Teknologia albisteak
4

Nola eragingo dio Bartzelonako atentatuak sezesio asmoari? Hipotesi bat

Erabiltzailearen aurpegia
2017-08-18 : 08:59

Bartzelonako gertaerek eragina izan behar dute, derrigor, sezesioaren jokoan. Nola? zaila da asmatzen, eta Kataluniari buruzko beste pronostiko batzuetan okertu naizen bezala, orain ere oker egotera ausartuko naiz. Eta nire ustea da Generalitatea eta aginte independentista legitimatuta eta indartuta irten daitekeela. Bereziki, indar polizial autonomoen, Mossos direlakoen, legitimazioaren bidez.

Begiratu azken orduetako gertaera batzuei.

  • Rajoy Bartzelonara joan da, baina bakarrik bildu da Espainiako agintepeko polizia eta arduradunekin (ikus goiko RTVEren irudia, adierazgarria da eta). Adierazpen hutsal batzuk egin ditu ondoren.
  • Aldiz, Kataluniako Generalitateak protagonismo zuzen eta osoa eman die bere Barne sailburuari (Joaquim Forn) eta Mossos-en agintari polizial nagusiari (Josep Lluis Trapero): katalanez agerpen zuzenak eginez, bertsio polizialak direla kontuan harturik ere, adierazpen eta datu fidagarrienak eurak eman dituztela dirudi.
  • Goardia Zibilaren rola goresten saiatu dira azken egunetan aireportuko greban eskirol lan populistak egiten, baina benetako krisia piztu denean, Mossosak ari dira lehen lerroan. Cambrils-ekoa ez dago argi, baina bost susmagarri tiroka hil dituztenak Mossosak izan dira, eta horrek, gauzak dauden bezala, polizia autonomoaren "alde" egiten duela iruditzen zait (komatxo artean diot, ez dut 5 hildako uzten dituen operazio polizial bat txalotu nahi).
  • Mossossen arduradun operatibo eta politikoak berriak dira, krisiko dimisioen ondorioz ezarriak (bueno, Trapero bigarrena zen lehen, eta ez dute "zuzendari" izendatu, baina udaberritik major kargua omen dauka, Puigdemont-en konfiantza seinale). Biak hor daude, aurpegia ematen. Non ote dago Zoido barne ministro espainiar pintoreskoa? Sevillako bere entourage pertsonala entxufatu eta ustelen aldeko mugimenduak gidatzeaz aparte, a ze balantzea Zoidok.

Trapero eta Forn, bart elkarrekin.

Polizien legitimazio-talka hau funtsezkoa izan daiteke, une jakin batean inork hautestontziak babesteko edo eragozteko agindua eman behar badu, indar polizial batekin edo bestearekin. Tren-talka ia definitiboa hori izan daiteke, desobedientziaren maila erreala, krisiaren une larri eta goriena.

Ez dakit hedabide katalanista publiko eta pribatuak nola ari diren tratatzen gaia azken orduetan. Baina Espainiako telebisten jarraipen negargarriak baieztatzen dit deskonexio mental bat gertatua dagoela jada Kataluniako informazioaren eta espainolen komunikazio-kanalen artean.

Horren beste adierazgarri bat dira El Pais eta El Mundoko gaurko editorialak (akaso beste batzuk ere bai, nik horien erreferentziak jaso ditut ordu honetarako). Errealitatera esnatzeko deia dira, independentismoaren "zoramena" errudun gisa markatzeko ahalegina...

Hau azpimarratzen du El Paísek:

Eta El Mundok, a ze argudio, independentistak abegikorrak dira kanpotar susmagarriekin, kalkulu politiko berekoiagatik, beraien aldeko boz-emale bihurtuko direlakoan edo, eta horrek arriskuan jarri du Katalunia.



Puidgement presidentea kazetaria da ofizioz eta jakingo du legitimazioaren borrokaz gain, komunikazioarena ere funtsezkoa dela. Benetan sezesioaren apostua azken bururaino eramateko prest badago, aukera izango du bere Gobernuaren rol zentrala defenditzeko:

  • Mossosen legitimazio indaberritua aprobetxatu beharko du. CUP bezalako indar berez "anti-polizial" batekin hori nola lotu... bueno, aholku magikorik ez zait okurritzen.
  • Eztabaida identitarioan, Ada Colaurekin batera agertzen inteligenteki egin zuen bezala, independentzia nahia obsesio identitario eta xenofoboetatik ezin urrunago dagoela demostratu behar du presidenteak. Identitate esklusibistak zein aldetan dauden markatzeko aukera bat du.
  • Rajoy eta Zoidori hutsunea egiten jarriatu behar luke, ahal duen neurrian. Guztizko isolatzea ezinezkoa izango zaio, noski, baina Estatu zentralaren "inutilidadea" azpimarratzeko aukera dauka hor. Katalunia gai dela, beregain dela, beste edozein estaturen mailan erantzuteko krisi honi (halamoduz, alegia, baina Madrilen edo beste hiriburu baten asistentziarik gabe bederen).
  • Oro har, krisi baten aurrean agintea eta gobernatzeko gaitasuna erakutsi beharko du, hain sarri leporatzen diotena gezurtatzeko: benetako gaiez ez direla arduratzen subiranistek, beren "obsesioekin" liluratuta.

Puigdemontek krisiari erantzuteko orduan joka ditzakeen puntuetako batzuk iruditzen zaizkit horiek... Ez dira kudeatzen errazak, eta gainera, hilabete eta erdi falta da urriaren 1erako, beste mila oztopo dituen sprint bat du bat begien aurrean.

Igual dena gertatuko da aldrebes hemen esaten dudanetik. Mossosen legitimazioa gertatu beharrean, akaso gertaturikoa indar polizial honen porrot baten gisara esplikatuko zaigu hurrengo orduetan (eta egiaz hala ere izan daiteke, batek daki). Baina dudarik ez dudana da urriaren 1eko arteko sprint-a are irekiagoa, zalantzazkoagoa, interesgarriagoa ageri dela orain.

Erantzunak

2017-08-18 : 11:03

Puntuetako batekin (CUP "anti-polizial"-az diozunarekin...) izan dezake zerikusia CUPen tuit honek, gertatuaz bat botatakoak. Diote gutxi gora-behera, kasu egiteko mossoei:

Consternació absoluta pels fets de la #Rambla. Atenció al que indiquen #EmergenciesCat i #mossos. Solidaritat amb les víctimes i familiars.

Interesgarria idatzitakoa, Luistxo. Eta El Pais eta El Mundoz ba... pufff.

2017-08-18 : 11:11

Agian nire TL partzialegia izango da, baina neri ere itxura eman dit gestioa Kataluniak eta haren egiturak egiten ari direla, Espainiak zerikusi gutxi izanda.

Informazioa gehitzearren, azkeneko puntuan diozun errelatoa eraikitzen hasten badira (erasoa mossoen hutsa izatea), iruditzen zait Rufianek duela bi hilabete kongresuan botatakoek oihartzuna izan dezakeela: http://www.elmundo.es/espana/2017/06/21/594a2be146163f3f4f8b45f5.html

2017-08-19 : 09:15

Nabarmena izan da aparatu mediatiko nagusiek egindako atentuaren erabilpen interesatua.

Prozesuari onik ez dio egingo.

Oso interesgarria artikulua Luistxo.

O.

2017-08-19 : 10:25

Eskerrik asko erantzunengatik. Ñabardura bat Oier Arantzabali: Nik ez dut prozesua edo prozesuari eragingo diona aipatu, baizik eta sezesioa. Uste dut prozesua dela diletantismo edo prokastinazio hutsa, kimera bat ez badago tren-talkari aurre egiteko benetako planik edo borondaterik. Tren-talka horretara begira, Generalitatea indartuago egon daitekeela, hori da hipotesia. Baina tren-talkara iritsiko direnik zalantza egiten dut. Mehatxu polizial eta judizialari men egin eta ez direla ausartuko iruditzen zait.

Sezesiorik ezean, prozesuak jarraituko du. Prozesua, prozesua... helmugara iritsi ezinean, dena da prozesua. Baina prozesua ez dago osasun onean hauteskunde plebiszitarioak galdu zituztenetik.

Erantzun

Sartu