Nafarroako Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduak “Bertsolaritza irakaskuntzan” programa finantzatzeari utzi dio 2013ko irailetik. Horren aurrean, Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak, Hezkuntza Departamenduari bere konpromisoak bete ditzala eskatu dio eta “‘Bertsolaritza irakaskuntzan’ programa modu duin eta iraunkorrez finantzatu dezala”.
Ostiralean martxan jarriko da Bardoak Nafarroako taldekako bertso ekimenaren bigarren edizioa. Abiapuntu ikusgarria du bigarren edizioak: 16 taldek hartuko dute parte, guztira 110 parte-hartzailerekin. Horietatik, 60 bertsolari aterako dira plazara, inoizko kopururik handiena, orain dela bi urte baino bederatzi gehiago.
Lizarran abiatuko da larunbatean Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 41. edizioa eta martxoaren 23an amaituko, Iruñean. Inoizko parte-hartzaile kopururik handiena izango du aurtengoak. 31 bertsolarik hartuko dute parte, horietatik sei lehen aldiz aterako dira Txapelketaren plazara. Parte-hartzaile kopuru handiaren ondorioz, saio bat gehiago izanen du aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketak, osotara bederatzi saio izango dira: Lizarra, Aldatz, Larraintzar, Ituren, Zubiri, Atarrabia, Etxarri Aranatz, Elizondo eta Iruñea. Bertsolari guztiak lehen fasetik abiatuko dira, iazko txapelduna izan ezik.