Teknologia albisteak

Gaztetxoen mugikorren erabilera masiboa da, baina moderazio gogo eta zantzuak nabari dira

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 09:20

Unicef España erakundeak 'Haurrak, nerabeak eta ongizate digitala' izeneko txostena garatu du, zeinean beste batzuen artean EHUko talde batek hartu duen parte, EAEko 10 eta 20 urte bitarteko 7.000 gazte inguru kontsultatuta. Beste datu batzuen artean, laburpen azkar bat: Lehen mugikorra 11 urterekin iristen da pre-nerabe eta nerabe horien eskuetara, eta pornoa 12 urterekin (3 kasutik batean ustekabean).

Era berean,10-20 urte arteko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gaztetxoen %93 dago sare sozialen batean. Horietarik %77,7 hiru edo gehiagotan dago. Sarbidea ere goiztiarra da sare hauetan: 13 urtetik beherakoen %73,7 sare sozialetan dabil. Gainera gaztetxo hauetariko asko profil bat baino gehiago daukate, bat "zuria" gurasoek ikusi ahal izan dezaten, eta beste bat ezkutuan.

Erabilpen orduen aldetik, %7.1k astegunetan 5 ordu baino gehiago egoten da pantailetara begira, eta asteburuetan bikoiztu baino gehiago egiten da portzentaia ghori (%16). EAEko haur eta nerabee horien % 95,2k mugikor propioa dute (2021eko datu bera da).

Ikerketak 2021eko beste azterketa bat hartzen du erreferentziatzat, eta behintzat parametro batzuetan osasun digitalerako ohitura batzuk hobetu egin dira nolabait. Adibidez, gailua logelan edukita lo egiteko ohiturak (egunero edo ia egunero) beherakada nabarmena izan du, % 55,3tik % 39ra igarota. Era berean, sare sozialetan izena emanda dutenen kopurua pixka bat jaitsi da (% 98,8tik % 93ra), eta plataforma berean profil bat baino gehiago izatea % 62,5etik % 50,9ra igaro da (ikus goiko grafikoa). Kontzientziazio maila bat ere badago: gazteen erdiak baino gehiagok onartzen du neke digitala sentitzen dutela, eta esaten dute deskonexio digitalerako beharra badutela,

Azterketak beste faktore batzuk ere aztertu ditu: jazarpena eta indarkeria digitala, eta bideojokoen erabilera ere bai. Datu horiek eta grafikoak ondo azalduta EITBren Orain.eus agerkarian. Bertatik hartu dugu goiko grafikoaren irudia.

Erantzun

Sartu