Aspalditik erabiltzen dut software askea ahal dudan gailu eta ingurune guztietan eta ados nago Dabid Martinezek idatzitako honekin: "Momentu ezin hobea da software librera jauzia egiteko". Hala ere, dena ez da doako autobidea eta nire esperientzia kontatu nahiko nuke. Zergatik hautatu dudan Linux sistema eragilea eta zer konturengatik borrokatu behar izaten dudan oraindik ere behin eta berriz berdinagatik.
Urteak dira lehenengo ordenagailua etxera iritsi zela, berandutxo nire gusturako. Esan beharrik ez dago Windows 95 sistema eragilea instalatuta zekarrela eta inork ezer zalantzan jarri gabe, natural sartu zitzaigula. Ofimatika gama osoa eskolako lanak egin eta praktikan jartzeko eta bideojokoekin erabat asebetetzen zituen gure espektatibak. Mundu horretan oso berriak ginen denok eta genituen trabak gehiago ziren ezagutza faltarenak, softwareak eskeintzen zituen mugenak baino.
Pixkanaka ordea, eta nire informatikarako interesak handitu ahala etxeko eta baita familiako informatikaria bilakatu nintzenen. Ez nintzen "Hacker" bat baina ordenagailuaren kudeaketan ongi moldatzen nintzen eta arazo larriren bat bazegoen aise formateatu eta garbitzen nituen. Horrela pasa nituen zenbait urte, familia osoari aholkularitza eta laguntza teknikoa eskainiz.
- Semeari ordenagailu bat erosi behar diot eta zein gomendatuko zenidake?
- Urtzi, gure etxeko portatila gaizki dabil, zer gertatzen zaio?
- Aurrekoan antibirusak 28 birus ezberdin detektatu zizkidan eta ezabatu dizkidala esan arren, berrabiaraztean berriz agertzen zaizkit. Konpontzerik baduzu?
Nola ez, eskaera guztien ondorengo "baina lasai eh, denborarik ez baduzu joango naiz herriko informatika dendara eta galdetuko dut bertan". Zortea banuen, bateren batek diru pixka bat ere ematen zidan zerbaitetan gastatzeko. Eta bestela amaren aholkua: "Gaur zuk egin faborea eta horrela hurrena beraiek itzuliko dizute".
Unibertsitatera iritsi nintzenean egin nuen topo lehen aldiz Linux sistema eragile batekin, pentsa! Ubuntu 5.04 (Hoary Hedgehog) izango zen eta oker ez banago gainera nire koadrilako baten anaia eta aurretik gure euskarako irakasle izan zen @27zapata-ri ikusi nion SKT Sekuentzia-ren entsegu batean. Bere portatilean instalatuta zeukan software askearen filosofia azaldu zidanekoa dut gogoan. Hor ere irakasle fin Imanol, mila esker!
Ez zen erraza izan ordea Ubuntura egokitzea. Teknikoki maila oso altua eskatzen zuen instalazio sinpleenak egiteko ere eta maiz instalatu nahi nituen gailuek ez zuten "Linuxerako balio". Sarean bilaketak egiten ikasi nuen eta software ez ofizialek ematen zizkidaten konponbide korapilatsuak probatu eta erabili behar izan nituen. Ez ziren ez erabiltzaile arrunt batentzako moduko abenturak! Gorroto eta inpotentzia momentuetan berriz ere Windows eragilearen erraztasunera pasatzen nintzen.
Ubuntu 8.04 edo izango zen (2008ko apirila) erabaki sendoa hartu nueneko urtea. Ordurako nazka nazka eginda nengoen ordenagailuak formateatzeaz (etxekoa 4 bat bider urtean gutxigora behera) eta Ubunturen filosofia eta garapena ikusita "diktadura teknologikoa" ezarri nuen nire etxean. Erresistentzia handia izan nuen, batez ere anaiarengadik joko ia denak Windowsen bakarrik funtzionatzen zutelako. Denborak hala ere arrazoia eman dit eta jokoetako partida batzuk galtzeak Windows konponketako denbora asko aurreztu dit. Anaiak berak ere onarpena eman zion eta onurak ikusi dizkio, ez da gutxi!
Funtsean, Windows bezalako sistema itxiek ez dizutelako aukerarik ematen zuk erosi duzun softwarearen gainean aldaketak egin eta konpontzeko. Eta eskaintzen dituzten partxeak oso maiztasun gutxirekin ateratzen baitituzte eta gainera ordainpekoak izaten dira (edo ziren, lehen behintzat). Munduan zabalduena den sistema eragilea da eta erasotzaileen jo puntu nagusia. Windows sistema eragileak "lehertzeko" prestatuta dauden birus, troiako zaldi etabar nahi gaina eta gehiago daude... Windows sistema eragilearen akatsak aztertu eta esplotatzen dituztenak oparitzeko adina daude munduan.
Linux sistemetan aldiz, astero eskaintzen dizkizute eguneraketak doainik. Zuk zeuk pertsonalizatu eta konpondu dezakezu bestela (sarean informazio piloa dago). Eta horrek, antibirusik instalatu beharrik ez izatea esan nahi du. Akats larriren bat dagoen aldiro ordu gutxiren buruan eguneratu ahal izateko aukera ematen baitizute, berau aprobetxatu nahi duenari ezer garatzeko denbora eman baino lehen. Bestalde, softwarea zuk zeuk pertsonalizatzeko aukera izate horrek, softwarea euskaratu ahal izatea ere esan nahi du. Softwarea guztiona, euskaraz eta kalitatezkoa izateko bermea da. Librezalekoei galdetu!
Kontrako aldera berriz, informatika industriaren erresistentzia, diru-gose, beldur eta topikoak daude... Jakinduria itxi eta zabaldu beharrean bakoitzarentzat gorde behar hori. Itxikeria horrek sortzen duen monopoliora egokitu beharra urteak joan eta urteak etorri. Horrek, sistema endogenoak sortzen ditu eta zure eguneroko lanerako Windows edo Mac bezalako sistema itxien beharra izatea sortzen du.
Urteak pasa dira ingenieritza informatikoko karrera amaitu nuenetik eta software libreak egin du bere bidea. Ubuntu sistemek asko erraztu dute amaierako erabiltzailearen esperientzia. Mahaigainaren itxuran, programak instalatzeko erraztasunean eta sistema eragile honetarako programen biderkatzean asko hobetu da. Guk zorionez CodeSyntax enpresan, software librearen aldeko hautu sendoa hartuta daukagu eta lanean ere sistema horietan lan egiten dut. Software askeak ez baitu zuzenean doako esan nahi! Softwarea askea eta doakoa izanagatik, berau eskaintzeko zerbitzuetatik negozioa egin baitaiteke. Windows zer den ere ahazten ari zait!
Baina oraindik ere aldaketarako aurkitzen dudan erresistentzia nagusia da, dudarik gabe. Betiko leloaren betiko leloa:
@urtzai Hi there kindly note that LGP Lite supports Windows and Mac, but there is no driver for Linux. Thanks!
— AVerMedia (@AVerMediaGZ) 2016(e)ko maiatzak 20
Berriz ere sistema eragile itxi bat erosi edo pirateatu behar ote dut ba, Game Erauntsiarako euskaratutako joko batzuen demoak egiteko? Ez ba... ofiziala ez den software bat aurkitu behar beti bezala edota oraindik konbentzitu ez dudanen baten portatila erabili behar driverrak instalatu eta hardwareaz goza dezadan...
@urtzai Urtzi kindly note that for game capture we have no commercial interest in Linux system, thanks!
— AVerMedia (@AVerMediaGZ) 2016(e)ko maiatzak 20
Windowserako egindako programak askoz hobeak direlako ustea ere oso zabaldua dago. Zoritxarrez, askotan ez zaie arrazoirik falta... lehen esan dudan bukle infinitu horrek software itxia elikatzen baitu behin eta berriz. Software hori sistema libreetan bateragarria egin nahi izanak ere izango du errurik. Baina borroka horretan ere asko irabazi da azken urteetan eta jendeak uste duena baino software potenteagoa aurki daiteke sarean.
@urtzai horrelakoak irakurrita, tentatuta sentitzen naiz beti, baina argazkilaria naizenez ... Gimp -ekin egunerokotasuna ezn egin
— Asier pagoaga gutier (@AsierPagoaga) 2016(e)ko maiatzak 19
Familian eta inguruetan ari naiz software librearen onuren predikua eta ebangelizazioa egiten, baina kosta egiten da, onartzen dut. Duela gutxi irakurri ahal izan nuen Windows 10ek Linux oinarria izango zuela eta hori hala bada, aurrerapauso eta garaipen handi bat izan daiteke Software Askearen hautua egin dugunontzat. Bideojokoetan ere (beste topiko bat) Steam bezalako plataformak Linuxerako jokoak eskaintzen hasi dira (lehendik Windowserako bakarrik zirenak tarteko). Asko falta da, baina bagoaz pixkanaka.
Ordua da eskoletan, gobernuan, eremu publikoan orohar software askearen aldeko apustua egiteko. Guztiona izango den eta euskaraz egongo den softwarea sortzeko. Burujabetza digitala, jakinduria askea izateko.
Bukle infinitua mozteko garaia da! "Momentu ezin hobea da software librera jauzia egiteko" eta sistema itxien gaineko aholkularitza eta laguntza tekniko gehiagorik ez emateko!
Kaixo Urtzi,
Lehenik eta behin eskerrik asko sarean.eus-eko artikulua irakurri eta hemen estekatu izanagatik, orokorrean, planteatzen duzun bizipena guztiona baita. Badira urte asko ni neu ere Linux bakarrik erabiltzera pasatu nintzela eta Bermeoko lagun ero batzuk hack.in#badakigu informatika elkartea sortu genuela. Eta biak bietara, erabaki politikoak izan ziren, lehena askatasuna bermatzen duen software librea erabiltzeko, bigarrena software libre hori mugimendu sozialetan txertatzeko.
Artikuluan komentatzen dudan moduan azken urteotan software librearen afera guzti honek aurrerapauso itzelak izan ditu baina atzorarte wifi txartelen driverrek (zerbait zehatza aipatzearren) matraka itzela eman ziguten.
Mugimendu sozialen ikuspuntua gehitu nahiko nuke, hack.in#badakigun esperientzia oso onak izan ditugu bai mugimendu sozialetan nahiz esperientzia pertsonaletan: Kukutzako ziberra, kasu edo Astrako hackelarre edota ia-ia ahaztuta neukan Busti irratia (2006ko hackmeeting-ean - hackelarre - sortutako Busturialdeko irrati librea, bide laburra egin zuen, baina oso polita) edo gure herriko guraso batzuk informatikara saltoa Debianekin egin izana (zerotik abiatzen zarenean edozein sistemetan has zaitezke, okerreko bidea saihestu)...
Esandakoa, zure bizi zati hau gure (Linuxero eroena) egiten dut ;-)
Ondo segi.
Askoren bizipenak dira artikulu honetan jasotzen dituzunak. Nik software librearekin dudan esperientzia elebitasunarekin dudanaren parekotzat daukat: gehiengoak eta sistema hegemonikoak behartu egiten naute bi sistematan moldatzera; baina maiteago, librea dut maiteago, euskara bezala. Eta libreago egiten nau, euskarak bezala ere.
@urtzai aspaldi zabaldu nuen nire inguruan ni informatikaria nintzela, ez windowseko komertziala...