Igaro da bizialdi baterako Euskal Herrian eguzki eklipse total edo osoa ikusteko aukera. Bart izan genuenaren ondoren, hurrengo eguzki eklipse osoa 2183. urtean izango dugu, Aranzadi elkarteko Virginia Garcia Peñak elkarrizketa honetan esandakoaren arabera. Falta da zerbait, beraz. Baina gertu samar bat beste bat ikusteko aukera izango da datorren urtean, eta hori eta beste aukera partzial batzuk ere izango ditugu.
Hain zuzen ere, 2027ko abuztuaren 2an Iberiar penintsulako hegoaldean izango da eguzki eklipse osoa. Cadiz aldean, iluntasunaren luzapena aste honetako eklipsekoa baino luzeagoa izango da, 4 minutu pasa, eta goiz erdian izanda (goizeko 11ak laurden gutxi aldera igaroko da Cadiztik) efektua ere nabarmena izan daiteke.
Euskal Herrian, oro har, %75eko estalpena izango du eguzkiak 2027ko abuztuko horretan.
Jarraian, 2028ko urtarrilaren 26an eguzki eklipse anularra edo eraztun eklipsea egongo da Iberiar penintsulan berriro, eta Euskal Herri inguruan %77ko ezkutatzea izango du eguzkiak. Eraztun eklipsean, distantzia orbitalak desberdinak izanik, ilargiaren biribilak ez du eguzkia guztiz estaltzen, ertzak geratzen dira puntu gorenean eraztun bat osatuz eguzkibegian, eta iluntasuna ere ez da erabatekoa.
Erantzun
Sartu