Gutxitan gertatzen da, baina aurten pelikula onenaren saria eta zuzendari onenarena ez datoz bat: Ben Afflecken 'Argo'k pelikula onenaren saria eskuratu duen bitartean, Hollywoodeko akademikoek Ang Leek 'Life of Pi' pelikulan egindako zuzendari lana saritzea erabaki dute.
Urtero legez, Oscar sarien zeremonia zinema eta modaren erdigune bihurtu da. Hollywoodeko izarrek euren jantzi dotoreenak erakusten dituzte eta kritikoen analisi zorrotza jasaten dute: alfonbra gorri ospetsuenaren unea da. Momentu horretan pelikulak bigarren maila batean geratzen dira. Aurtengo edizioa aurkezteko ardura Seth MacFarlanerena izan da (Family Guy marrazkien sortzailea eta 'Ted' pelikularen zuzendaria).
Kategoria garrantzitsuenetan zenbait sorpresa egon dira, aipagarriena zuzendari onenari dagokio. Steven Spielberg faboritoa zen baina saria Ang Leerentzat izan da. Lehen esan bezala, 'Argo'rekin batera, Ang Leeren 'Life of Pi' pelikula izan da gaueko protagonista, guztira 4 sari irabazi dituelako: zuzendaritza, argazkigintza, soinu banda eta ikusizko efektu onenak. Ang Leeren pelikulak 11 izendapen zituen baina lasterketan ez du presentzia handiegia izan, hori dela eta, ezustekoa izan da Ang Leeren garaipena.
Bestetik, Daniel Day-Lewis aktorearen garaipena historikoa izan da. Britainiarrak gizonezko aktore onenaren saria jaso du 'Lincoln' pelikulagatik, gizonezkoen aktore kategoria nagusian hiru Oscar irabazi dituen aktore bakarra da Day-Lewis. Emakumezkoen kategorian, aldiz, Jennifer Lawrence gazteak bere lehen Oscar saria lortu du 'Silver Linings Playbook' pelikulan egindako lan onagatik.
Quentin Tarantinoren 'Django Unchained' pelikulak bi sari jaso ditu: batetik gidoi onenarena; bestetik gizonezko bigarren aktore onenarena. Christoph Waltz aktoreak bere bigarren saria jaso du horrela; lehena 'Inglourious bastards' pelikulagatik eskuratu zuen, Tarantinok zuzendutakoa ere. Emakumezkoei dagokienez, sorpresarik ez, 'Les Miserables'en egindako antzezpen indartsuagatik saria jaso du Anne Hathawayk.
Kiniela guztiek iragartzen zuten eta horrela izan da. Berdin gertatu da Adele eta 'Skyfall' abestiarekin, eta Michael Hanekeren 'Amour' pelikularekin. Azken horrek ingelesa ez den hizkuntza batean egindako pelikula onenaren saria irabazi du.
Life of Pi ez, baina Oscar sari nagusietan nabarmendu diren gainerako filmak euskaratuta daude jada. Jaitsi filma saretik, eta erantsi euskarazko azpitituluak.
Film onena, Argo: http://azpitituluak.com/euskaraz/1360303827
Zenbait sariren irabazlea, aktore onena barne, Lincoln: http://azpitituluak.com/euskaraz/1360392086
Ingelesez ez den film onena, Amour, Ramon Agirre ageri den filma: http://azpitituluak.com/euskaraz/1359794023
Animazioko film onena, Brave: http://azpitituluak.com/euskaraz/1353353631
Filmak saretik jaisteko gomendatzen dugun teknologia, BitTorrent. Horren inguruko buruzko dokumental berri bat ere euskaratu berri da, "TPB AFK The Pirate Bay Away from Keyboard": http://azpitituluak.com/euskaraz/1361601697