Aski kementsu ekin bazion ere, azken aldera indarra galduz doa Zinemaldiko sail ofiziala, gaur erakutsi dizkiguten biak behintzat ez dira zinematografiaren historiara pasako: batetik La mujer sin piano (Pianorik gabeko emakumea) Javier Rebollo espainiarraren itxuragabekeria jasanezina, eta bestetik 11'e 10 kala (10 to 11 edo Hamaikak hamar gutxi) Pelim Esmer turkiarraren bitxikeria, ondo hasi arren bidean galtzen dena.
Maruja hitz gutxiesgarria erabili ohi da, gaztelaniaz, etxekoandrea izendatzeko. "La mujer sin piano" honetan ere maruja bat dugu protagonista, Rosa, Carmen Machi telebistako aktore ezagunak gorpuztua (telesailetako rol histrionikoen aldean, interpretazio doi eta eutsia egiten du, eta gaitz erdi); berrogeita piko urte, senarra taxista, berak depilazio elektrikoak egiten ditu etxean, saiheskiak deskonjelatu eta gisatua prestatzen duen bitartean. Argi daukagu, lehenengo minututik, bizitza gogaikarria eta hutsa dela emakume honena. Eta hustasun hori bere luzean eta sakonean azaltzeko, egun oso bat kontatzen zaigu, ezer berezirik gertatu gabe, eta ondorengo gau osoa ere bai: gauan, zorionez, abenturatxo bat daukagu, emakumeak maleta hartu eta ihes egiten baitu, isilka. Bidean langile poloniar bat topatuko du, Radek (Jan Budar txekiarrak jokatua) eta biak batera ibiliko dira, Madrid La Nuit-en barrena.
Bizitzaren aspergarria, hutsala eta zentzugabea erakutsi nahi izatea interesgarria izan liteke, existentzialismoaz gero azken 60 urtean askotan egin izan den arren. Baina horretarako film aspergarri, hutsal eta zentzugabe bat egitea ez dakit ba onargarria den, kontuan hartuta zinema jostailu garestitxoa dela halako kutixietarako. Zuzendari berak bere lehen filma, "Lo que sé de Lola" sufriezina, Zinemaldi honetan eskaini zuen 2006an, eta gauza bera gertatu da 2.arekin. Nik ez dakit 3. filmik egingo duen baina, baiezkoan, Zinemaldi honetara ez ekartzea espero dut; eta deskuidoan ekartzen badute, garbi daukat ni behintzat ez naizela joango ikustera.
Bildumazale sutsua da Mithat (Mithat Esmer), etxe osoa egunkariz eta bestelako gauzaz mukuru beterik duena, bizitza osoan eskuratu eta gorde dituenak. Haren bizilagunek, berriz, eraikina hustu eta bota egin nahi dute, lurrikaren arriskuagatik diotenez, baina diruak tentaturik egiazki. Agureak Ali atezaina (Nejat Isler) hartuko du laguntzaile, eta pertsonaia bitxi hauen arteko harremanak bideratuko du filmaren garapena.
Denboraren joanari aurre egiteko modu bat izan liteke kolekzionismoa, unibertsoaren kaosa mendean edukitzeko sistema, eta pasio horren sakona ederki adierazten zaigu, teoria-beharrik gabe, Mithat-en bitartez. Aldiz, atezainaren paperak ez du aski nortasunik lortzen eta ez da benetako dialektikarik sortzen, nire ustetan behintzat. Bilduma batek bere lekuan duen edertasun magikotik zakarretara botatakoan bihurtzen den anabasara bezalako bidaia egiten dugu, beraz, Bosforo ertzeko kalexka iskanbilatsu eta etxe-barne itzaltsuetako irudi ederren artean.
Erantzun
Sartu