Teknologia albisteak
2

Euskara eta independentzia: hemen bi eztabaida daude

Erabiltzailearen aurpegia
2015-06-29 : 10:30

Nolabaiteko eztabaida bikoitza bizi izan genuen joan den asteko "Euskara, estatugintza eta naziogintzaren erdian" mintegian, Iruñeko Katakrak-en. Bikoiztasun hori, nik honela ikusten dut:

  • Bata, ea euskara zein punturaino den oztopo, lagungarri ala faktore erabakigarri estatu independente bat eratzeko bidean.
  • Bestea, ea estatu independente batek euskarari behar bezalako arnasa emango ote dion eta baliagarri izango ote zaion.

Euskararen efikazia Estaturako bidean

Lehen puntuaren inguruan, Alaitz Aizpuru ikerlariak puntu interesgarri bat ekarri zuen gogora: "Zein da efikaziaren efikazia?". Apropos erantzun gabe utzi zuen, baina helburu jakin baten balioa ustezko efikaziaren baitan uztearen inguruko zalantza etikoaz ziharduela iruditu zitzaidan. [Aizpururen ikuspuntu hau Jakinen ere irakur daiteke, nahiz eta mintegira beste aurkezpen batekin etorri zen].
 
Euskara faktore ez-efikaz uxatzaile gisa erretratatzen dutenen artean, Lapiko Kritikoa agerkariko batzuk daude, Imanol Galfarsoro eta Unai Apaolaza, nahiz eta haien ahots zuzena ez zen entzun mintegian atzo (beharbada Jule Goikoetxea hauengandik hurbil dago? baliteke, baina matiz gehiago dituen diskurtso bat duelakoan nago).

Zeharkako beste eztabaida bat ere azaleratu zen. Ea alderdi edo estrategia abertzaleetan euskarak, praktika edo diskurtso gisa, pisurik edo zentralitaterik ere ba ote duen. Publikotik, ezker abertzaleko ordezkaritzat jo dezakegun Xabier Alegriak komentatu zuen, independentisten sektorean, berak ikusi duela eboluzio bat, diskurtso marxistak mekanikoki euskarara itzultzetik, euskararen jarduna eta euskaraz jardutea, posizio zentral batera ekartzeraino. Ni, pertsonalki, poztu nintzen hori entzunda (eta baita, noski, politika egiteagatik hainbat urtez preso egonda libre dagoelako azkenean, duela bi hilabetetik hona), baina nire baitarako ere gehitu: "ondo, independentistok, ondo; orain bakarrik falta zaizue independentziarako plan bat edukitzea..." (baina hori beste eztabaida bat da).

Estatuaren efikazia euskarari laguntzeko

Bigarren puntuan, Estatuarekin euskarak zer? Puntu honetan, Unai Apaolazarengana itzuliz, Twitteren ematen duen matrakagatik pixkat mania hartu diodala aitortuz, berraitortu behar dut aldi berean Berrian duela bi igande esan zuena egokia iruditzen zaidala:

"Euskarak zentralitatea izateko (normalizazioa), burujabetza politikoa (estatua) behar al du? Duda barik, bai."

Honekin bat nator, eta Txillardegiren esaldi historikoarekin ere bai: Euskarak estatuarekin iraungo duen, ez dakigu; baina estaturik gabe seguru ezetz.

Mintegiko mahainguru batean, mahaian Joxe Manuel Odriozola, Jule Goikoetxea, Julen Arexolaleiba eta Mario Zubiaga zeudelarik, honen inguruan jardun zuen eztabaidak. Odriozola, garai batean EHEko ordezkaritzat har genezakeena, orain nolabait Orreagaren posizio pre- edo anti-demokratikoekin larratuta dagoela ematen du. Koadro apokaliptikoa marrazteaz gain, independentziarako prozesu bat "vascoen" esku egonik, horretatik ezer onik ezin daitekeela espero esan zigun.

Jule Goikoetxeak eta Mario Zubiagak, berriz, estatuaren botere pragmatikoen indarra egitate bat dela azpimarratzen saiatu ziren. Oso gordin egiten du hau Goikoetxeak "biolentzia" hitza erabiliz, disimulu barik: Biolentzia da Estatuaren ezaugarrietako bat, eta hortaz, demokratizazio prozesu bat bultzatzeko indarra ere badu horrek. Euskal estatu independentista eta feminista bat nahi du Goikoetxeak, xede politiko zehatzak estatuaren gaitasunetatik eratorriko diren esperantzarekin. Horretan bat nator berarekin.

Helburu berari begira, Kataluniara begiratzeko iradoki zigun Mario Zubiaga. "Estatu liberal bat sortzeko, ez dut nahi independentziarik". Esaldi horren faltsukeria okerra salatu zuen, eta nola horri buelta ematen CUP funtsezkoa izan den Katalunian. Total, estatu liberal bat edukitzeko... bueno, orain baditugu bi! (publikotik esan zuen antzeko zerbait Josu Amezaga EHUko irakasleak).

Hauen ondoan, Odriozolarekin lerratuta egon gabe, eszeptiko total agertu zen Julen Arexolaleiba soziolinguista. Bentajarik ikusiko ez balio bezala balizko euskal estatu bati. Estatua lortuta, aldatuko dira politikak euskararen aldeko biratze estrategiko batekin? Ezetz uste du Arexolaleibak, eta horretarako adibide bat jarri zuen, Gipuzkoako Foru Aldundian lau urteko Bilduren aginteak ez duela ekarri funtsezko aldaketarik. Argudioaren tranpa agerikoa zela bota nion orduan: Bilduk ez du estatu bat kudeatu Gipuzkoan, ezta hurrik eman ere.

Hala eta guztiz, gauzatxo bat ere gehitu zuen Arexolaleibak: Espainian edo Frantzia ez izateagatik besterik ez balitz ere, beste estatu mota bat probatzeko prest legokeela di-da botoa emateko bihar bertan. Kontxo! orduan estatu independente bat nahi du! Etorkizunean ezer emango duen ikusteko badago ere, Txillardegiren premisa onartuta, eraiki dezagun lehenbizi, eta ikusi dezagun gero euskara salbatzeko balio duen, simulakro bat den ala tarteko zeozer gertatzen den.

Erantzunak

2015-06-29 : 12:32

Artikulu hau eta mintegi honetaz Luistxok kargaturiko bestea, joan den astean agertu ziren Mugikaria aplikazioaren bertsio berrituan, Eduki Esklusiboen atalean.


Sustatu.eus | Mugikarian, eduki esklusiboa edizio bat irekitzen © cc-by-sa: codesyntax

Esklusibitate hori, Sustatuk sinatzen dituen materialen kasuan, aurrerapentxo bat da aplikazioa deskargatua dutenentzat. Joan den astekoa, hemen dagoela ikus dezakezue orain. Horrez gain, http://www.gananzia.com eta http://etzi.pm agerkarian kasuan, esklusibitatea ere erlatiboa da: webgune horien harpidedun/bazkideentzat edukiak sarean daude, eta Etzi-ko edukien kasuan, irekian ere jarriko dituzte, "aurrerapen" funtzio hori bete eta egun batzuetara.

Gainera, eduki esklusibotxo hauek libreak dira (aplikazioaren azalpen-orrian esaten den bezala), eta bakoitzaren azpian testua jasotzeko aukera bat dago interfazean.


Sustatu.eus | Mugikaria, eduki esklusiboa baina librea © cc-by-sa: codesyntax

2015-06-30 : 16:10

Lehenik eta behin mila esker Iruñera joaterik izan ez genuenontzako horrelako kronikak irakurtzeko aukera emateagatik; eskertzekoa dek. Dena dela, twitterren esan niken moduan, ez haiz fin ibili ni klasifikatzerako orduan. Ez dek lehenengo aldia, euskarak, independentzia prozesuan molestatu egiten duenaren baieztapena nire ahotan jartzen dutela. Hi heuk ere, nahiz eta nik sekula ez esan edo idatzi, independetzia bidean “euskara faktore ez-efikaz uxatzaile gisa” dudala baieztatzen dek. Uste diat badakidala guzi hau nondik datorren.
Euskalgintzak, euskararen normalizaziorako estrategiak alegia, nazionalismoaren marko teorikoa erabili izan dik eta erabiltzen dik. Marko hau dek denok erabili duguna eta gaur egun ere nagusia dena. Euskarari zentralitatea emateko erabili den bidea, berezkotasuna, historia, erlatibismo linguistikoaren hipotesia… izan dituk. Bide hauek, sarriegi, euskararen zentraltasuna borroka politikoarekin bilatu beharrean, borondatetik at dauden faktoreetan bilatu ditek. “Ziurtasun” zientifikoa lehenetsi ditek gehiengoaren borondateak eman lezaken ziurtasuna bilatu beharrean. Hau izan da, ñabardurak ñabardura, nazionalismoaren marko teorikoa erabiltzearen ondorioa. Nik bide hau kritikatu diat, alde batetik Estatua lortzeko indarra izango zukeen subjketu independentista artikulatzeko balio ez duela uste dudalako eta bestetik, euskarari normalizazioa ezin diola ekarri uste dudalako.
Euskalgintzak darabilen marko teorikoa deseraiki eta nire ustez euskararen normalizazioa lortzeko hobea den beste bat zein izan daitekeen seinalatu diat. Kontua dek, euskalgintzan normaltasuna (hegemonikoa) izan den marko teorikoa alde batera uzteak, bat baino gehiago euskara independentzia prozesuan alde batera utzi behar denaren baieztapena nire ahotan jartzera eraman duela. Ez dek horrela inondik inora. Helburua berbera dek, estrategia pentsatzeko marko teorikoa da aldatzen dena. Jakineko azken zenbakian idatzi diaten artikulua (http://www.jakin.eus/aldizkaria/artikulua/nazio-hizkuntza-izateari-utzi-estatu-hizkuntza-izan-ahal-izateko/3604 ) irakurtzera gonbidatzen haut, bertan guzi hau zabalago azaltzen baitiat.
Ba hoixe, zehaztasun eza konpondu dudala uste diat, maniarena aldiz ez zegok nire gain. Ondo segi.

Erantzun

Sartu