Telebista aldaketa egin nuen etxean eta Smart TV bat erosi. Ez dakit asko ez telebistaz ez ikus-entzunezkoen ekoizpen eta negozioez, ezta ere, sakonean,
Smart TV-ren teknologiaren barne detaileez. Baina erabiltzailearen ikuspegitik, lehen esperientziatik apunte batzuk idaztera animatu naiz.
Batetik, modeloa. Jakin nuen Smart TV edo telebista adimentsuen mundu honetan etxe bakoitzak bere sistema (eragile) propioa duela. Ez dago, inondik ere, mugikorretan topatzen dugun iOS/Android dualtasuna. Estandarrik gabe, monopolio argirik ere ez dago, eta horregatik aplikazio zehatzak polikiago haziko dira.
Azkenean, etorriko denaren aurrerapen osatu gabea da orain Smart TV-arekin lortzen duzuna. Eta marka batekin lortzen duzunak, auskalo balio duen beste batekoa azaltzeko. Baina tira, Internetera dedikatzen naiz (CodeSyntax enpresaren blogean artikulu honen
gaztelaniazko bertsio bat idatzi dut), eta modelo bat behar nuela erabaki nuen.
Samsung bat erosi nuen. Marka hori edo LG (hau ere Hego Koreakoa) gomendatu zidaten, eta pentsatu nuen, gainera, aplikazioen mundua baldin bada telebista hauen funtsa, Samsung-ek derrigor esperientzia izan behar duela alor horretan.
Eta hilabete pasata, hona kontakizuna.
Aplikazioak dira koxka
Batetik, telebista modu arruntean ikusteko ustezko detaile adimentsu batzuk ditu: programazioa aurkezteko modua, adibidez. Ez diet inolako graziarik ikusi horiei. Konexioen bidez, beste gailu batzuetara ere lotzen da, eta bereziki pendrivearen USB zuloaren erabilpena oso ondo datorkit, azpititulutako materiala primeran ikusten baitut horrela. Baina gauza hauek smart ez diren telebistek ere badituzte gero eta gehiago.
Benetan balio duena app-en parrilla edo aplikazioen ezarpenak dira. Berez batzuk zekartzan, eta beste batzuk instalatzen ahal dituzu erakustoki batetik. Ez da sistema gardena: ez dakit Donostian jasotzen dudana Hendaian beste euskaldun batek jasoko lukeen gauza bera ote den (susmatzen dut ezetz). Aplikazioen katalogo argi bat balego sarean, eta haiek jarri ahalko balira... Google Play hobeto dago antolatua tablet eta telefonoetarako: Samsung telebistarena ez da inondik inora berdina. Baina tira, dauden aplikazioekin, badaude gauzak merezi dutenak.
Aplikazioak doan dira, baina gero askorekin ezin da askorik egin. Internetera modu "arruntean" konektatuz sortu beharko duzu kontu bat (eta ordaindu) aplikazioari etekina ateratzeko. Adibidez,
Wuaki.tv, filme eta telesailak streaming-ean alokatu edo ikusteko. Kontua sortu web bidez, telebistan zure kontuarekin lotura egin, eta film bat ikusten duzun bakoitzean, euro gutxi batzuk ordainduko dituzu.
Doako aplikazio batzuetan ere web/tb erregistro sistema honek funtzionatzen du. Adibidez, interesatzen zaizu Vimeo edo Youtube kontu bat baduzu, biak lotzea telebistarekin. Horrela, bulegoan nago lanean, eta bideo bati gogoko ematen badiot, gero nire telebista handian gozatzeko aukera izango dut. Esate baterako, login eginda bazaude Vimeon,
https://vimeo.com/samsung helbidearen bidez aktibatu lotu ahal izango duzu telebistarekin zure kontua.
Ordainduta, kirol arraroak ikusten
Ordainpeko esperientzia pare batera ere apuntatu naiz.
MLB.tv AEBetako beisbol profesionala ikusteko da. Gaitasun handiko aplikazioa iruditu zait (19 euro hilabete soltea, ez da merkea). Egunero dozena bat partidu daude, zuzenean, eta bakoitzaren bi seinale dituzu (etxeko edo kanpoko taldearen telebista zerbitzu propioa). Era berean, partidu guztiak gordeta daude berrikusteko, txukun antolatutako sistema batekin (beisbolaren
inning edo sarrerekin joan zaitezke une interesgarrienetara). Beisbolak irauten duenarekin, ez dago nahikoa ordu egutegian dena ikusteko. Gauza bat du txarra, iragarkiak falta: eten asko dago eta pantaila urdin bat azaltzen zaizu,
Commercial break dioena. Kate originalen iragarkiak emango balituzte entretenituagoa suertatuko zen, Detroit-eko autosaltzaileak edo janari mexikarreko kateak izan arren ere.
Beste kirol batzuengatik ere ordaindu dut:
EurosportPlayer aplikazioa merkeagoa da MLB baino, baina prestazioetan eskasagoa. Funtsean, ordainpeko pakete batzuetan topa ditzakezun Eurosport 1 eta 2 kateak ikusteko balio du, eta zenbait emanalditan, beste seinale paralelo gehiago ere bai (tenis txapelketa nagusietan pista bakoitza zuzenean adibidez). Baina arazoetako bat da aplikazioaren webgunean gehiago dagoela pentsa dezakezula, 6 eguneko gordetako bideoen artxibo bat ere badagoela agertzen baita. Bai, baliteke aplikazioak horrela funtzionatzen Windows, iOS edo Android inguruneetan, baina ez Samsung honetan. Hor ez dago bideo artxiborik... Abisatuko balute sikiera, baina hori ere ez. Oro har, aplikazio zatikatuen mundua denez Smart TV-ena, gauzak ez daude ondo dokumentatuta eta ez dakizu, gauza bat erosi eta benetan probatu arte, zer lortzen duzun benetan. Orain ez badago ere, urrian artxiboa ezarriko diote EurosportPlayerri? Auskalo. Gainera, audio aukera bakarra izatea (espainolez) okerra da: denak badituzte zerbitzarian, zergatik ez eman beste hizkuntza batzuetakoak ere? (kirol batzuetan eskertuko nuke).
Aukera 'sozialak' baino gehiago, ikus-entzunezkoak nahiago
Twitter eta Facebook ezagunen aplikazioak ere badaude, baina erabilpen esperientzia pobrea ematen dute. Bien konbinaketa ematen du
Social TV izeneko beste batek, horra lotu zure kontu sozialak, eta erabiltzen duzunean telebista kate arruntak ikusten dituzu, baina irudia bi herenetera murriztuta pantailan: aldameneko beste herenean Twitter eta Facebook-eko komentarioak agertzen zaizkizu. Ez nau gehiegi komentzitu, oraingoz. Sareko nabigatzaile bat ere badago, baina sagu edo teklaturik gabe oso zaila da erabiltzen, eta sarri trabatzen da gainera.
Benetan funtzionatzen duten aplikazioak telebista (edo bideoak) ematen dutenak dira.
Frequency batzaile interesgarri bat da, kanal eta kontu sozialak gehitzen dizkizu eta multi-kate baten gisako zerbait da, klip interesgarriak ikusteko. Beheko irudi honetan Frequency daukat irekita, eta hango Facebook azpi-atalean lagunen batek
Imanol Epelderen klip bat kargatu edo aipatu du, eta horixe agertzen zait.
Zuzeneko telebista batzuk ikusteko moduak ere badaude:
France24h,
TV3 katalana edo
CNBC zuzenean ikus ditzaket horrela, seinale satelitez edo antenaz etxera ez datorren arren (Irango telebista mordo bat ere bai, aplikazio bati esker: kate batzuk kurdueraz direla uste dut). Beste telebista batzuek bideo bildumak ematen dizkizute:
BBCNews albiste freskoak,
Disney Channeleko hainbat telesailen azken egunetakoen artxiboa,
Viki telebista artxibo asiar ikaragarria... TED aplikazioa ere ondo dago.
Aplikazio hauen ondoan, beste batzuek eskaintzen dutena apenas da teletestua baino zertxobait gehiago: El Pais edo El Mundo egunkarienak, adibidez. Horretarako, garapena aurreratu zezaketen.
Ikus-entzunezkoetan izenak duen garrantziagatik,
Youtube-ren aplikazioak merezi du aparteko begiratua. Tresna interesgarria da, eta Android mugikorrekin sinkronizatzeko duen modua, harrigarria (
hemen deskribatzen da, Chromecast izeneko trasto horrentzat egin dutena berdin baitabil Samsung-arekin). Androide duen mugikorra edo tableta erabiltzen duzu Youtuben gauzak aurkitzeko (edo txio batetik klik bat egiten duzu), eta mugikorretik telebistara igortzen duzu zuzenean (telebistak jasotzen duen Internet sare bera erabili behar du mugikorrak wifira lotuta egonez). Hala ere, Youtubeko aplikazioarekin ere ulertzen ez diren gauzak gertatzen dira.
Playlist bat antolatzen duzu jaia egiteko etxean, eta gehitzen dituzu
Bananarama edo
Hues Corporation; baina gero, telebistan, Hues agertuko da, eta Bananarama ez. Zergatik? auskalo zein den motibo esoterikoa.
UX edo erabiltzaile-esperientzia zaila
Era berean, Youtube hobexeago antolatua egon daitekeen arren, telekomandoarekin edo interfazearekin jarduteko modua da ia-ia ausazkoa. Geziak, Return, Menu, Enter... honela edo hala zer lortzen den oso zaila da jakiten. Eta Youtuberekin ez badu asmatu argia izatea Googlek, ba pentsa gainerako aplikazioekin. UX esaten zaion erabiltzailearen esperientziaren alorrean asko dago egiteko: ia dena.
Hortaz, ia dena egiteko badago, eta merkatua hain zatikatua izanda... merezi zuen erostea? Uste dut baietz. Telebistaren prezioaren zatirik handiena pantailaren tamainak eramaten du une hauetan. Smart etiketa gehitzea behin hazbete mordoxka bat ordainduta, agian 100 euro gehiago dira.
Euskarazko edukiak ikusiko ote ditugu?
Garapenaren aldetik... merezi du inbertitzea? Euskal Herrian, inork egin beharko badu, Euskal Telebista izango da. Suposatzen dut inbertsio handia egin zutela
Nahieran sortzen, baina, daitort, ordenagailuko esperientzia gisa, Nahieran-ek ez nau erakarri sekula ere. Samsung-ean banu antzeko zerbait, agian etekin handiagoa aterako nioke (baina egia esan, ez dakit seguru). Baina nola garatuko du EITBk Samsung-erako eta LGrako eta Sonyrentzako eta...?
Euskarazko ikus-entzunezko materiala duten gainerako aktoreek zer egin dezakete? Youtube kanalak sortu, suposatzen dut, eta horien harpidetza sustatu, Youtuberen aplikazio hedatuen bidez edukia errazago hel baitaiteke telebista hauetara. Vimeo ere hedapenerako plataforma egokia izan daitekeela ematen du. Beste era bateko batzaile espezifikorik egiterik izango ote dugu? Umap batek Twitterreko euskarazko zukua ateratzen duen bezala, ikus-entzunezko eguneko klipen zuku-aplikazio erdi-automatizatu bat? Merkatu zatikatuak jarraitzen duen bitartean, zaila ikusten dut. Aurrerago, ez dakit.
Gainera, banatzaileen esku zaude, eta aplikazio bat asmatuz gero ere, Donostian Samsung batean ikus dadin agian Madrilgo Samsung-eko exekutiboak komentzitu behar dituzu, eta Hendaian ikus dadin Pariskoak... Jakin ere ez dakit hala izango den ala ez.
Pertsonalki, probatzen jarraituko dut, gauza bat edo beste ordaindu ere bai. Ikasi, ahal bada, eta disfrutatu ere bai. Telebista kontsumoak kontzientzia txarrik ez badizu ematen, gomendatzen dut Smart TV-a.
Diozunez "beste telebista batzuek bideo bildumak ematen dizkizute: BBCNews, Disney Channel, Viki, TED aplikazioa". Horixe izan liteke ere egunkariek sortu dituzten WebTBak ikusteko aukera bat; esaterako http://live.huffingtonpost.com/ edo http://live.wsj.com/ aplikazioak badaude smartphone eta tabletetarako. SmarTVan ere ikusten dira?
Paisen eta El Mundoren kasuan, egia da ez dutela batere garatu euren bideo eskaintza; El Mundok gainera "zuzenekoak" eskaintzeko kanalak ere sortu ditu, baina orokorrean nahiko eskaintza eskasa eta murritza dauka.
Ikusita egunkari askoren apustua bideogintzan ere badela, Smart TV aplikazioak gehitzen joango dira, ez bakarrik entretenimenduko kanal edo eskaintzekin.