Teknologia albisteak
2

"Independentzia ikusmiran, zein estrategia behar du EHk?” Bederen hausnartu, pentsatu, eztabaidatu

Erabiltzailearen aurpegia
2014-09-27 : 08:10
Gaur Argia Eguna ospatzen dute aldizkarikoek, eta ekitaldi zenbait ere antolatu dituzte aurreko egunetan. Bat elkarrizketa musikatu bat izan zen, asteazkenan Usurbilen: “Independentzia ikusmiran, zein estrategia behar du EHk?”. Behingoagatik, galderak ZUZEN planteatu ziren eta erantzunak ARGI entzun ziren (partaide batengandik, bederen). Ez da batere ohikoa halakorik abertzale euskaldunen artean, beti gabiltzalako txiribuelta metaforiko konkreziorik gabeetan. Bideoa hor duzue, baina pasarte batzuk transkribatu nahi izan ditut, entzule izan nintzen aldetik, gordetzekoak iruditzen zaizkit eta.

Urko Apaolaza kazetariak gidoi txukuna osatu zuen dozena erdi galderatan, eta eskertzen diogu (hala ere, ez zuen bere burua aurkeztu eta hori ez dago ondo). Bi gonbidatuetan batek, Asier Blas irakasleak, zuzen heldu zien galdera horiei, eta di-da, erantzun zorrotz eta zehatzak bota zituen. Besteak, Iñaki Antiguedad Amaiurreko diputatu izandakoak (Madrilgo Kongresuan) ez zuen, nire ustez, ganorazko gauza askorik esan (argigarria, neurri batean), eta, hortaz, nik hemen jasotako aipagarriak Asier Blasen pasarteak dira.

Gatazka, independentzia, bi bide?


Gatazkaren konponbidea eta independentzia prozesua nola uztartu izan zen galdera deseroso eta zehatz horietako bat. 15'15''etik bideoan, Blasek hala azaldu zuen:

Bake prozesuak sinbolizatzen ditu gauza asko. Izan daiteke balazta bat, eta nik uste badela, baina gero eta gutxiago, ze ikusten da Espainiar Estatuak ez duela inolako bake prozesutan sartu nahi. (...)

Euskal Herrian bizi izan dira mobilizazio ziklo emankorrak, baina mobilizazio ziklo guztiak bezalaxe, gurea ere bukatu zen. (...) Nahiz eta gizarteko sektore bat oso mobilizatuta eta oso kontzientziatua egon, adibidez presoek bizi duten egoeraren inguruan, zenbakiak jartze aldera (ez dira horiek baina eman dezagun), %25 oso kontzientziatua dago, baina beste %75ari bost axola zaio. Eta horretaz ere kontziente izan behar gara.

Balazta izan daiteke sektore batentzat, eta seguruenik independentziaren alde jarrera irmoena duen sektorearentzako, edo sektorearen parte batentzako. Eta horrek ere badu epemuga. Eta niri iruditzen zait, gero eta garbiago dagoela bakegintzari dagozkion kontuak alde batetik doazela, eta soberania kontuak beste alde batetik.

Gure Esku dagok lortu zuena ekainean izan zen amestea posible dela mobilizazio ziklo berri bat hastea, eta mobilizazio ziklo horren motorea izan daitekeela prozesu independentista bat. Prozesu hori abiatzen bada, ilusioa pizten bada, mobilizazioa zabaldu eta ziklo berri bat irekitzen bada, iruditzen zait bakegintzari dagozkion kontu asko, sozializatzeari dagokionean behintzat, askoz errazago lortuko genituzkeela. (...) Aldarrikapenak bakarrik bakegintza prozesuan eginez, arituko gara behin eta berriro gizarteko %25 horren aldarrikapena elikatzen. Aldiz, demagun abertzaleak gizartean %60-65 direla; guzti horiek aktibatze alortzen baditufu prozesu ilusionante batean, momentu konkretu batzuetan horretara gerturatu den jende asko eta asko seguruenik errazago mobilizatuko da, adibidez presoen alde eta giza eskubideen alde.

Lurraldetasuna, eta mapa txiki samarraren arazoa

Ikuspegi zorrotzena, nire iritziz, eta beharbada polemikoena, lurraldetasunaren auzia deskribatzean jarri zuen Blasek [25'25''].

Nik uste dut lurraldetasuna izan dela urteetan trabarik nagusiena. Edo, nahi bada, erabili den aitzakia. Gurean independentista asko zegoen baina independentista izatea nortasun kontu bat zen, ez zen proiektu kontu bat. Ez zegoen proiekturik. Zure burua independentista izendatzea zer zen? azken batean besteengandik desberdintzeko modu bat, ideologikoa...

Nik uste dut lurraldetasunaren aitzakia horrek daukan ibilbidea gero eta txikiagoa dela. Iñakik aipatu duen bezalaxe, gizarte osoa gero eta pragmatikoagoa da eta ulertzen ari dena da, gehiengo demokratikorik gabe ezin dela eraiki lurraldetasunik. Eta gehiengo demokratikoak direnak dira. Orain esperantza handiak daude Nafarroan, ikusiko dugu zer gertatzen den. Baina, printzipioz, pentsatzen badugu Europan eta munduan daukagun...

Puntu horretan Esloveniako kasua aipatu zuen Blasek, eta jarraituz, 27'35''ean...

(...) munduko nazio gehienek aldarrikatzen duten lurraldea ez da gero gauzatzen estatuan lortzen dutenean. Hori da errealitatea. Guk ze arazo daukagu? Euskal Herriak 20.000 kilometro karratu dauzka; EAEk 7.000 eta Nafarroak 10.000. 20.000tik 7.000n gelditzea... Hala ere, pragmatikoak baldin bagara, eta independentzia prozesu egingarri bat lortu nahi badugu epe motz-ertainean, badakigu izan behar duela EAEn, edo EAE gehi Nafarroa.

(...) Eta konparatuko bagenu EAE estatu bezala edo Hegoaldea estatu bezeala, eduki aldetik oso desberdinak izango lirateke, adibidez euskrari dagokionean.

Gauza guzti hauek egin behar dira hausnartu, pentsatu, eztabaidatu. Ez naiz esaten ari EAEren aldeko hautua egin behar denik. Ez. Esaten ari naizena da, proiektu bat nahi badugu, eraiki nahi badugu, guzti honetaz hitz egin behar dela. Eta gai hori nolabait desblokeatu behar dela, ze bestela, aitzakia bezala erabiliko dugu per secula seculorum.

Eztabaida eta hausnarketa ireki eta sintzero horretarako, akaso trabak ere baditugu gure izaera sozio-politiko-antropologikoan. Politika erlijio gisa bizi dugula nolabait, esan zuen Blasek, metafora batera makurtu zen une ahul bakarrean. Oso elizkoiak garela eta bakoitzak bere parrokiako apaizak dioena jarraitzen duela. Eta, hortik atera behar dago nolabait, aurrera egin behar badugu. Alderdiekiko independentzia kritiko bat behar dugu. Independentzia lortzeko, bakoitzak zer egin dezakeen galdetuta, halaxe erantzun zuen Blasek [48'15'']

Herritarrak gero eta independenteagoak izan. Pertsona bezala. Eta honek lagunduko du gizartea aktibatzeko aukera gehiago izaten.

Katalanak eta gu

Katalunia eta Eskoziako kasuen azterketa ere egin zen ekitaldian. Aholku gisa katalanei, edo akaso bere preferentzia bezala, ataka honetan katalanek hobetsi beharko luketena hauteskunde plebiszitarioak direla esan zuen Blasek [1'10''].

Nire ikuspegitik, Kataluniari komei zaiona da hauteskunde plebiszitario batzuetara joatea, gehiengo garbi batekin irabaztea independentismoak eta aldebakarreko aldarrikapena egitea.

Beste gauza bat da, formalki, oso ondo dagoela pauso guztiak ematea, eta nazioarteko komunitateari erakustea, "gu saiatu hara ahalik eta txukunen ibilbidea egiten, independentzia eskratzen, autodeterminazio eskubidea egikaritzen, baina Espainiak ez gaitu utzi". Alde horretatik, kontsultaren eguna beharrezkoa da. Baina kontsulta hori loteslea edo adostua ez bada Estatu Espainiarrarekin, arrisku bat dauka horrek.



Gero, Katalunia independentziara hurbiltzen bada, akaso gauza batzuetan arazo handiagoak lituzke Nafarroak edo EAEk erregimen ekonomikoarekin duten malgutasun praktikoarekin alderatuta. Baina, aldiz, beste gauza batzuetan, abantaila nabarmena dute katalanek, esparru sinbolikoan (eta ez hain sinbolikoan) asko aurreratu dutelako. 48-49. minutu inguruotan aipatzen du Blasek nola TV3ren leloetako bat izan den "nazio batentzako telebista". ETBn ez dago halako bokazio baten aztarnarik, Blasen ustez (nire ustez ere ez). Gauza sinboliko eta ez sinboliko askotan atzetik goaz, Eusko Jaurlaritzak ez daulakako soberania ikertzeko institutu bat, katalanek dutena bezala (izena, Institut d'Estudis Autonomics, baina tapadera bat da izen hori, 1990ko hamarkadatik dabil lanean).

Euskara balizko estatu independente batean

Azkenik, aipagarria iruditu zitzaidan baita ere, euskara eta independentziaren arteko erlazioaz galdetzean, Asier Blasek erantzun zuena [53'35'']:

Euskalduna ez den euskal estatuak, Irlandak duen zentzu bera luke, balizko Eskozia independenteak lukeen zentzu bera. Nire ikuspegitik, independentzia gradu txikiagoa lukeen estatu bat litzateke.

Izan ere, euskara independentzia gradu handiago bat izateko faktore gisa deskribatu zuen Blasek, estatua lortuz gero. Baina adi, ea euskararen gaia nola tratatzen dugun, independentziarekin gaztelania debekatuko dela leporatuko digutelako [Blasek berak entzuna bere lanean, unibertsitateko eskolak ematen].

Inteligenteki jokatu behar dugu euskararekin, jakinda gainera, estatua ezinbestekoa dela euskararen etorkizunerako. (...) Ez dut esan nahi euskal estatu bat elebakarra izan behar denik), baina euskal estatu horretan egon beharko dira eskualde batzuk elebakarrak direnak, ze hizkuntza batek iraun behar badu, izan behar du antolakuntza instituzional batean nagusigo hegemonia osoa. (...) Euskarak behar du esparru politiko instituzional bat hegemonia garatzeko. Horrek bakarrik ekarriko dio erabateko normalizazioa.



Txalo, txalo, eta txalo. "Gauza guzti hauek egin behar dira hausnartu, pentsatu, eztabaidatu", dio Asier Blasek. Sinatzen dut nik ere (besteak beste, segitzen dudalako pentsatzen, hemen Espainiatik eskapatzeko zirrikiturik suertatzen bada, Kataluniako aukeraren leihoak irekiko duela hori eta ez beste ezerk; eta serio pentsatu eta eztabaidatu barik iristen bagara egun horretara, jai dugu).

Eskerrik asko Argia, hau antolatzeagatik, eta musutxo bat Carles Belda musikari katalan-euskaldunari (bideoaren amaieran topatuko duzue): banekien gaelikoz baiezkoa Bu Chòir zela eta ez Aye, baina ez nuen muturrik zabaldu nahi izan ekitaldian... Ondo igaro Argiakook zuen gaurko egun honetan.

Erantzunak

2014-09-29 : 11:50

Ez dut hitzaldia ikusi, baina pare bat ohar konkrezioaren inguruan:

Uste dut normala dela oraindik Katalunian dagoen bezainbesteko konkreziorik ez egotea. Izan ere, noiz jarri da martxan han? Mobilizazio sozial handia egon ondoren (2010etik honako diadak, adibidez) eta partidu politikoen gehiengoak prozesuaren alde agertu ondoren.

Eta uste dut EHn, oraingoz, ez dagoela ondo definitua ez bata ez bestea. Bai, Gure Esku Dagok lortu zuen mobilizazio handi bat egitea eta jende asko elkarlanean jartzea, baina bere ibilbidea hasi besterik ez du egin. Denbora pixka bat gehiago behar da elkarrekin lanean jarritako guzti horiek sintonia gehiago izateko.

Talde politikoen artean, ba oraindik agian okerrago. EHBildu ta Sortu gatazkaren konponbidean zentratuak (ados, orain aldatzen ari dira) eta EAJ EHBilduren planteamenduak onartzeko beldurrez, agian CiU ta ERC ikusita. Eta egia baldin bada ere katalunian prozesuaren motorra gizartea dela, CiUk paso egin izan balu beste egoera oso ezberdin batean egongo lirateke...

Horrexegatik, konkrezioak bai, baina ez politikarien aldetik. Edozein gai borroka partidista nola bihurtzen den ikusita, eta "sorpasso" mamuak ta hauteskundeak hain hurbil egonda, polemikarako baino ez lukete balioko. Eta Gure Esku Dagori, bide orri zehatz bat egin dezala, baina bere egitura sendotu eta finkatu ostean.

2014-09-30 : 11:19

Bide orria, hain juxtu, hitz horiekin zehazki, Gipuzkoako Batzar Nagusiek eskatu zioten Foru Aldundiari duela bi urte.


«Gipuzkoako Batzar Nagusiek Foru Aldundiari dei egiten diote, Espainiako Estatuko Gobernua etengabe egiten ari den esparru anitzeko erasoei aurre egiteko lidergoa har dezan eragileekin batera bide orri bat lantzeko, independentzia helburu».

http://www.berria.eus/paperekoa/1601/011/001/2012-09-28/independentziaren_aldeko_mozio_bat_onartu_dute_gipuzkoako_batzar_nagusiek.htm

Nik uste dut Martin Garitanok kargua utziko duela eskaerari kasurik egin gabe. Akordatu gabe ere, seguruenik.

Gure Esku Dagok, bestalde, asteburuan zerbait esan du. http://gureeskudago.net/eu/?option=com_content&view=article&id=363:norabidea-adostu-dugu-ebazpenak&catid=14:ged&Itemid=101 "Hiru fasetan sailkatutako norabideari ekingo" diote.


- Aldarrikapena ehundu, edukiontzia, hautestontzia osatu
(Pedagogia, konplizitate berriak, aniztasuna, erabakitzeko eskubidea guztion topaleku)
- Adostu, edukia, galdera/k, data/k adostu
- Gauzatu, erabaki.

Lurraldetasunaren kontuan sartzeko intentziorik gabe, beharrezko hausnarketak atzeratu eta lausotu besterik ez da egiten horrela, nire iritziz.

Erantzun

Sartu