Sustatu logoa Teknologia albisteak

Udako ekitaldietan, erdarazko aukera ume euskaldunentzat (Balenciagako kasua)

Luistxo Fernandez
2012-07-23 10:49

Zera da kontua: Ekitaldiak antolatzen direla hizkuntza politikarik gabe edo, asko jota, "en bilingüe", eta orduan, ba, akaso, galdera gerta daiteke hasieran... nola egingo dugu? "Ah, bueno, que uno dice que... todos entendemos en castellano, ¿no?"

Nagusiekin deserosoa bada hori, pentsa zer den haurrekin, oso mingarria da.

Horren aurka egin behar dela uste dut. Gogorra da beti errebelatzen ibili beharra (Xabier Gantzarainen artikulu bikain bat horretaz hemen) baina... Era honetako borrokalditxo bat izan dut egun hauetan Getariako Balenciaga Museoarekin. Umeentzako ekitaldi batzuk antolatu dituzte, hizkuntza irizpiderik gabe... Twitter bidezko elkarrizketa arraro baten ondoren (ikusi behekoa), irizpide absurdo bat eskaini zidaten, ekitaldi batera apuntatutako lehen haurraren hizkuntzan izango zela ekitaldia. Apuntatu nuen alaba batera, eta, a ze txiripa! nola lehenak izan garen, abuztuaren 27an euskaraz izango dugu zerako zera (bueno, 5 haur behar dira, mesedez apuntatu, hemen eta hemen duzue informazioa).

Balenciaga museoarekin elkarrizketa

Pertsonalki, oso-oso gogorra egiten zait ekitaldi batera bidali alaba UEMAren parte den udalerri batera (Getaria), bertan gaztelaniaz egin diezaioten. Konformatzekotan nengoen esan zidatenarekin eta nire kasa jendea biltzen saiatzearekin, baina asteburuan ikusi nituen Balenciagakoen tuitak, ume erdaldunak eskatzen bisitaldi baterako, eta beren kontua errepasatu dut eta ikusi dut euskaraz egingo omen dena iragartzeko ez dutela ezer esan... Sustatura ateratzea kontua pentsatu dut.

Urgull Mendikoak

Beste antzeko protesta bat Donostiako Udalaren aurrean planteatu dut. Han ere, urteak dira Urgull mendian udan umeentzat antolatzen diren ekitaldiak "en bilingüe" direla, hau da, beti gaztelaniaz praktikan... Iaz eta aurten udaberrian mezu batzuk trukatuta, uste nuen aldatuko zutela plangintza, baina 2012ko udarako inprimatu eta jakinarazi diren egitarauetan (PDF), berriz ere, dena "en bilingüe". Beste mezu truke batzuen ondoren, ziurtatu didate, ordea, ekitaldiok euskaraz direla, eta ume erdaldunik hurbiltzen bada, hari aparteko azalpenak emango dizkiotela begiraleek.

Badakit Donostia Kulturako arduradunek bat egiten dutela kezkarekin, bidali dizkidaten mezuengatik, eta espero dut aurtengo udako soluzio probisional horren ondoren, hurrengoetan gauzak argi esango direla: noiz den zer euskaraz (eta gaztelaniaz antolatzen badira gauzak, ba antola bitez, baina betiere, euskaraz ere bai noski).

2012ko uda... antolatua dago dena, suposatzen dut. Baina 2012-2013 ikasturteko gauzak, egin daitezela planak beste modu batean. Balenciagakoen parametro absurdo eta inprobisatuen ordez, errespetuzko hizkuntza-politika bat. Urgull mendirako esku-paperetan, errespetuzko hizkuntza-politika bat argi zehaztuta, jakin dezagun denok. Eta politika hori ez da "euskaraz bakarrik", baizik eta "euskaraz ERE", eta euskaraz noiz izango den planifikatzea eta adieraztea egitarauetan. Haurrentzako, eta nagusientzako ere bai.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu