Azken aldian, zaborren kudeaketa dela eta ez dela izugarrizko zalaparta sortu dela gipuzkoan jakinekoa da. Seguraski honezkero kontu hauek entzute hutsagatik ere bati baino gehiagori betekada emango dio. Izan ere, baten aldeko eta besteen aldekoen kanpainek (panfleto banaketa, sinadura bilketa, flashmoveak...) kaka belarritik irteteraino bete gaituzte. Hala ere, nik uste, arazoaren muina ez dela inoiz eztabaidatu eta zurrunbilo burokratiko-demokratiko batzuetan desbideratuta dabilela eztabaida azken aldian. Nire ustez, garbi dago ze galdera planteatu behar dugun: Zein da gipuzkoarrok nahi dugun zabor kudeaketa eredua?
Nik uste, aurreko bideo honek zalantza asko argitzen dituela. Badakit eta jakitun nahiz atez-atekoa ez dela eredu perfektu bat. Hobetzeko asko izango du, noski, baina erosoa den edo ez den eta horrelako txorakeriak eztabaidatzen hasi behar dugu? Izan gaitezen serioak, ereduak filosofia edo paradigma bateko bidea markatuko digu eta.
Beno, atzo artikulua idatzi eta oso denbora gutxian, pare bat lotura bidali zizkidaten. Hemen bertan jartzeko eskatu banion ere, azkenean ez ditu ipini eta beraz hemen uzten dizkizuet:
Orain ez dut denborarik bi lotura hauei buruz ezer esateko baina, lehenago edo beranduago emango dut nere iritzia.
Beharbada arrazoi duzu Mikel, baina orduan nola planteatu; planteamentu guztiak gustatzen ez zaizkizunean alternatiba bat eskaini behar da behintzat...
Nire hauxe portzentaietan oinarritua. Niri berdin zait nola egiten duen udal eta mankomunitate bakoitzak, baina 2 urteren buruan %75-%80 biziklatu beharko luke. Atez-atekoak lor dezakeela erakutsi badu, besteek beste metodo batzuekin bada ere lortu beharko lukete, baina demostratu beharko dute posible dela. Atez-atekoarekin, bostgarren kontenedorearekin edo gaiak eguzkira bidaliz eta fusionatuz.
Hori bai, argi daukat errauskailu bat ez dudala nahi. Kutsakorra dela argi dugu, baina horretaz gain zergatik joan Europan egiten ari direnaren aurka. Beraiek itxi, guk ireki, ondoren urte batzuetara berriro ixteko? Ez dago justifikaziorik inbertsio hori egiteko eta batez ere hainbeste jende gaizki pasatzen ari den momentu hauetan. Aldiz, leku berean beste zerbait eraikitzea posible litzateke, etorkizun handiagoa izan dezakeen konpostajera bideratutako zerbait. Hori izan daiteke akordioa edo.
Dibertigarria da zientzia fikzioak ere honetan lagun dezakela esatea, baina hona hemen bi gomendio:
* Shapping Things (Bruce Sterling) http://mitpress.mit.edu/catalog/item/default.asp?tid=10603&ttype=2
* La era del diamante (Neal Stephenson) http://www.archivodenessus.com/rese/0401/index.html
Orain arte eztabaida hauek ditugu:
1. Atez atekoaren aldekoak: "edo atez atekoa jartzen dugu (edo %80a birziklatzea suposatzen duen beste sistemaren bat) edo errauskailua izango dugu gure etxe aurrean".
2. Atez atekoaren aurkakoak: "sistema zikina da eta inposatzailea da, eta gainera errauskailua egin egin behar da edonola ere".
Nazkatuta nago zaborraren kontu hau bakoitzaren iritzi politikoarekin lerratzearekin. Eta horrela gertatzen ari da, egunkariak eta politikarien adierazpenak begiratzea besterik ez dago: Bildu eta bere ingurukoak atez atekoaren alde. Besteak atez atekoaren aurka. Eztabaida hau bakoitzaren ideologia politikoari guztiz lerratuta joan behar da ala? "Nirekin edo nire aurka" ematen du honek.
Iritziak ematen ere eta plataformak nork osatzen dituen begiratzea besterik ez dago. Eibarren egon zen zero-zaborrekoek emandako hitzaldian egon nintzen. Bertaratutakoen %90a Bilduren inguruko iritzi politikoetan mugitzen zena zen. Eta ez dut nik esan behar nor joan behar den zein hitzalditara, baina erabat politizatu dugu kontu hau. Mutrikuko bileren kronika honetatik ere antzeko zerbait ulertzen dut:
Ah, eta nik ez nuen Bilduren aldeko bozka eman eta birziklatzea derrigorrezkoa izan behar dela uste dut. Baina badago jenderik birziklatzearen inguruan pentsatu duenik, ala zuzenean bere iritzia "bere" politikarien iritzitik kopi-pega egin du?
Gai hau ez da kasualitatez politizatu. Zementuaren errege izan diren alderdiei bost axola kontratu bat beste bategatik aldatzea.(errauskailu/konpost plantak/ inertizatze planta...) Gai hau, ezker abertzalearen igotzea gelditzeko zirrikitua bilakatu da, ez nik diodalako, PSEko bati entzun bainion Radio Euskadin: "El hueso de las basuras es donde podemos mermar a Bildu, ni PNV ni Nosotros lo vamos a soltar."
Kaixo...
Atez atekoaren inguruko eztabaida modu nahasian ematen ari da atez atekoaren alde daudenengatik, nire ustez. Atez atekoa, hondakinak jasotzeko sistema bat da eta ez hondakin horiek kudeatzeko teknika bat. Atez ateko sistema erabili edo beste edozein erabili, azkenean, hor dauden hondakinen zikloa amaitzeko bi modu bakarrik daude: lurperatzea edo hondakin horiek energia sortzeko duten aukera aprobetxatuz, erraustu.
Atez atekoa ezarrita ere, gaikako bilketak sortzen dituen errefusak ditugu (ez pentsa gaikako bilketan jasotzen den guztia berziklatzen denik, ezta gutxiago ere; adibide modura, plastikozko ontzietatik %40 ezin daiteke berziklatu, eta horrela beira, papera eta abarrekin). Horretaz gain, zabor errefusa bera ere hor dago nola bait desagertarazi behar dena. Eta azkenik, Aldundiaren plan berriarekin, biometanizatu eta nahi den hondakin organikoa dago. Errefusa guzti horiek kudeatzeko, Aldundiak zabortegiak erabiliko ditu edo harrobiak. Berdin da. Hau da, ingurugiroarekiko har daitekeen muturreko sistemarik okerrena eta europar araudiak gaitzesten duena. Esan izan da Aldundiaren aldetik, harrobietan edo zabortegietara eramango den zaborra “inertea” izango dela eta hori gezur borobila da. Nahiz eta biometanizatua izan, hori bioresiduo bat da, jatorri organikoa duena, beraz transformatzen jarraituko dena eta, ondorioz, gune horiek, gaur bezalako zabortegiekin egiten den modura, lurzoru babestua, lixibiatuak jasotzeko teknikak eta abar beharko dituzte. Azken finean, zabortegi batzuk direlako.
Hondakinen kudeaketan, biltzeko sistemak ez dira dogma. Aurreko egitasmoak ere, PIGRUG delakoak, ez zuen atez ateko bilketa baztertzen. Tokian tokiko berezitasunen arabera, zergatik ez? Orain, hori taula rasa bat bilakatzea oso arriskutsua da. Zabor kudeaketan erabat garrantzitsua da jendearen inplikazioa eta komentzimendua helburuak bete nahi badira. Gehiengoaren inplikazioa, behintzat. Eta ez gara bide horretan lanean ari.
Beno, ba hemen doa nere erantzun edota iritzia gai honi buruz. Lehen ere esan dut, bilketa selektiboa edo atez atekoa ez zaidala perfektua iruditzen, baina bai hartu beharreko eredu bezala.
hondakinen zikloa amaitzeko bi modu bakarrik daude: lurperatzea edo hondakin horiek energia sortzeko duten aukera aprobetxatuz, erraustu.
Oso ondo bai arrazoi duzu. Errefusa lurperatu egin behar da, baina, ahaztu duzu erraustua ere ez dela desagertuaren berdina. Alegia, eskoria, errautsak eta aireratzen diren lurrun toxikoak sortzen direla. Beraz, eskoria eta errautsak nonbaitean lurperatu edo gorde behar direla. Eta toxikoak izanik, zabortegi bereziak behar direla horretarako. Zer egingo da zabor pila horrekin? Kanpora saldu edota bertan lurperatu/gorde?
Bestalde, ze zentzu du eraiki nahi den tamainako errauste planta batek, bidea birziklatzea eta beraz labeentzako konbustioa izango den erregaia gutxitzea bada. Tamaina horretako labeen mantenua oso garestia da. Laudion badago Vidrala deritzon enpresa bat, non, labe erraldoietan kristalezko botilak egiten dituzten. Urtean ia 365 egun 24 orduz martxan eduki behar dituzte kostuak murrizteko. Ez dut aipatu gabe utzi nahi, inguruko minbizi tasarik altuenetarikoa dutela (aurkituko dut datua). Orduan, helburua murriztea bada, non dago proiektu honen funtsa? Kanpotik ekarriko da zaborra hemen errausteko? Hondakin organikoak ez dira berez erretzen. Erregaia behar dute, nondik aterako da erregai hori? Gainera kalkuluek ez didate zuk diozun energia balorizazio hori ematen. Plastiko zati bat edo gasolina ekoizteko askoz energia gehiago behar da, gero hura erretzeak ematen duenak baino.
Bestalde paradoja batean sartzen naiz. Izan ere, "Birziklatu bai, atez atekoa ez" horrekin zer da benetan bultzatzen dena? Birziklatzearen alde baldin badago jendea, zergatik joan (birziklapen ikuspegitik) orain arte erakutsi den sistema onenaren kontra? Tristea da, baina jendea ez dago batere konbentzituta ezta batere inplikatuta ingurugiroarekin. Ikusi bestela zer gertatu den Azpeitia aldean. Niri, dogma baino lege hitza erabiltzea gehiago gustatzen zait. Zergatik ez ote dira legeak borondatezkoak? Pare bat aipatzearren: kotxeko gerrikoa, alkoholemia tasa (puntuen asuntoa ere polemikoa izan zen, baina ikusi ze emaitza eman dituen), erretzearen legea... Izan ere, erretzearena haseran jabearen borondatera utzi zen (nahi zuenak aplikatu eta nahi zuenak ez). Baina denok dakigu azkenean zer gertatu den. Beraz, mesedez, dogma/inposizio eta halako hitzak ez erabili. Amorratu egiten naute.
Beno eta bukatzeko twitter bidez eskuratu dudan bideo bat jartzen dut. Non, Alfonso del Val-ek Valdemingómezeko (Madrid) errauste planta "modernoan" eginiko dioxina eta furanoen neurketa batzuei buruz hitz egiten duen. Lorturiko emaitzetan, legez baimendutako maila baino %1480 gehiago neurtu zuten.
INCINERADORAS, ¿Son fiables las mediciones de humos? (Alfonso del Val) from Oñati Zer0 Zabor on Vimeo.
Eztabaida ez da ondo planteatzen ari ez atez-atekoa defendatzen dutenen aldetik, ez horren aurka daudenen aldetik, ez zero-zabor plataformetakoen aldetik eta ez inoren aldetik.
Eta beti bezala, politikariak hika-mikan, egunkarietan orrialdeak eta orrialdeak betetzen hiritarrei begiratu ere egin gabe.
Gaztelaniaz esaten den bezala "nos lo tenemos que hacer mirar" :(