter konturik, sortu bat, ez dizue kalterik egingo). Erakunde baten perfila sortzeko modu egokiena, beraz, hauxe da:

1. Ziurtatu adibidez Zure Herri Taldearen twitterrean logeatuta zaudela.

2. Joan Sustatura eta konektatu Twitter bidez 

Hori da erakundeentzako bide zuzena. Pertsonek gauza bera bera lor dezakete Twitter zein Facebook bidez, baina oraindik Facebook-en ezin da lotu Page/Orrialde perfilekin (agian aurrerago).

Noski, erakunde batzuek perfil pertsonala ere badute Facebook-en, eta horiek FB bidez ere egin dezakete, baina ez da gomendagarria erakunde batentzat halako izatea Facebooken...

Beraz... hortxe dago. Egin aprobak, eta komentatu hemen bertan honi erantzunez. Eskerrik asko. 

Erantzunak

2012-07-06 : 10:29

Sustatu berritzeko prozesuaz Urtzi Odriozola gure enpresako informatikariak artikulua idatzi du gure blogean: http://www.codesyntax.com/eu/bloga/sustatu.com-eraberritzeko-esperientzia

Erantzun

Sartu