Teknologia albisteak

Alpeetatik Côte Basquera

Erabiltzailearen aurpegia
xme
2009-09-19 : 16:09

Larunbat goizean, Zinemaldiko sail ofizialean, film espainiar eta frantziar bana ikusi dugu, biak ere interesgarriak arrazoi desberdinengatik. Batetik Fernando Truebaren "El baile de la Victoria", Antonio Skármetaren eleberri batean oinarritua eta Txilen girotua, eta bestetik François Ozon-en "Le refuge", bere zati handienean Lapurdiko itsasertzean filmatua.

Trailer el Baile de La Victoria from estudiomariscal on Vimeo.

Truebak ondo erakutsia du zuzendari-ofizioa hainbat filmetan; aspaldi fikziorik sortu gabe eta orain itzuli da, istorio hunkigarri batekin: Txilen gaude, diktadura amaitu berria da (baina ez guztiz), amnistia partzial bat eman dute eta horri esker utzi dute kartzela, besteak beste, Angelek eta Santiagok. Santiago (Ricardo Darín ) banku-lapur mitikoa da; Angel (Abel Ayala ), berriz, gaxte lotsabako eta sinpatikoa. Angelek kolpe handi baterako plana dauka, eta horretarako Santiagoren partaidetza behar du, baina banku-lapur ohiak bere emaztea eta semea errekuperatu eta lasai bizi beste asmorik ez du, erraza gertatuko ez zaion plana. Angelek, bestalde, neska bat ezagutu du, Victoria, iragan traumatikoa duen dantzari misteriotsua.

Hortik aurrera, hainbat hari eta osagai ditu filmak, hemen aletuko ez ditugunak. Guztietan ere airoso dabil zuzendaria, eta badirudi generoen nahasketarako bere zaletasuna edo bertsatilitatea erakutsi nahi izan digula: gazteen maitasun-istorioan, mundua deskubritzen ari direnen freskotasun eta xalotasuna transmititzen digu, erromantikotasun gozo eta ederrez; bikote helduaren harreman gaiztotuan, bueltan datozenen sentimendu arre eta erreak; horrez gain, thriller bat ere badugu (beste harien aldean ahultxo eta sinesgarritasunean eskas geratzen dena, nire iritziz), eta western ukituak ere bai, Andeetako basanaturaren irudi ederrak eskaintzen dizkigunean.

Trebezia eta ezagutza ukatu gabe, hunkitze puntu bat aitortuta ere, susmoa daukat Truebak ez duela maisu-lana lortu: anbizio gehiegiz akaso, "déjà vu" sentipen bat dauka ikusleak tarteka, eta istorioa gehiegi luzatzen den sentipena. Hala ere, aintzat hartzeko filma dudarik gabe, nahiz Donostian lehiaketatik kanpo erakutsi zaigun.

Amatasunaren magia

Ozon ere zuzendari ezagun eta esperientziaduna da, baina istorio handi bat filmatzera jo ordez, xumeagoa dirudi bere xedeak. Louis, familia aberatseko paristar jonkia, heroinaren gaindosiaz hil da; bere neska-lagun Mousse ere (Isabelle Carré) koman geratu da, baina hortik irten eta orduan esango diote haurdun dagoela. Abortatzeko presioei muzin eginda, haurra izatea erabakitzen du, mutilaren oroigarri gisa-edo, eta Paristik Lapurdiko Getariara dator, babesleku bila. Hara azalduko zaio hilabete batzuk geroago hildakoaren anaia Paul (Louis-Ronan Choisy), eta hortik aurrera... ez dugu besterik kontatuko.

Amatasunaren inguruko bere kezkak edo obsesioak erakutsi nahi izan dizkigu zuzendariak, nonbait: denek nahi dute haurduna abordatu, ukitu, laztandu... Sabel betearen fisikotasun horrek leku inportantea du filmean, baina esango nuke ikusle gehienei aski errepikakorra gertatuko zaiela, obsesio berak itsutu ez baditu. Ekintza gutxi du istorioak, eta daudenak hutsal samarrak; soberako elkarrizketarik gabe, Mousse-ren lehen planoek hartzen dute protagonismoa hainbat aldiz, baina, zer nahi duzue, Isabelle Carréren begirada niri behintzat ez zait iruditu hain sujerikor eta esanguratsua, kontrakoa baizik.

Gure paisaiaren ikuspegiei begira kontsolatu behar...

Erantzun

Sartu