Aukeraren leihoa, katalanek independentziarako irekiko duten Window of opportunity hori
Aukeraren leihoa
Independentista sentitzen naiz, Euskal Herriaren independentzia nahi dut. 2003an Euskaldunon Egunkaria ixten ikusi nuenean iritsi nintzen konklusio honetara, Espainiari lotuta bizitzen jarraitzea kalamidadea dela euskaldunontzat. Baina etsita sentitzen naiz, ez baitut inon ikusten independentziarako plan sinesgarririk. Eta kezkatua nago, unea iristen ari delako. Kataluniak markatuko du une hori: haiek badoaz, eta gu hemen, kieto.
Historiara begiratuta, independentzia gauzatzeko prozesuetan, herri-borondatearen gauzatze legala baino gehiago, istripu historikoak daudela uste dut. Sobiet Batasuna desagertu zelako gehitu ziren 20 bat estatu berri mapara. Jugoslaviaren inplosioak (nazionalismo serbiar itsuak lagundua), beste estatu batzuen sorrera ekarri zuen, gerra odoltsuak tarteko. Estatu nagusien trauma eta krisitik sortzen dira estatu txikiagoak. Eta horregatik, uste dut Espainiaren haustura izan daitekeela gakoa. Hautsi? Nondik? Kataluniatik.
Katalanak badoaz. Gehienek ez dute Espainian gehiago nahi, hori erakutsi du Estatutaren krisiak, eta gogo hori politikoki egituratzeko hikamikak daude, baina zabaldua dago susmoa, gurutzebide historiko bat zeharkatu dela.
Bada negozioetan erabiltzen den termino bat, Aukeraren leihoa, Window of opportunity, bereziki inportantea abiadura handiko Interneteko garai hauetan. Produktu edo ideia bat merkaturatu edo garatzeko, aukera leiho zehatz bat irekitzen da, epe jakin bat, non zirt edo zart egin behar den, egin behar dena egin, edo aukera pasatzen utzi. Ez dago epe-luzapenik, orain edo sekula ere ez.
Euskal independentziaren Aukeraren leihoa Kataluniak irekiko du. Katalanek hautsiko dute Espainia, eta zirrikitu hori irekitzen dena, horixe izango da Window of opportunity hori. Leihoa noiz irekiko den ez dakit, baina ireki ondoren, izan seguru, itxi ere egingo da.
Une horretarako, zer dugu hemen? zer dute indar abertzaleek? Ezer ere ez. Aralarrek argi esan du (Jon Abrili elkarrizketa, Berria), ez dela euskal estatuaz hitz egiteko unea. Eusko Alkartasunak dokumentu garrantzitsu bat kaleratu zuen iaz; epe labur eta ertaineko politikaz da mamia, baina independentziarako urratsen aipamenik ez dago batere. EAJ ez dirudi independetziaz berba egiteko gogoz dabilenik: beren gazteriak, EGIk, Euskal Estatua Eraikitzen izeneko kanpaina bat jarri zuen martxan aurten, baina egiazki, euskalestatua.eu webgunean, ez dago eraikuntza horren aztarrenik.
Argiagoa izan da, alderdi horiekin alderatuta, Ezker Abertzalea, etorkizun politikorako ibilbide orri bat marrazten saiatu delako, behinik behin. Bada zerbait. Baina, Zutik Euskal Herria dokumentua irakurrita, susmoa dut bere funtzio nagusia dela ETAri desegiten laguntzea, independentziarako bide bat marraztea baino.
Bereziki analisatuko ditut dokumentuko hiru esaldi, inportanteak direlako, erakusten dutelako ez bakarrik Ezker Abertzalearen pentsamendua, baizik eta abertzaletasun osoaren sintomatika, ezinezko independentismoaren drama. Hasieran, ematen du gauzak argi samar daudela:
Orain dela 50 urte Euskal Herria hilzorian zegoen eta denbora tarte honetan, borrokari esker, Euskal Estatua eratzeko aukera irekitzeraino ibilbidea egin dugu.
Baina aurrerago, gauza korapilatu egiten da apur bat, Maltzagan edo, hortxe bertan zegoena, puf, Saturnoren orbitan gutxienez! Arretaz irakurri mesedez:
Fase politiko honen helburua Euskal Estatuaren sorrerako bidea egiteko oinarri nahikorik eskainiko duen eremu demokratikoa erdiestea da.
Aho korapiloa da, bai; baina dokumentuan aurreratu eta eremu demokratiko hori ere deskribatzen zaigu:
Erabakitzeko eskubidea jasoko lukeen lau herrialdeetako autonomia lortzeko ahalegina, Anaitasuneko proposamenaren bidetik Hego Euskal Herrian, eta Uztaritzeko proposamenaren haritik hiru herrialdeetarako autonomia erdiestearen helburua Ipar Euskal Herrian.
Ibilbide orriaren helburua da autonomismo bikoitz bat. Iparraldekoa ahal bezalakoa, eta Hegoaldekoa erabakitzeko eskubidea barne hartuko lukeena. Bai. Horixe da koxka. Autonomismoa. Independentzia? Halakorik balego ibilbide horren amaieran, esan ere ez zaigu esaten zeren independentzia den: 7 probintziena? ala Hegoaldeko 4ena soilik? Estatuaren egituraz, Aralarrek duen posizio indefinitu berbera, finean.
Horixe da panorama. Indenpendentziaz mozorrotutako egitasmo horien atzean, autonomismoa besterik ez, lurraldetasunaren dogma astunak ez baitu besterik permititzen geure errealitate demografiko-politikoarekin. Klaro, ez da polita egiak esatea. Ez da erraza Kataluniara begiratu eta independentismo katalanaren egia geurearekin alderatzea. Katalanek badakite zeren independentzia aldarrikatu: Bartzelonan biltzen den Parlamentaren lurraldea estatu bihurtzera doaz. Herri Katalanen partizioa asumituta dute, badakite-eta Estatu katalan bat dela lehentasuna, baita haren mugetatik harantzago identitatea eta hizkuntza defenditzeko aukera egon behar bada.
Partizioa, horixe da koxka. Estatua lehentasun bihurtu, lurraldetasunaren gainetik. Hemen tabu larria da hori. Lurraldetasuna sakrosantua da, dogma ortodoxoa. Baina lurraldetasuna da, noski, independentzia per saecula atzeratuko duen kontzeptua (bide batez, Loiolako negoziazioa zapuztu zuena, Nafarroako sozialisten gogoa behartzeko Ezker Abertzaleak ezarritako baldintza ezinezkoa tarteko).
Ibilbide orri ezin luzeagoak amestera garamatza lurraldetasunak. Lau probintzia hemen, eta hori, ba auskalo, bi edo hiru belaunalditan? (nola?!) eta Iparraldea gero, beste hiru belaunalditan? (re-nola?!!) Gero denok batera, zazpiak ala inor ez? Politika-fikzio sinestezina: inork uste du demografiak eta soziolinguistikak zazpi probintzia nagusiki abertzaletara garamatzala? Egia balitz ere, berandu izango da, abertzaleen autonomismo berrien gauzatze aukerak posible bihurtu baino dexente lehenago izango da Kataluniakoa, Window of Opportunity horren irekiera, eta itxiera.
Aukeraren leihorako prestatu behar dugu. Independentismoa behar dugu orain hausnartu, serioski. Epe labur eta ertaineko planak behar dira, ez du balio Jon Abrilek sine die atzeratutako estatuaren eztabaida. Independentismo benetakoa behar dugu, lurraldetasun eredu desberdinez eta partizioaz hitz egingo duena. Ez dut esaten denen artean adostu, baina hasteko, gutxienik, norbaitek aipatu, gaur hori tabu baita.
Independetismo erradikala behar dugu urgentziaz, katalanak badoazelako. Alferrik zaizkigu 2040. urterako plan autonomista txepelak.
Luistxo Fernandez
Kazetari ohia
Berria. 2010.08.31
Abiapuntua, Katalunia
Honaino gaur Berrian argitaratu didaten artikulua. Bertsio luzeagoa nuen, baina paperak neurri bat du, eta moldatu dut. Hala ere, puntu gehigarri batzuk argitu nahi nituzke. Lehena, abuztuan izandako Aralarreko buruzagi Jon Abrili egindako elkarrizketarena. Abuztuaren azken egunean dator neurea, baina artikulu hau ez da, inolaz ere, Abrili edo Aralarri zuzendutako artikulua, ezta elkarrizketa horrek eragindakoa.
Abiapuntua, neure hausnarketak, Katalunian du. Haiek badoaz, eta gu hemen kieto. Eta badoazelako zantzuak ez daude bakarrik Katalunian, kanpoan ere konturatuta daude. Oso esanguratsuak iruditu zaizkit, bereziki, bi analisi hauek: Manuel Castells pentsalariarena (Murtziakoa da Castells), eta Suso de Toro idazle galiziarrarena. Eta hemen? Martxa honetan, Kataluniako Parlamentuan independentzia aldarrikatzen duten goizean inprobisatuko dut zerbait baten batek.
Ezker abertzalearen autonomismoa
Katalunia bada abiapuntua, korapiloaren muina ezker abertzalearen jarreran dagoela uste dut. Zutik Euskal Herria dokumentua irakurri nuenean duela zenbait hilabete, ikusi nuen estatu egiturarena zein etorkizun hiper-urrunean jartzen duten. Esaldi parea nabarmendu dut goian, eta benetan uste dut antologikoak direla. "...borrokari esker, Euskal Estatua eratzeko aukera irekitzeraino ibilbidea egin dugu / Fase politiko honen helburua Euskal Estatuaren sorrerako bidea egiteko oinarri nahikorik eskainiko duen eremu demokratikoa erdiestea da." Hasieran, beraz, "Estatua eratzeko aukera irekia" dago. Baina gero, irakurri berriro arren, sorrerako bidea egiteko oinarriak eskainiko dituen eremu demokratikoa erdiesteko fase politiko berri baten aurrean gaude. Puf. Zerbaiten aurrean gaude, baina ez barruan, eta zer da? Fase politiko berri bat. Fase hori zertarako? Eremu demokratiko bat erdiesteko. Eremu horretan zer aurkituko? oinarri batzuk. Zertarako oinarriok: Euskal Estatuaren sorrerako bidea egiteko. Kontxo! Arrazoibide logiko korapilatsu horren ondoren, puntu berean gaude, sorrerako bidean!!!
Bide bukaezin horren helmugan, gainera, Hego Euskal Herrirako autonomia da saria. Loiolako Hegiak liburuan ere ikusten da hau. Imanol Muruak su-eten garaiko elkarrizketen zapuzketaren deskribapen zehatza egiten du, eta Muruaren eskutik, protagonistek ere bai. Urkulluk eta Egigurenek diote ETAk agindu zituela azken orduko baldintza haiek. Baina Arnaldo Otegik dio ezetz, ezker abertzalearen hausnarketa propioa izan zela. Urkulluri eta Egigureni baingo gehiago, Otegiri sinesten diot nik, Zutik Euskal Herria dokumentuarekin guztiz kontsekuentea delako Otegik esana, ezker abertzalearen izenean Loiolan jarritako azken baldintza hura: Nafarroa eta EAEren arteko batasun baterako konpromisoa ager zezatela sozialistek. Eta guztiz logikoa da, ze sozialisten gogorik gabe ez dago modurik 4 probintzien autonomia hori gauzatzeko.
Aralarren bidea
Aralarrek ere, funtsean, antzeko zerbait planteatzen duela uste dut. Jon Abrilek Facebooken komentatu zuen bere elkarrizketa, eta erantzun nion, Aralarrek ez duela independentziarako ibilbide orririk. Beste aralarkide batek erantzun zidan han. Facebook erdi pribatua da, eta tira, ez dut testu guztia ekarriko, baina hauxe zioen Aralarko lagun horrek, ibilbide orria bazutela esplikatzeko:
Aralarrek argi ditu pausuak. Iparraldean, apika euskal nortasuna sendotuz eta bidea eginez joango den departamentua, Nafarroan, hainbeste urtetan gure kontra joan den eredu EAE zentrista zokoratu eta eredu integratzaile baten bitartez, gehiengoa lortu. Nafarroan eta EAEn bertan, gehienoak osatu, ahalik eta zabalenak (ezinezkoa da Gipuzkoan bertan ere EAJrik gabe gehiangoa lortzea, ahaztu baduzue) eta erabakitzeko eskubidea barne hartzen duen markoa eraikia. Horretarako, ahalik eta jende gehien batu, hauteskundeetan multzo bakarrean agertu beharrean, gai honetan gutxieneko akordio sendo bat eratuz.
Lau probintzien autonomismo plus hori, eta Iparraldeko ahaldenismoa. Ezker abertzaleak Zutik Euskal Herria testuan marraztutako amets berbera da, azken batean. Okurritzen zait hurrengo urrats logikoa, akaso, Hegoaldearen indepedentzia dela... baina nola ez diguten esaten, ezin jakin asmatu ote dudan.
EAkoen independentismoa
Independentziarekin jo ta fuego dauden besteak Eusko Alkartasunakoak dira. Oporretako itzulerarako, Pello Urizar idazkari nagusiak argi aipatu du: "Independentziarako bideak ez du atzera bueltarik." Eta beren dokumentuaren gogoratu digu Urizarrek, nire artikuluan zeharka aipatu dudana; Eusko Alkartasunaren oinarrizko proposamena Euskal Herriaren independentziaren aldeko akordio subiranista sustatzeko. Izenburu luzea, eta biziki independentista nahi bada, baina, ze independentzia eta nola... horren aipurik ez dago, horixe da egia.
Gainera, Espainiako Estatuaz eta Hego Euskal Herriko egoeraz bakarrik hitz egiten da argi dokumentu horretan. Lau probintzien independentismoa ote berriz ere? Ez digute esaten. EAko beste partaide batek (Txetxu Aurrekoetxea), zazpi probintzia aipatuz halako iritzi artikulu epiko samar bat ere argitaratu du abuztuan, Independentzia Aldarrikapen posible bat, gaztelaniaz. Puntuetako batek dio:
Euskal Herria mantendrá sus fronteras internacionales delimitadas en la actualidad, por Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa y Zuberoa y respetará en su totalidad la soberanía y la integridad territorial de todos nuestros vecinos.
Ze guay! Con todos sus complementos! geypermanak bezala! Baina, ai ene!, Ipar Euskal Herriko gehiengo politiko, soziologiko eta linguistikoaren nahia Hegoaldeko espainolon gurarietara nola makurraraziko den ez du azaltzen Aurrekoetxeak (Frantziako bosgarren errepublikaren egitura ez aipatzeagatik). Magiarekin ez bada, ez zait beste modurik bururatzen.
Erantzunak kargatzen...