Adimen artifizialari hainbesteko beldurrik ez edukitzea aldarrikatzen duen iritzi pertsonal bat da, wikipedista euskaldun baten ikuspegitik idatzia. Adimen artifiziala testu sorkuntzan nabarmentzen hasiko den une honetan, uste dut adibide bat dugula hemen, itzulpen automatikoak Wikipediari ekarri dion ekarpenaren haritik, esperantza izateko lagungarri izango, zaigula.
2022 urtea amaitu zen euskarazko Wikipedian 400.000 artikulu pasatxo zirela. Era berean, Wikipedia guztientzat proposatzen den kalitate neurketako irizpide batean, 10.000 artikulu funtsezko eta horiek nola osatu diren, euskara bihurtu da hamar mila horiek dituen laugarren hizkuntza, eta beren kalitateari dagokionez, neurtuz artikuluen luzera, erreferentzia eta irudi multzoa, urte hasieran euskara zegoen wikipediako hizkuntzen sailkapenean 33. postuan, eta urte amaieran 23.ean.
Euskara munduko hizkuntzen artean, 23.a. Badakigu ez dela egia, ez hiztunetan, ez estatusaren arabera, ezta iraupenerako baldintzetan ere. Hala ere, 23. postua ez da artifiziala, nahiz eta, onar dezagun, bada artifizio baten araberakoa: Wikipediako mekanismo batek neurtzen duena da, eta neurgailu horrekin sekulakoa lortu dugu.
Pertsonalki, Wikipedia editatzeko hobby txiki bat dudanez, oso harro jartzen nau horrek. Plazer txiki hau partekatzera gonbidatzen zaituztet, izan wikipedista: nola egiten dugun askok, argazki batzuk edo jakintza apur bat partekatu herriko aldizkarian, edo sare sozialetan, horixe bera Wikipedian partekatu eta irismenaren eta iraunkorrasunaren aldetik zuen jakintza puskak oihartzun inportanteago bat lortuko du.
Laguntzeko beste modu bat da Euskal Wikilarien Kultura Elkartean parte hartzea. Gobernantzaz-edo, enkargatzen den taldea. Urteko 5 euroko kuotarekin, diru asko ez dizue jango behintzat, akaso denbora, artikuluak editatzeko arra tripa barruan apopilo jartzen bazaizue.
Aurreko Ttap-eko halako sermoi batean aipatu nuen (eta Sustatun ere idatzi dut horretaz) nola adimen artifizialak, irudiak sortzeko azken aldian lortu duen sormen edo kalitate neurriarekin, “sortzaile” terminoa zalantzan jar dezakeen, uste genuenean hori makinen irismenetik kanpo zegoela. Irudiekin bezala, testu sorkuntzan ChatGPT delakoak ere halakorik lortzen badu, pentsa dezakegu akaso makinek sortuko dituztela Wikipediako orriak ere... Bueno, agian bai, baina hor ere giza-gidaritzarekin izango da. Izatez, euskarazko wikipediaren hazkundearen gako bat izan da duela pare bat urtetik itzultzaile neuronalak daudela integratuta bertan, euskarazko Elia kasu, eta horri esker, adimen artifizialaren adar horri esker, gabiltzala egiten wikipedistak gure lanaren parte bat. Ez guztia itzulpen artifizial-automatikoari utzita, baina bai berari esker. Artifizioak laguntzen digu. Egiten duguna ez da artifiziala.
Gora euskarazko Wikipedia eta irekitzen zaizkion aukerak!
(irudia, euskarazko Wikipediak 2021 hasieran zuen bolumenaren alegoria bat; gaur egunean 275 liburuki izango lituzke gutxi gora-behera).
Erantzun
Sartu