Teknologia albisteak

Lehendakaritzarako hautagaien Twitterreko profilak aztergai

Erabiltzailearen aurpegia
2016-09-07 : 10:37

Aste honetan hasiko da lehendakaritzarako hauteskunde kanpaina. Sare sozialek inoiz baino indar eta zeresan handiagoa izango dute, eta Umapen hautagaien Twitter profilak aztertu ditugu. Zein da txiolariena? Nola eta noiztik darabilte Twitter? Zer hizkuntzatan txiokatzen dute eta zenbat txiokatzen dute euskaraz? Hona hemen daturik nabarmenenak(*).

(*) Umapek Twitterreko jarduna aztertzen du, txiolarien datuak automatikoki jaso eta aztertuta (hemen tresnari buruzko informazio orokorra eta hizkuntza detekzioa automatikoaz argibide gehiago). Datuak abuztu amaieran jasotakoak dira; azterketa estatistikoetarako 2016ko datuak bakarrik aztertu dira, urtarriletik abuztura bitartekoak. EH Bilduko hautagai bezala Arnaldo Otegi sartu dugu, alderdiak hala adierazten du eta. Umap Codesyntax enpresaren proiektua eta tresna da.

...........................

Profila: gehienak twitterlari beteranoak, baina ezaugarri orokorretan alde nabarmenak

Sei hautagaien profilen ezaugarri orokorrak aztertzeko orduan, garbi geratzen da gehienak twitterlari beterano samarrak direla. Pili Zabala (ElkarrekinPodemos) da salbuespen bakarra, hauteskundeetarako ireki baitu bere kontua (2016ko uztailaren 20an), baina gainontzekoek 2010-2011 bitartean ireki zuten kontua eta, oro har, txiolari aktiboak izan dira harrezkero. Guztien artean Arnaldo Otegi (EH Bildu) izan zen kontua irekitzen lehenengoa, 2010eko martxoan.

Profileko testuari dagokionez, aldeak nabarmenak dira erabilitako hizkuntza aztertuz gero. Otegi da profila euskara hutsean duen hautagai bakarra. Elebidun dute Iñigo Urkulluk (EAJ) eta Pili Zabalak, eta gaztelania hutsean gainontzeko hirurek: Idoia Mendiak (PSOE), Alfonso Alonsok (PP) eta Nicolás de Miguelek (C's). Mendiaren kasuan, azpimarratzekoa da bere izena kendu egin duela bere kontutik, eta #JuntosBatera bezala aurkezten duela bere burua, izenik aipatu gabe.

Kokapena zehazteko orduan ere, alde handia dago hautagaien artean, eta gehienetan nabarmen uzten dute euren alderdiaren ildo politikoa. Esate baterako, "Euskadi" bakarrik dauka Urkullu lehendakariak, eta "Elgoibar, Euskal Herria" Otegik. Mendiak "País Vasco, España" dauka eta De Miguelek "San Sebastián" hutsa. Beste bi hautagaiek ez dute kokapenik zehaztu.

De Miguel da txiolariena; Urkullu gutxien bertxiotzen duena; Otegi jarraituena

Zaila da jakitea, baina kasu batzuetan, behintzat, ez dirudi hautagaiek euren kontua pertsonalki kudeatzen dutenik. Alonsoren kontuan espreski aipatua da hori bere profilean, eta Urkulluren kasuan ere jakina da. Otegiri dagokionez ere ezaguna da, gartzela zigorrak behartuta, community managerra izan duela hainbat urtez (badirudi orain ere hala dela). Beste muturrean dago Ciudadanoseko de Miguel, orain arte, behintzat, zuzenean bere kontuaz arduratu izan dena eta txiolari amorratua dena. 

Izan ere, De Miguel da guztira txio gehien bota dituena (46.500 inguru 2011tik). Otegiren kontua ere oso aktiboa da (22.500 txio 2010etik) eta bera da azken hilabeteetan Twitterren aktiboena izan dena (3.862 txio urtarriletik abuztura). Beste hautagaien erabilera askoz apalagoa da eta aurten, kanpainan egon arren, 1000 txio edo gutxiago argitaratu dituzte Alonsok (1010 txio), Urkulluk (718), Mendiak (472) eta Zabalak (116), nahiz eta azken horren kasuan, esan bezala, kontua ireki berria den.

Txiokatzeko orduan, hala ere, ezberdintasun handiak daude hautagaien artean. De Miguel da retuit gehien egiten dituena (bere txioen %92 retuitak dira!); hain exageratua izan gabe, Otegi (%72 retuitak dira) eta Zabala (%64) ere ez daude urruti. Apalagoak dira zentzu horretan gainontzeko 3 hautagaiak (euren txioen %20-35 inguru dira retuitak). Kasu guztietan, logikoa denez, batez ere euren alderdiko beste kontu batzuk bertxiotzen dituzte, ia exklusiboki; edo hedabideetan egindako agerpenen inguruko informazioa.

Gainera, kasu guztietan, oso-oso txikia da komunitatearekin daukaten hartu-emana. Idoia Mendia da twitterlariekin mezu-truke handiena daukana (bere mezuen %9 erantzunak dira), eta De Miguelek ere badu apur bat, baina gainontzekoen kasuan, komunitatearekin daukaten interakzioa hutsaren hurrengoa da. Twitter kanala batez ere euren mezuak zabaltzeko eta alderdiaren informazioa plazaratzeko erabiltzen dute.

Bestalde, jarraitzaile kopuruan ikusten da nabarmenen hautagaien arteko aldea. Otegi da nagusi (75.548 jarraitzaile) tarte zabalarekin. Alfonso Alonso da zerrendako bigarrena, 30.846 jarraitzailerekin. Urkullu hirugarren, baina dagoeneko jarraitzaile-kopuru txiki samarrarekin (14.529 besterik ez; lau urtez Lehendakaria izan ostean, gutxi samar iruditzen zaigu). Are urrunago daude beste 3 hautagaiak, Zabala (3.887), Mendia (3.627) eta De Miguel (2.251). Lehendakaritzarako hautagaiak izateko, jarraitzaile-kopuru benetan txikia da horiena; batez ere Mendiarena, alderdi historiko bateko hautagaia izanik eta duela 5 urtetik Twitterren egonik. Izan ere, Pili Zabalak 2 hilabete nahikoa izan ditu Idoia Mendiaren jarraitzaileak lortu eta gainditzeko, garbi utziz sarri aipatzen dena, Podemosek oso ondo funtzionatzen duela sare sozialetan.

Arlo eta datu horiek ikusita, beraz, badirudi Arnaldo Otegi dela Twitterren borroka irabazten ari den hautagaia. Duela aste batzuk argitaratu genuen bezala, jarraitzaile gehien dituzten euskal twitterlarien artean ere badago Otegi, eta orain gutxi hedabideetan zabaldu zen bezala, bera da sare sozialetan eragin handiena daukan hautagaia. Umapek euskal twitterlarien eragina neurtzeko egiten dituen rankinetan ere, Otegi da ranking horretan goren dagoena hautagai guztien artean. 

Euskararen erabilera %25-30 inguru hautagai abertzaleetan; %0 inguru konstituzionalistetan

Euskararen erabilerari dagokionez, espero zitekeen moduan, batzuen eta besteen arteko aldea nabarmena da. Beti ere 2016ko datuak hartuz, gutxi gora-behera, euskararen erabilera %25 inguruan dabil hautagai abertzaleen kasuan (eta ez oso urruti Pili Zabalaren kasuan), eta hutsetik oso gertu gainontzekoetan. Euskara-erabileraren datuak bat datoz, gutxi gora-behera, 2015eko hauteskunde bezperan jasotakoekin.


Sustatu.eus | Lehendakarigaien 2016ko txioen datuen taula © cc-by-sa: umapeu

Arnaldo Otegik darabil gehien euskara, baina gaztelaniaren azpitik (bere txioen %30 euskaraz dira eta %36 gaztelaniaz). Hori bai, horretaz gain, txioen beste %15-20 inguru elebidunak ditu Otegik (ezin da zehatz jakin automatikoki; goiko taulan "sailkatu gabe" kategorian sartzen dira). Iñigo Urkulluren kasuan %72 da gaztelaniaz eta %24 euskaraz; Pili Zabalaren kasuan ere, proportzioak oso antzekoak dira (%76 vs. %21). Estatistika horietan sartzen dira hautagaiek euren kontuen bitartez zabaltzen dituzten mezu guztiak (txio zuzenak zein bertxioak). Ekuaziotik bertxioak kentzen baditugu (eta bakarrik mezu zuzenak aztertzen baditugu), euskararen erabilera zertxobait igotzen da: %38 Otegik (gaztelaniaz baino gehiago), %30 Zabalak eta %27 Urkulluk.

Gainontzeko hautagaien artean, euskararen presentzia oso txikia da, edo hutsa: Mendiak %6,3 (gehienak bertxioak), De Miguelek %0,37 eta Alonsok %0,0.

Beste hizkuntza batzuen agerpena erabat anekdotikoa da hautagai gehienen kasuan. Otegi da bakarra beste hizkuntza batzuetan maiztasun minimo batekin txiokatzen duena: %7 ingelesez eta %1 frantsesez. Nicolás de Miguelek ere txiokatzen du oso tarteka (%4 ingelesez eta %1 frantsesez) eta Urkulluk eta Mendiak txio solte bakan batzuk besterik ez (%1); beste bi hautagaiek hori ere ez.

Beste txioak, %100 arte, “sailkatu gabeak” dira (eleanitzak direnak, laburregiak automatikoki aztertzeko, emotikono-irudi-traolaz bakarrik osatuak, eta abar). Goiko taulan dauzkazue datu guztiak eta lotura honetan hizkuntza detekzio automatikoaz argibide gehiago.

Bestalde, hautagai bakoitzaren hizkuntza-erabileraren datuen grafikoak hauexek dira, 2016ko datuekin.

Iñigo Urkullu

Arnaldo Otegi

Idoia Mendia

Alfonso Alonso

Pili Zabala

Nicolás de Miguel

..........

(*) Umapek Twitterreko jarduna aztertzen du, txiolarien datuak automatikoki jaso eta aztertuta (hemen tresnari buruzko informazio orokorra eta hizkuntza detekzioa automatikoaz argibide gehiago). Datuak abuztu amaieran jasotakoak dira; azterketa estatistikoetarako 2016ko datuak bakarrik aztertu dira, urtarriletik abuztura bitartekoak. EH Bilduko hautagai bezala Arnaldo Otegi sartu dugu, alderdiak hala adierazten du eta. Umap Codesyntax enpresaren proiektua eta tresna da.

Erantzun

Sartu