German Coppiniren heriotza dela-eta, galiziar bati irakurri diot: Celta edo Deportivo-ren zalea zaren moduan, Siniestro Total edo Golpes Bajos, bietako batena izan zintezkeen, inola ere ez biena. Eta pentsatzen jarri naiz, ze zaletasun antagoniko daude gure artean? Futbolean nahiz politikan errazak dira halako aurkaritzak, baina kulturan ez hainbeste.
Ezagutu nuen emakume adineko bat, bera etxetik atera ezin eta alabari kafea ekartzeko agintzen ziona. Alabak behin aurpegiratu zion drogazale hutsa zela, kafea ere droga delako, eta amaren erantzuna: "Nola izango dun kafea droga? Ni, kafea hartzen dudanean, primeran nagon, eta kaferik hartzen ez badut, oso txarto". Hau irakurriz oroitu dut pasadizoa: http://eibar.org/blogak/orakulua/kafe-adikto-bat-naiz
Kanpoan bizi den idazle eta ikerlari batekin izan naiz gaur bazkaltzen; azkenaldiko gure kulturako berritasun, eztabaida eta abarren albistea ematen aritu natzaio, besteak beste. Garai batean, liburu hau eta beste hura aipatuko nion. Gaur (etxerakoan ohartu naiz), sareko erreferentziak ematen aritu naiz, batez ere.
Baditut urteak, eta gogoan dut, orain dela 30 bat urte, Espainian abortua legeztatu aurretik, telebistan izan ziren eztabaida sonatu batzuk. Abortua zigortzearen alde, Ruiz Gallardón, oraingo ministroaren aita zena, eta Isabel Tocino PPkoa; zigorgabetzearen alde, Cristina Almeida abokatua eta Javier Sádaba filosofoa. Aitita bat ematen dut halakoak gogoratzen baina, nork esango zuen…
Nafarroan hauteskundeak orain egingo balira, hauexek emaitzak, nafar barometroaren arabera: UPN 14, EHB 11-12, GB 10-11, PSN 8-9, I-E 5, PP 2, UPD 1. Inkesta hori beteko balitz, gobernu alternatiboa posible litzateke: EHB-GB-IE. Baina GBk eta IEk nahiago izan dezakete PSNrekin elkartu, gobernu minoritarioa izanda ere, jakinik EHBk ez duela UPN-PP-UPDrekin bat egingo haren kontra. Dena dela, urte eta erdi falta da.
Campofríoren kanpaina kutrea dela (nazionalista, negarti, sentimentala) bat gatoz denok http://www.youtube.com/watch?v=kfh-P7-tV70 baina bazuten beste iragarki bat hobea: Luis Bárcenas agertzen zen, harro, txorixoa jaten, eta hau zen leloa: "No seas menos. De lo que se come se cría". Badirudi PPren presioak eginarazi ziola atzera konpainiari.
Kataluniako galdera bikoitza lerdokeria bat iruditu zait hasieran, baina, pentsatzen jarrita, badu abantailarik. ICVko federalistak batzea, batetik, eta independista ez direnen botoak zatitzea, bestetik. Bai/Bai independentzia litzateke. Ez/Ez Espainia. Bai/Ez federalismoa (Espainiarekin negoziatzen jarraitzeko).