Goienako hedabideak beharrezkoak edo oso beharrezkoak dira debagoiendarren %97,8rendako eta pluralak dira, hau da, ez daude ideologia edo indar ekonomiko jakin bati lerrokatuta, %72aren ustez. Horiek, Aztiker soziologia enpresak 800 debagoiendarri egin dien inkestaren emaitzarik esanguratsuenak dira.
2012ko urtarrilaren 26tik otsailaren 10era egin zizkieten inkestak, 15 eta 54 urte bitarteko Debagoieneko herrietako biztanleei; 800 laguni, hain justu ere.
Aztikerren azterketaren ondorio nagusiak hauek dira:
Goiena paperekoa da Goienako hedabiderik ezagun eta erabiliena; Goienako hedabiderik erreferentzialena eta jarraitzaile gehien dituena ere bada.
Goienako hedabideen artean paperekoa da nagusi. Debagoiendar guztiek (%99,5ek, zehazki) ezagutzen dute Goiena paperekoa. Eta, horien artetik, gehiengo handi batek (%91,5ek) aitortu du inoiz irakurri edo begiratu duela.
Inkestatuen artean, bost irakurletik lauk, azken astean irakurri dutela erantzun dute (%82,3). Batez beste, 23 minutu eman dituzte Goiena paperekoa irakurtzen. Hori Debagoieneko herritar guztietara ekarriz, ondorioa da Debagoieneko herritar guztien %73,6k irakurtzen duela astero Goiena paperekoa, hau da, 25.000 lagunek. Horrek bihurtzen du, askogatik, hedabiderik irakurriena Debagoienean, gainerako euskarrietatik urrun.
Zertxobait ezagunagoa da gazteen artean helduen artean baino, halere, gehien irakurtzen dutenak 26-35 urte bitartekoak dira.
Herrika, aldizkariak gehien sartzea lortzen duen herria Bergara da: herritarren %77,1; ondoren, Oñati (%73,4), Aretxabaleta (%71,6) eta Arrasate (%69,5).
Herriko gertaerak, informazio gertukoena da gehien baloratzen dena Goienako hedabideetan eta, bereziki, paperekoan; norberaren herrikoa.
Goiena.net, Debagoieneko Interneteko ataria, debagoiendarren erdiak (%48,7) ezagutzen du. Datu esanguratsua da, Goienaren hedabiderik gazteena dela kontuan izanda. 2004an sortu zen. Baina aukerak zabaltzen zaizkio Goienari bere Interneteko ataria ezagutzen ez dutenak bereganatzeko, populazioaren beste erdiak ez duelako ezagutzen.
Goiena.net ezagutzen dutela esan dutenen artean, %79,5ek diote inoiz bisitatu dutela eta %19k bezperan bisitatu zutela. Batez beste, 15 minutu eman zuten bertan nabigatzen.
Gazteen artean da, bereziki, bisitatua Goiena.net: %62,8k ezagutzen du; helduen artean, %37,5ek.
Herrika, Oñatin du, bereziki, sarbidea Goiena.net-ek: %8,1; ondoren, Arrasaten (%6,8) eta Bergaran (%6,7), eta ondoren, Aretxabaletan: %5,5.
Inkestatuen artean, balorazio positiboa egiten dute erabiltzaileek Goiena.net-i buruz: nota, 7,4koa da, 0tik 10ekora bitartean.
Eta bisitatu duten ia guztiek gustuko dute ataria (%96,6).
Debagoieneko telebista hamar inkestatuetatik bederatzik ezagutzen dute. Eta, ezagutzen dutenen bostetik lauk (%81,4) telebista kate hori noizbait ikusi dutela diote. Herritarren %14,2ak bezperan ikusi duela dio eta, batez beste, 24 minutu eman ditu ikusi eta entzuten.
Aretxabaleta da Goiena telebista gehien ikusten den herria (%19,3). Ondoren, Oñati (%17,2), Arrasate (%7,3) eta Bergara (%6,6).
ZORIONAK @goiena! Segi horrela!