Pasa den astean Kike Amonarrizek emandako hitzaldiaren kronika egin dugu, eta hemen hitzaldian azaldutako kontu batzuk. Asteazkenean, hilak 26, Jone Miren Hernandezek 'Arnas-uneak; Gazteak eta euskararen momentua' hitzaldia eskainiko du. 19:00etatik aurrera, Alondegiko Oxford aretoan.
Irudiak: Zumaiako Euskara Zerbitzua.
Bideogilea: Baleike.
Pasa den asteazkenean, "Euskara, bestela ez gara" hitzaldi zikloaren bigarren edizioari hasiera emateko Kike Amonarriz izan zen Zumaian “XXI. mendeko euskaldunak; nola aldatu(ko) diren gauzak, kamarada” hitzaldia ematen. 60 lagunetik gora bildu ziren kultur etxeko aretoan eta entzuleak gustura eduki zituen hasieratik.
“Fase sozioekonomiko eta politiko berri baten atarian gaude, eta euskalgintza ere bidegurutze horretan dago”, esanez hasi zuen hitzaldia Amonarrizek.
Egoera berriak, hizkuntza ohitura berriak
Egoera berriek praktika soziolinguistika berriak sortzen ditu, eta hizkuntza egokitzen eta moldatzen joaten da.
Arau sozialak aldatuz doaz, eta horrek eragina du hizkeran ere. Adibidez; lehen sekula ez lieke seme-alabek gurasoei hika egingo baina gaur egun beharbada bai, gerta liteke gurasoek seme-alabak bultzatzea beraiekin hika egitera ere, seme-alabei hitanoa irakastearren.
Lurraldetasuna/eskuragarritasuna
Duela 30 urte lurraldetasunaz hitz egiten zen baina horrek orain zentzua galdu du hein batean eta eskuragarritasuna kontzeptu berria daukagu. Zer dago eskura euskaraz? Sarean ez dago lurralderik. Adibidea eman zuen: “Twitter atzo 32 hizkuntzatan zegoen eta horietako bat euskara” Twitterrek gainera, mundura zabaltzen gaitu, eta bide horretan, gazteen tendentzia sare sozialetan beste hizkuntzak ere erabiltzea da. Elebakartasuna/elebitasuna atzera gelditu den kontzeptua da, orain gazteek hiru edo lau hizkuntza erabiltzen dituzte, eta bakoitzetik behar duena erabiltzen dute.
Egungo egoera
Historian lehenengo aldiz, ez dago elebakarrik, euskalduna eta alfabetatua izatea gauza bera dira gazteen artean. 16-26 urte bitarteko gazte gehienek guraso erdaldunak dituzte (Europan kasu bakarra?). Historian lehenengoz daukagu euskara batua ere, eta errazago idazten da euskaraz hitz egin baino. Gazteen gehiengo zabalak euskaraz badaki eta noizbait, nonbait erabiltzen du, eskolan bakarrik bada ere. Egoera horren aurrean,
Botila erdi hutsa edo erdi betea?
Batzuk erdi hutsa ikusten dute besteek erdi betea, beste batzuek botila zulatuta dagoela… Kikek dio, geografikoki, demografikoki eta funtzionalki lehen baino hobeto gaudela baina, hala ere, ahulak garela. Egoera minorizatua izan arren, Hizkuntza komunitate aktibo eta dinamikoa daukagu. Beraz, botila honekin bizi beharko dugu urte askoan.
Gaur egun, hiztunen borondatea eta babesa izugarriak dira, eta herritarrek duten atxikimendua ere bai, horrek neurri batean biziraupena ziurtatzen du, kanpoko erasoak handiak ez badira, baina aurrerabidea ez. Horretarako ezinbestekoa da interbentzio politikoa.
Ura sototik sartzen zaigu, ez teilatutik
Azken urteotan ahalegin handia egin da euskara formalaren alde, eta erabileran ere hobekuntzarik handiena hortxe gertatu da; unibertsitatean, administrazioan… Baina gabeziak ditugu eguneroko egoera informaletan, haserretzen garenean, ligatzerakoan, familian, lagun artean… adierazkortasuna falta da, eta horrek euskaraz bizitzeko ezintasun handia dakar.
Nork ez du erabili noizbait euskañola?
Kontuan hartu behar da batzuen gaitasunak ez duela gehiagorako ematen, eta beraz, euskañolik ezean horiek gazteleraz egingo luketela. Gazteen artean talde nortasuna ematen duen zerbait ere izan liteke, moda kontu bat, gerora zuzentzen dena. Azken batean, Kikeren iritziz, beti erabili izan da euskañola. Orain beharbada dimentsio handia hartu du, baina jendea euskaraz ari da. Zenbat jendek utzi dio euskaraz egiteari ahoa zabaldu orduko zuzendu zaiolako?
Beraz, zer egin?
Alde batetik kontuz ibili behar dugu balorazioekin, egoerak oso diferenteak baitira. Gure ikuspegiak zabaldu behar ditugu dena ez da txuri edo beltz. Akatsak egiteari eta euskañolari beldurra galdu behar zaio, hiztun onenek ere erabili izan dute.
Kikeren ustez, gaiari buruz hitz egin behar da, egoerak esplizitatu, hizkuntzaren egoeraz hausnartu, soziolinguistika irakatsi eskoletan, “soziolinguistika inmersioa”. Harreman sareak sortu eta hedatu, euskarazko kultura eta produktuak sustatu, euskararekin jolastu eta gogoa piztu eta landu. Zumaia eta antzeko herri euskaldunen zeregina berriz, hemengo bizi-indarra esportatzea da, gazte hizkera, esamoldeak… irradiatzea eta beste lekuetara zabaltzea.
Eta jakina, hainbeste “baina” esateari utzi eta daukaguna baloratzeari garrantzia eman behar zaiola nabarmendu zuen, hitzaldi osoan erabilitako tonu positiboari eutsita.
Dagoeneko martxan den “Euskara, bestela ez gara” zikloaren bigarren hitzaldia izango da asteazken honetan, hilaren 27an, Zumaiako Alondegia kultur etxean, 19:00etatik aurrera.
Bertan, Jone Miren Hernandezek “Arnas-uneak; Gazteak eta euskararen momentua” izeneko hitzaldia emango du.
Berak gazteengan jarriko du fokua, izan ere, belaunaldi berriok euskarak azken hamarkadetan ezagutu duen garapenaren fruitu dira. Ibilbide luzea eta korapilatsua izan da, eta bertan hizkuntz politika, zein hizkuntz plangintza izan dira dinamizatzaile nagusiak. Horiekin batera, noski, gizarte mugimenduak eta hiztunak. Kemen eta indar handiko ekimenak gauzatu dira, energia asko inbertituz.
Egun, zein momentuan gaude? Euskarak egindako ibilbide honetan, zein unetan daude egungo gazteak? Zer jaso dute? Eta, zer eskaini diezaiokete euskararen etorkizunari? Galdera horiei erantzuten saiatuko da asteazkeneko hitzaldian.
Jone Miren Hernandez (Lasarte-Oria 1970) kazetaritzan eta soziologian lizentziaduna, EHUn doktorea eta, gizarte antropologiako irakaslea. Hainbat ikerketa egin ditu, doktore tesia euskararen komunitateari buruz egin zuen eta bertsolaritza ere aztertu du generoaren ikuspuntutik.
Irudipena daukat azken boladan zuzenketa, oro har, deabrutzeko grina sartu zaigula, eta uste dut hori ere ez dela ona, hizkuntza guztiek baitituzte beren zuzenketa-mekanismo espontaneoak, eta euskarak ere toki bat izan behar du horretarako. Bistan denez, noiz, noren aurrean eta nola zuzendu jakin behar da eta, alde horretatik, etxea eta eskola, adibidez, zuzenketa-espazio naturalak direla iruditzen zait, berez eta izatez.
Ez dakit inoiz gertatu zaizuen… Senide edo lagunarteko bilkura handi samar batean zaude, eta, halako batean, erdaraz ari dela, ume batek “...rompido” bat bota du. “ROTO!” entzuten dira bospasei guraso, koinatu edo lehengusinen eztarri, aho batez, kutxilloak bezala. Aldiz, antzeko beste egoera batean, baina umeak euskaraz ari direla, “zer egiten dugu?” entzuten duzularik, pentsatu gabe atera zaizu, zuri bakarrik, automatikoki: “EGINGO!”. Eta bospasei guraso, koinata edo lehenegusuren begirada asesinoak sentitzen dituzu iltzatuta: “Yastamos! Euskaltzaindiko zuzentzailea!” Eta orduan Santi Ororostormen koinatarekin akordatzen zara…