Teknologia albisteak
1

Euskaldunon Egunkaria, 20 urte Interneten (eta ni ere bai, bide batez)

Erabiltzailearen aurpegia
2015-12-28 : 10:38

Euskaldunon Egunkariaren 25. urteurrenarekin, duela egun batzuk, egunkari hartan eta Berrian lan egindako hainbat lagun elkartu ginen lehengoan Durangon. Memoria une nostalgikoz bustitzen zaizu horrelakoetan, oroitzen zara gauza on eta kaskarragoekin, eta anekdotekin ere. Eta oroitzapen horietan etorri zait gogora, Egunkariari esker, beste urteurren pertsonal bat daukadala nik ospatzeko: 20 urte Interneten.

Euskaldunon Egunkaria sortu eta 5 urtera, 1995ko urte amaiera partean, igandeetako gehigarrian egiten nuen lan naguisiki, Igandeko KZ izenekoan, eta hartarako erreportaia nagusietako bat lantzea otu zitzaidan: Internet. Zerako zera hura modan jartzen ari zen itxuraz, haren erreferentziak han-hemenka agertzen ziren, eta hortaz, erreportaia baterako interesgarria zirudien.

Informatika fakultatetik abiatu nintzen, ezagutzen nituen IXA taldeko kontaktu batzuen bidez, han besteak beste Eneko Agirrerekin eta Jonmikel Insaustirekin hitz egin nuen. Eusenor entziklopedia-proiektuan lan egiten zuen Andoni Sagarna ingeniariarekin ere egon nintzen (egun euskaltzain osoa da), eta hark ere dexente lagundu zidan. "Bilaketak" zirela Internet-eko gakoetako bat, Google sortu baino urte batzuk lehenago, Sagarnak erakutsi zidan.

Fakultateko lagunen artean, Jonmikel Insaustik bereziki orduko Interneteko euskal esparru murritzeko punturik interesgarrienarekin jarri ninduen kontaktuan, Basque-L posta-zerrendarekin. Posta-elektronikoz funtzionatzen zuen "sare sozial bat": ez bakarrik euskal talde hura ezagutu, posta-zerrenden kontzeptua azaldu zidaten fakultatean, eta hura ere oso inportantea iruditu zitzaidan.

Informatika fakultatean beste gauza bat ere esan zidaten: Euskaldunon Egunkarian akaso edukiko genuela Internet, galdetzeko bertako informatikaria, Oskar Angulori. "Ez da izango!", pentsatu nuen. Baina joan nintzen Oskarrengana bueltan eta, hara sorpresa: Egunkarian bazegoen Internet! Baina, jakina, informatikariaren kontua zen hura, besterik ez zuen behar Oskarrek kazetariak gauza hartan muturra sartzea baino. Ez dut uste ezta zuzendariak zekienik ere han Internet geneukanik.

VT 100 monitoreak eta Theos sistema eragilea

Kontestua ulertu beharra dago, pixkat, Internet eta informatika zer zen Egunkariaren lehen urte haietan. 1990an sortu zenean Euskaldunon Egunkaria, VT100 pantaila kolore-bako batzuetan lan egiten genuen kazetariek. Monitorea eta teklatua genuen, baina hori zen dena, pantaila haiek ez zuten diskete-zulorik, ezta sagurik ere, eta zerbitzari nagusi batera konektatuta lan egiten zuten. Argia aldizkarian eta Egin egunkarian ere sistema bera zegoen, THEOS sistema eragilean oinarritua. VT 100 monitore batean ez dago grafikorik, ez letra tipo aukerarik, ezta sagurik kurtsorea batetik bestera mugitzeko. Programa edo aplikaziorik ere ez geneukan, gaur egunean uler dezakegun eran: testu ediziorako errutina batzuk ikasten genituen, artikuluak nola sortu, nola bete, nola partekatu gure lankideekin, nola bidali produkziora; teklatuko aginduekin guztia, komando eta F-teklen laburbide mordo bat buruz ikasita (edo txuleta paperezkoetan bestela).

VT 100 monitoreak.

Maketazio grafiko baterako kalkuluak egin behar izaten ziren, norberak eginda, edo bestela, marrazten zen paperezko "premaketan" geratzen zen hutsune jakinaren arabera, esaten zizuten, "hainbat karaktere, eta titularra honelakoa bi zutabetara". Pre-maketatik maketara eta orri diseinura beste makina batzuetan egiten zen: PCak ziren haiek, baina programa berezi-berezi bat erabiltzen zuten, Compagitext, zeina ez zen ezta ere, guztiz Wysiwyg (=pantailan ikusten dena dela emaitza grafiko benetakoa).

Compagitext-ek eboluzionatu zuen laster samar Macintosh sistemetako maketazio modu arinagoetara, eta Mac ordenagailuak agertzen hasi ziren, pixkanaka, Egunkariaren produkzio atalean, beraien interfaze grafikoagoekin. Baina kazetariek, egunkaria jaio eta bost urtera, jarraitzen zuten lanean pantaila beltz-berde ez grafiko batzuekin.

Oskar informatikariak ekarri zuen Internet Egunkarira: berarentzako!

Ingurune harekin, Internet kontzeptua ulertzea ere zaila zen: eta alferrekoa, seguruenik. THEOS sistema hartan, disko gogorrik gabeko lanpostu haietan, Internet instalatzea ezinezkoa izango zen.

Baina Oskar Angulo informatikariak, hala ere, ekarri egin zuen Internet Egunkarira, ez kazetarientzat, bestelako lan funtsezko bat egiteko beharrezkoa zuelako baizik: bulegoen arteko komunikaziorako.

Egunkariaren delegazioen arteko komunikazioa elektronikoa zen jada 1990. urterako. Modemak gure herrian Internet baino lehenagokoak dira, eta telefono deien bidez komunikatzen ziren makinak batetik bestera, 1980eko hamarkadaren 2. partetik aurrera. Baina testu kantitate handi samar batzuk ordu kritikoetan pasatu ahal izateko, telefono linea bereziki kontratatuak komeni ziren, punto-a-punto zirelakoak. Hau da, etengabeko telefono konexio baten pareko zerbait ziren haiek. Eta garesti samarrak ziren. Interneten berri kazetariek baino lehenago izan zuen informatikari hark, Oskar Angulok, hantxe ikusi zuen aukera punto-a-punto lineen morrontza ekonomikotik irteteko, eta hartarako hasi zen saltseatzen Interneten, Sarenet enpresaren bidez kudeatutako konexio baten bidez.

Hortaz, Internet han zegoela jakinik, Oscar informatikariari tabarra ematen hasi nintzen, erakusteko ba, ikusi nahi nuela, DERRIGOR BEHAR nuela erreportaia baterako. Eta lortu nuen, bada, Egunkarian Internet ikustea. Eta hura ere, tira, gaurko Internet esperientziarekin zerikusi gutxi duen gauza bat izan zen. Nire laneko estazioa, VT 100 / Theos hura, bateraezina zenez geneukan Internet irteerarekin, erabili ahal izan nuena izan zen, alde batetik, posta elektronikoa PC zuribeltz batean, eta Mosaic nabigazio apur bat diseinurako Macintosh txiki batean.

PINE eta Mosaic

Posta elektronikorako akzesoa erredakzio-buruaren ordenagailuan zegoen, beraz, hura lanean hasi baino bi ordu lehenago hasi nintzen joaten erredakziora, bere lanpostutik saltseatzeko.

Hura ere kolorerik gabeko esperientzia bat zen, baina niretzako izugarri aberatsa suertatu zen. PINE izeneko programa baten bidez sartzen ginen e-posta kontura, eta mezuak irakurtzen nituen. Posta elektronikoko kontu bakarra zegoen Egunkaria osoan, Egunka01@sarenet.es, eta hura nire kontrolpean egotera iritsi zen, kasualitatez edo, beste inork kasurik egiten ez ziolako. Banan-banako mezu idazketak ez zeukan zentzu askorik, ze apenas ezagutzen nuen beste inoren e-posta helbiderik, baina Basque-L zerrendara apuntatu nuen helbide hura, eta hortaz, Interneteko lehen euskal komunitatean parte hartzen hasi nintzen.

Pine e-posta programaren sarrera-orri mitikoa.

Helbide hark EGUNKARIA izena zeraman, eta hortaz, haren izenean jarduten nuela kontuan hartzen nuen, baina batzuetan mezuek izaera pertsonalagoa zeukatenean, iritzi jakin bat emateko edo, sinatu egiten nituen. Nola orduan Athletic Club-eko entrenatzailea Luis Fernandez zen, erabaki nuen haurtzaroko nire izena berreskuratzea, Luistxo, eta Luistxo Fernandez bilakatu nintzen Interneterako (gaur arte hemen nabil, Luistxo bihurtuta; garai hartan Luisito esaten zidaten Euskaldunon Egunkarian eta nik Luis Fernandez izenpentzen nituen artikuluak).

Nabigazioaren esperientzia grafikoa lortzea zailagoa zen, diseinuko Mac haiek erabiltzeko denbora gutxiago nuelako. Hala ere, Mosaic bidez Excite bilatzailearen bidez egindako bilaketen bidez deskubritzen hasi nintzen gauzek txundituta utzi ninduten. Gogoan dut, bai, Excite izan zela probatu nuen lehen bilatzailea, baina laster hasi nintzen Altavista erabiltzen, orduan indartsuena zena (nahiz eta ez zuen domeinu propiorik garai hartan).

Erreportaiarako entzundakoak lehen eskuko esperientzia sinple batzuekin osatu ahal izan nuen. Baina testua entregatu ondoren ere... engantxatua nengoen jada. Jarraitu nuen, batez ere, e-postan eta Basque-L-n, eta pasio bat bihurtu zen hura. Pixkanaka, beste errutina batzuetan ere sartu zen Internet egunerokoan. Informatikariak lortu zuen delegazioen arteko konexioa, eta igandeetako "nire" gehigarrian Interneti buruzko ataltxo bat argitaratzen hasi ginen, Nabigatzen. Prentsa idatzian Euskal Herrian erdaraz edo euskaraz egiten zen era horretako lehen atal "zibernetikoa" izan zen hura, 1996an. Era berean, testu jakin batzuk e-postaz jasotzen ere hasi ginen, handik eta hemendik. Gogoan dut oraindik nola PINE-ra iristen ziren mezuak, erredakzio sistemako THEOS-era pasatzeko zelako instrukzio sorta osatu behar nuen, 4.5eko floppy disk eta guzti, 10 bat minutuko prozesu absurdo bat zen.

Abiada hartuz 1996tik aurrera

1996ko udarako, mugarri handi bat erdietsi genuen: Imanol Murua Atlantako Joko Olinpikoetara joan zen, eta bertatik kronikak Internet konexio baten bidez e-postaz bidaltzea lortu zuen. Espainiako Estatutik akreditaturiko beste inongo kazetarik ez zuen horrela egiten orduan, denek arraro samar begiratzen zioten Muruari.

Gerora... Internet lanbide bihurtu zen niretzat, eta kazetari izateari utzi nion. Euskaldunon Egunkarian Internet erabiltzen jarraitu izan zuten, gero eta profesionaltasun handiagoz. Nabigatzen atala Jabi Zabala kazetariak hartu zuen bere kargu, eta oso ondo egin zuen lan.

2003. urtean, Egunkaria itxi zutenean, Egunkaria.com zen Interneteko euskarazko eduki gehien zeukan domeinua, eta askogatik gainera. Digitalizatutako artxibo handi bat zegoen han, oso ondo landua, hemeroteka ikaragarri on eta handia orduko beste medio batzuekin alderatuta. Eta hura ere desagerrarazi zuten egun batetik bestera...

Zorionez, Berriak, paperean zein Interneten, Egunkariak egindako lehen urrats haien segida bikaina egin du.

Oskar Angulo gaur egunean Berriako informatika arduraduna da, lau laguneko talde bateko nagusia. Ni neu, apenas naizen Luis jada, Luistxo naiz Interneten, eta kalean.

Oskar Angulo, erdian, Egunkariako beste lankide batzuekin, 25. urteurreneko bazkarian.

Erantzunak

2015-12-28 : 14:48

Zorionak, Luistxo, erreportajeagatik. Oso gustura irakurri dut. Diigo-n eta Delicious-en gordetzeko modukoa, geroago kontsultatzeko. Zorionak, halaber, Oskar Angulori, Euskaldunon Egunkariako langileei eta Berriakoei.

Erantzun

Sartu