Apostuen merkatuak zaintzen dituen webgune baten arabera (Semafor), Espainiako gizonezkoen futboleko Lehen Mailako Ligan maila galtzekotan zen futbol talde batek dirutza bat jarri zuen jokoan, maila galdu zuelakoaren alde apostu eginez. Teknologia gaietan aditu espainiarra den Antonio Ortizen arabera, Osasuna izan daiteke talde hori. Osasunak mailari eutsi zion eta hortaz, apostua galdu egin zuten (!), baina ez zen hori koxka, baizik eta galduz gero, Bigarren Mailara jaitsita, jasan zezaketen diru-galera handiagoa estaltzeko mugimendua zen. Polymarket bezalako webgune batean gertatu zen jokaldia: Kalshin.
Semafor agerkariaren webgunea ordainpekoa da (albiste horri dagokionez), baina beste webgune honetan kopiatu dute muina, iruditu zaigunez.
Apostua Kalshi.com webgunean gertatu zen, Hego Euskal Herritik ezin erabil daitekeen joko-webgune batean. Kalshiren funtzionamendua Polymarket-ena bezalakoa da, eta hori azaldu genuen Sustatun: apostuak egin, baina ez bakarrik kirol emaitza eta halakoekin, baizik eta edozein gertarkarirekin, baita gerra bat noiz hasiko den, lider politiko bat kenduko duten ala ez... Apostuak, teknologia eta geopolitika modu arriskutsuan nahastuta.
Espainiako Ligako albisteari dagokionez, taldeak berak jarri zuen apostua, baietz jaitsi, eta diru kantitate jakin bat jokatu. Semaforren albistearen arabera, lehiako azken partida doi-doi eutsi zion taldeari 1-0 galduta, eta horrela Lehen Mailari eutsi zion talde bakarra egon zen: Osasuna, azken unera arte larri ibili zena. Horixe nabarmendu du kasuari erreparatu dion Antonio Ortizek (duela gutxi Donostian izana dugu AA mintegi batean).
Osasunak dirua galdu zuen, baina konpentsatuko zaio Lehen Mailan jarraituta. Bigarren Mailara jaitsita, galera estrukturalak larriak izango ziren (telebista eskubideak eta abar), baina apostuarekin dirua irabaziko zuen.
Nonbait, Osasunaren apostuari beste aldetik eutsi ziona inbertsio-funts bat izan zen, Susquehanna izeneko nazioarteko enpresa marrazo moduko bat. Semaforren albistearen arabera milioi bat dolar pasa irabaziko zuten.
Albisteak dio halaber gertaturikoa legala dela. Bizitza edo istripu aseguru baten parekoa dela apostuak horrela egitea... Auskalo, bitartean, kontuan izan, Kalshi debekatua dago Iruñean, Osasunaren egoitzan.
Erantzun
Sartu