Zarauztarra izanda, asko poztu nau gaur nire herria parte den eskualdeko udalek elkarren artean euskararen aldeko politika sustatzeko irizpide batzuk markatu izana. Dekalogo interesgarri bat aurkeztu dute, eta neurri zehatz eta konkretuekin hasiko direla iragarri dute (hornitzaileei fakturak euskaraz bidaltzeko eskatzen).
Albistea, akordio hau aurkeztu zuen zinegotzietako baten blogean (Gari Berasaluzerenean) irakurri dut. Bertan itsatsita dagoen PDF prentsa oharretik puntu batzuk ekarri ditut hona, interesa dutelakon. Jarraian dagoena hortik atera dut.
*****
Legegintzaldi berriarekin, Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko Euskara Batzordea eratu zuen joan den urrian. Batzorde edo lantalde horretan parte hartzen dute Udal Elkarteko udaletako (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako) eta Udal Elkarteko euskara zinegotziek eta euskara teknikariek.
Eskualdeko Euskara Batzordeak hainbat bilera egin ditu urriaz geroztik eta hainbat gai landu ditu. Horietako bat da Udal Elkartearen eta udalen hizkuntza politika orokorra lantzea.
Joan den martxoaren 13an Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak hizkuntza politika orokorra onartu eta udalei proposamena egin zien bat egiteko. Martxotik ekainera bitartean udaletako batzorde eta osoko bilkuretan gaia aztertu eta 5 udalek egin dute bat proposamenarekin.
Udal Elkarteak eta udalek hainbat urrats egin dituzte azken urteetan euskararen erabilera normalizatzeko, baina asko dago oraindik egiteko. Norbere etxetik hasi nahi dugu lanean eta udalak euskaraz funtzionatzea nahi dugu.
Eragileekin euskararen normalizazioaren alde aritzeko Udalek eredugarri behar dute. Uste dugu hizkuntza politika bateratua baleko instrumentua izango dela horretarako.
Hizkuntza politika honen oinarrian dago Udal Elkarteak eta udalek euskararekiko hartzen duten konpromisoa, batetik, euskaldunen hizkuntz eskubideak bermatzeko eta, bestetik, belaunez belaun euskararen jarraipena bermatzeko.
Bestetik, Udal Elkarteak eta udalek bere egiten dute gure eskualdeko alor guztietan euskararen erabilera normalizatzeko eginkizuna.
Horrekin batera, Udal Elkartea eta udalak egile eta eragile direnez, legegintzaldiko helburutzat hartzen da euskara izatea Udal Elkartearen eta udalen lan hizkuntza, barruko lanetan zein beste administrazio publikoekin dituzten harremanetan.
Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udalek eta udal horiek osatzen duten Urola Kostako Udal Elkarteak honako hizkuntza politika orokor hau onartzen dugu:
Konpromiso sorta aurkeztu dugu, hizkuntza politika bateratuan jaso dena.
Aurrerantzean, ekintza puntualak bideratuko ditugu konpromisoak betetzen joateko.
Lehen ekimena, udalen eta Udal Elkartearen hornitzaileei harremanak euskaraz izateko eskaera egitea izango da. Datozen egunotan jakinaraziko diegu ohar eta idatziak (txostenak, aurrekontuak, fakturak...) euskaraz jaso nahi ditugula eta ahozko harremana ere ahal dela euskaraz izatea nahi dugula. Uste dugu udalek eta Udal Elkarteak bere hornitzaileei fakturak euskaraz eskatzeak eragin handia izango duela.
Honakoa dio 2011ko Hizkuntza Eskubideen egoera Euskal Herrian txostenak:
"Botere publikoei, Administrazioei, Instituzioei dagokie hizkuntza-eskubideen bermea, baina hemen jasotako bizipenek erakusten dutenez, huts egiten dute eta eskubide guztien bermatzaile diren Administrazioek, utzikeriaz jokatzen dute euskaldunekin."
Beraz, aupa zuek! Ea benetan proposatutakoa lortzen duzuen!
Urtzi: mila esker informazioa eta dekalogoa zabaltzeagatik.
Luistxo: baita zuri ere. Ñabardurari dagokionez, erabat ados ekitaldien antolaketan hizkuntzari buruzko informazioa argi eta garbi eman beharrekoa den iritziarekin. Balenciaga Museoaren kasu zehatzari dagokionez, berriz, emango diogu honen berri Getariako zinegotziari eta udal ordezkariei, eta hauen bidez, baita museoari ere.
Zuenak bezalako ekarpenekin, gustura egiten dira etxeko-lanak!
Bide batez, hemen irakur daiteke txostenaren laburpen bat -webgunearen amaieran lortu daiteke txostena bere osotasunean-: http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1341473493
Benetan itxura ona eta ausarta du dekalogo horrek. Zorionak eskualdeko udalen ordezkariei. Ñabardura edo erabilpen-kasu txiki batekin aipu bat egin nahi nuke, ea bide horretan ere aurreratu daitekeen: kasua ez dago prezeski 10 puntuetan, baina uste dut inportantea dela.
Aipatu nuen duela ez asko Sustatun: http://sustatu.com/1337837024 Ekitaldien antolaketan segregazio linguistikoa eta informazio argia behar dela, euskaraz gauzak noiz diren esateko. Urola Kosta bezalako eskualde turistikoki erakargarri batean kontuan hartzekoa iruditzen zait hau. Turistentzat gauzak antolatzen dituzunean, bisita gidatuak eta abarrak, ez dugu eskatuko euskara hutsez izan daitezen, baina bai euskaraz ERE esan daitezen, eta zehaztu dadila noiz den euskaraz. Gertatu izan zait ibilbide batean Getariatik irten untziz eta neure umeek azalpenak ezin euskaraz ganoraz entzun... Edo Pagoetako parkeko kasu triste hau ere bai: http://www.manterola.org/turista-euskaldunaren-nekeak-bere-herrian
Justu gaur, etorri zait halako zalantza bat. Balenciaga Museoak umeentzako gauza bat antolatu du iganderako, eta iragarri dute tuit honetan tokia dagoela http://buff.ly/N7kiha
Oso ondo. Baina informazioa bi hizkuntzatan dago jarrita, eta ez dago jakiterik ea delako ekintza hori euskaraz ala gaztelaniaz izango den: https://www.facebook.com/events/441346562565481/
Gauzak hauek ere begiratu behar dira, eta informatu. Informazioa zuzen ematea oso inportantea da normalizaziorako eta, oro har, politika publiko guztientzako.