Teknologia albisteak

110 parte-hartzaile, 60 bertsolari eta 23 saio Bardoak Nafarroako taldekako bertso ekimenaren bigarren edizioan

Erabiltzailearen aurpegia
2014-02-05 : 12:52

Ostiralean martxan jarriko da Bardoak Nafarroako taldekako bertso ekimenaren bigarren edizioa. Abiapuntu ikusgarria du bigarren edizioak: 16 taldek hartuko dute parte, guztira 110 parte-hartzailerekin. Horietatik, 60 bertsolari aterako dira plazara, inoizko kopururik handiena, orain dela bi urte baino bederatzi gehiago.

Bardoek eskainiko duten saio kopurua ez da nolanahikoa, bi hilabetetan 23 saio izanen baititu taldekako Txapelketak otsailaren 7tik apirilaren 12ra.

2012an bezala, talde lana izango da ekimenaren oinarria eta gutxienez bost kidez osatuko da talde bakoitza: hiru bertsolari, gai-jartzaile/aurkezlea eta taldeko ordezkaria.

Orain dela bi urte Nafarroako Bertsozale Elkarteak lehen aldiz antolatu zuen Bardoak taldekako txapelketa, Nafarroako Bertsolari Txapelketa jokatzen ez den urteetan egiteko asmoz. 2012koa oso esperientzia emankorra izan zen eta bi urte beranduago helburu berdinekin dator bigarrena: bertsolaritza beste modu batera landu, bertsolari eta bertsozaleen harrobia berritu, bertsolaritza gune berrietara zabaldu eta horretaz gozatzeko aukera berritzailea eskaini. Horregatik, taldekako Txapelketa gisara egitura egonda ere, lehia ez da Bardoak ekimenaren helburu nagusia.

16 taldeak bost ligaxkatan banatuta ekingo diote lehen faseari. Bigarren fasea berriz, sei taldek jokatuko dute eta finala hirukoa izango da. Saioak elkarte girokoak izanen dira, hurbilak, gozoak eta kalitatezkoak. Kasu gehienetan bazkari, merendu, afari edo bestelako ekitaldiekin osatuko dira. Bardoen finala apirilaren 12an jokatuko da Lesakako frontoian. Arratsaldeko saioa izanen da eta bertan bigarren fasetik sailkatuko diren hiru taldek hartuko dute parte.

Bardoak 2014ko informazio osoa eta eguneratuta www.bertsozale.com webgunearen barruan sortu den atalean egonen da. Bertsoa.com atarian ere saioetako bideoak izanen dira ikusgai.

Sei saio izanen dira Bardoetako lehen asteburuan

Otsailaren 7an abiatuko da Bardoak Nafarroako taldekako bertso ekimena. Ostiralean lau saio jokatuko dira: Lesakako Linddurrenborda sagardotegian bertso saioa, Zubietako estalpean bertso-merendua, Erratzuko Zubipunta ostatuan bertso-merendua eta Arbizuko Argibide elkartean bertso saioa.

Larunbatean, berriz, beste bi saio eginen dira: Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkartean bertso-merendua eta Txantreako Auzotegi Kultur Etxean bertso-merendua.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago