Datorren igandean bozak ditugu Euskal Autonomia Erkidegoan. Bost alderdi nagusien eta euren hautagaien Twitter kontuak aztertu ditugu eta hizkuntza-erabilera neurtu dugu. Zenbat txiokatzen dute euskaraz? Nola aldatu dira euren hizkuntza-ohiturak denbora zehar? UMAP.eus tresnari esker, 2010etik honako 80.000 txio jaso eta aztertu ditugu eta hautagaien Twitterreko profil linguistikoa osatu dugu. Ezusteko handirik gabe, gaztelania da nagusi alderdi eta hautagai ia-ia guztietan.
UMAPek Twitterreko euskarazko jarduna jaso eta neurtzen ditu 2010. urteaz geroztik. Euskal txiolariak identifikatzen ditu eta euskarazko txioak jaso eta aztertzen ditu, CodeSyntaxen RobSoc teknkologiari esker. Horrela, euskal txiolarion hainbat datu ezagutu ditzakegu: zeintzuk diren gehien aipatzen ditugun traolak, zeintzuk gehien partekatzen ditugun URLak, zeintzuek osatzen duten euskal txiolarien komunitatea eta nortzuk diren euskal txiolari ezagun eta eraginkorrenak eta, batez ere, euskaldunok Twitterren dugun hizkuntza-erabilera ezagutzeko datuak ematen dizkigu.
Oraingo honetan, datorren igandeko hauteskundeetako lehendakarigaien euskara-erabilera aztertu dugu, 2016koetan egin genuen antzera. Euskal politikariena (2015) eta hiru lehendakari txiolariena (Ibarretxe, Lopez eta Urkulluren euskarazko jarduna) ere egin genituen lehenago. Kasu honetan, 5 alderdi nagusien zerrendaburuek euren Twitter kontuetan duten hizkuntza-erabilera aztertu dugu: lehendakarigaiek (Urkullu, Iriarte, Gorrotxategi, Mendia eta Iturgaitz), alderdien kontu ofizialek eta lurralde bakoitzeko zerrendaburuek (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zerrendaburuek).
Erabiltzaile horien txio guztiak aztertu ditugu (zuzenak, birtxioak eta erantzunak), Timeline osoa, alegia. Datuak uztaila hasierakoak dira. Hizkuntza-detekzioaz azalpen zehatzagoak hemen. Orotara 2010-2010 bitarteko 80.000 txio inguru jaso eta aztertu ditugu.
MaddalenIriarte 2011az geroztik dago Twitterren. Bost hautagaien artean euskara lehenensten duen hautagai bakarra da. Hori ez ezik, 3 lurraldeetako hautagai guztiak kontuan hartuta ere, bera da euskara gehien erabiltzen duen zerrendaburua eta gaztelania baino euskara gehiago egiten duen bakarra. Hala ere, bere grafikoa ikusita, nabarmena da politikara jauzia noiz egin zuen, ia euskara hutsean txiokatzetik ele bitan txiokatzera igaro baitzen politikan sartu zenean. Gaztelaniaz txioen %6-8 inguru egitetik, %39 erabiltzera igaro da.
Lehendakariak bi kontu ditu Twitterren. Bere kontu orokorra, @iurkullu, 2011az geroztik darabilena, eta hauteskundeetarako berariaz erabiltzen duen @urkulluLHK. Bere ohiko kontuaren datu historiko orokorrak hartuz gero, gaztelania izan da Urkulluren hizkuntza nagusia 2011-2020 artean: gaztelaniaz euskaraz halako bi txiokatu du lehendakariak (%31 euskaraz eta %64 gaztelaniaz). Hala ere, badirudi azken 2-3 urteotan hizkuntzak parekatzeko erabakia hartu duela eta 2020ko datuetan hizkuntza biak parekatzen joan dira (%45 vs. %50). Hauteskundeetarako sortutako kontu ofizialak, aldiz, gaztelania lehenesten jarraitu du, modu nabarmenean (%34 euskaraz eta %52 espainolez).
Lehenengo bi grafiko eta taula Urkulluren kontu ofizialekoak dira; azken taula hauteskunde kanpainako kontuarena.
Ondorengo hauek, Iñigo Urkulluren hauteskundeetako kontuaren datuak:
Miren Gorrotxategi, @Migorrotxategi, txiolari berri samarra dugu. 2016an etorri zen Twitterrera, baina kontua erdi hilda zeukan hautagai bihurtu arte. Harrezkero askoz aktiboagoa da sare sozial honetan eta euskara-erabilera handitu egin du. %10 ingurutik %30 ingurura. Hala ere, gaztelania nagusi da bere jardunean (%66 gaztelaniaz 2020an zehar).
Idoia Mendia dugu zerrendaburu guztien artean beteranoena Twitterren, 2010ean sortu baitzuen bere kontua. Hamar urteko jardun luze honetan, Mendiaren hizkuntza-erabilera oso egonkorra izan da, gora-behera gutxirekin. Euskara-erabilera %10etik beherakoa izan da urtero (%6 azken urte honetan).
2011n sortu zuen Carlos Iturgaitzek bere Twitter kontua, 2016 arte lo izan zuen arren. Harrezkero ere ez da oso aktiboa izan; aurtengo martxotik zertxobait gehiago. Profil soziolinguistiko xinpleena dauka Iturgaitzek, %99tik gora gaztelania hutsean txiokatzen duelako. Europako parlamentuan jarduteak ez zuen bere jarduna aldatu (orduan ere gaztelania hutsean txiokatu zuen, ingelesezko edo frantsesezko bospasei txio salbu), eta EAEko hauteskundeetako hautagai izateak ere ez du ohitura hori aldatu.
Euskal alderdien hizkuntza nagusia gaztelania da. Ez dago zalantzarik. Hala ere, aldeak handiak dira, noski. Bost alderdien Twitter kontu nagusi edo ofizialak aztertu ditugu.
Ozta-ozta bada ere, gaztelania da EHBilduren twitter kontuaren hizkuntza nagusia. Txio zuzenak bakarrik hartzen baditugu kontuan (birtxio eta erantzunak kenduta) euskara eta gaztelania nahiko parekatuta daude, baina timeline osoa aztertzean gaztelaniaz gehiago txiokatzen du EH Bilduk. Eta euskararen erabilerak beherantz egin du, gainera, 2014tik 2020ra bidean, batez ere 2018-2020 artean. Hala ere, alderdien arteko konturik euskaldunena, tarte handiarekin.
Euzko Alderdi Jeltzaleak 2009an ireki zuen @eajpnv kontua, baina 2015etik aurrera izan du jarduera esanguratsua. Harrezkero oso egongorra da bere hizkuntza-erabilera: euskarazko txio bakoitzeko gaztelaniazko bi argitaratzen dituzte jeltzaleek. EAJren kontu ofizialak txioen %65 gaztelaniaz txiokatzen du eta %30 euskaraz.
Koalizio eta sigla ezberdinak erabili dituen arren, PodemosEuskadi kontua da 2014az geroztik alderdi edo koalizio honen kontu nagusia. Kasu honetan ere hizkuntza-erabilera oso egonkorra izan da azken 5 urteotan. 2016tik hona %70 gaztelaniaz txiokatu dute eta %25 euskaraz, oso gora-behera gutxirekin.
Kontu berria da @Socialistavasco (2019). Beste konturen bat ere badute sozialistek, baina hauxe aztertu dugu, une honetan horixe ari direlako erabiltzen hauteskunde kanpainarako. Aldaketarik gabe, hizkuntza-erabilera konstante mantendu da urte eta erdiko denbora-tarte honetan. Ia-ia erdara hutsean txiokatzen duen kontua da sozialistena. Euskara-erabilera %5-6 inguruan dabil hilero.
Hauteskunde honetarako osatu duten koalizioa dela eta, martxoan sortu zuten PP+CS kontua. Gaztelania hutsean funtzionatzen duen kontua da.
Alderdiek lurralde bakoitzean aurkeztu dituzten zerrendaburuen Twitter kontuak ere aztertu ditugu. 15 zerrendaburuetatik (3 lurraldeetako 5 alderdi nagusietako hautagaiak), 12 zerrendaburuk dute Twittern kontua. Guk dakigula behintzat, ez diegu Twitterren konturik aurkitu EAJko Bakartxo Tejeriari, PSEko Gloria Sanchezi eta PPko Carmelo Barriori. Aztertu ditugunak, gorago aipatutako 5 hautagai nagusiez gain: Leixuri Arrizabalga (EAJ), Mikel Otero eta Jasone Agirre (EH Bildu), Gustavo Angulo eta David Soto (Podemos-IU), Eneko Andueza (PSE) eta Muriel Larrea (PP+C's).
Hautagai horien hizkuntza-erabilera duzue ondorengo taulan. Ezusteko gutxi, eta gorago aipatu ditugun ildo nagusiak mantentzen dira. Alde batean alderdi abertzaleetako hautagaiak, %30-50 bitarteko euskara-erabilerarekin, hautagaiaren arabera aldatzen den arren; eta gainontzeko alderdietan euskararen presentzia oso marjinala, beti ere %10etik azpikoa eta askotan hutsaren hurrengoa.
Erantzun
Sartu