Teknologia albisteak

Ezkoze, Lixoze, Jeztaze eta Eskiula: herri hauek Tagzanian kokatzeko zalantzak

Erabiltzailearen aurpegia
gaur : 09:53

Duela egun batzuk CodeSyntax-ek kudeatzen duen Tagzania jokoan kexua jaso genuen erabiltzaile batena, Euskal Herriko toki bat asmatzeko orduan, Ezkoze tokatu zitzaiola, eta mapan, izatez Euskal Herritik kanpo kokatzen zela... Kontu geografiko interesgarri bat dago hemen, eta azaltzen saiatuko gara.

Uztail amaieran, Tagzania aplikazioko tokiak proposatzeko aukera baliatuz, Xabier izeneko erabiltzaile batek txangoa egin zuen Euskal Herriaren ipar-ekialdeko mugan, Bearnorekin dugun muga horretan, zenbait herritan geldiunea eginez eta argazkiak kargatuz. Tagzania Creative Commons / Wikipediarekin lotuta dagoenez orain, erabiltzaile horren wiki-ekarpenen orriak mapa bista bat ere badu, eta zenbait herriren kokapena ikus dezakegu itsatsi dugun mapa bista honetan.

Inguru horretako herri batzuk, kulturaz eta politikaz, kokatu izan dira historikoki zein 21. mende honetan batean edo bestean, Euskal Herrian eta Bearnon, segun ze parametrotan edo nork ikusia. Hizkuntzaz ere, gaskoieraren eta euskararen arteko ukipen guneak dira. Topomimiaren aldetik, Bearnoko herri askok euskarazko izena ere badute, eta hala ageri dira Tagzanian (Bastidaxarra eta Salbaterra adibidez).

Tagzaniako uztaileko bisitariaren lau herritan (EzkozeLixoze,Jeztaze, eta Eskiula), zalantza legitimoak egon daitezke jokalarien artean, mapan non kokatu jada jokoaren parte diren herri hauekin.

Lau herri horietarik, Tagzanian erakusten dugun mapak bi kanpoan uzten ditu: Ezkoze eta Lixoze. Biak Euskal Herrian kokatzen ditu Wikipediak, lehena Nafarroa Beherean eta bigarrena Zuberoan. Lixozeren kasuan, gainera, herriak erabaki zuen 2012an Zuberoako Elkargokoa bilakatzea eta Euskal Hirigune Elkargoko kide izatea 2017an. Tagzaniara igotako irudien artean, Lixozeren kasuan, bide-seinale elebiduna ere ageri da. Euskaltzaindiaren arabera, 2011ko izendegiek Jeztaze eta Eskiula Euskal Herrikotzat dituzte, baina Lixoze eta Ezkoze exotopomimotzat joak daude (kontuan hartu Lixozeren erabaki politikoak izendegi horiek argitaratu ondorengoak direla). 

Guri dagokigynez, zergatik daude Lixoze eta Ezkoze Tagzaniak erakusten duen mapatik kanpo? Tira, Euskal Herriaren muga malgu edo likido horretan interpretazio desberdinak daude, eta CodeSyntax-ek Tagzaniarako darabilena, Badihardugu elkarteak sortu zuen Ahotsak proiekturako. Ahotsak.eus webgunea, Tagzania bezala, CodeSyntax-ek egin zuen, eta baliatu genuen aukera euskal mapen/maparen datu hauek libreki partekatzeko: GitHub software biltegian dugu eduki bektoriala (eta azalpenak). Ahotsak proiektuan jatorria duen mapa da, beraz, grafikoki erakusten dena Tagzanian.

Mapa horren barruan daude beste bi herriei dagokienez, Jeztaze da Bearnon kokatutako zuberotar esklabea, Wikipediaren arabera, eta Eskiula da bestea, Wikipediak gaur gaurkoz Bearnon jartzen diguna. Bi herriok ez dira Euskal Elkargokoak, baina bien artean Eskiulan bereziki, euskara eta euskal ikurrak agerikoak dira, Tagzaniara egindako kargan ikusten diren ikurrinak, lauburuak eta seinale euskaldunak erakusten diguten bezala. Tagzaniako mapan Euskal Herri barruan daude biak.

Azken batean, erabaki behar da, eta maparen mugak egokitu bitartean, oraingoz, lau herriak Euskal Herrian daude kokatuak jokoan.

Jarraian, herri hauek nola agertzen diren Tagzanian. Lehenbizikoan nola Jeztaze esklabe gisa ageri den, eta hegoalderago Lixoze, aldiz, Zuberoatik kanpo, Sarrikotapera itsatsia.

 

 

Erantzun

Sartu