Sustatu logoa Teknologia albisteak

Ekitaldien ordutegian, segregazio linguistikoa mesedez

Luistxo Fernandez
2012-05-24 10:05

Ekitaldi batera joan, eta jakin ez ea euskaraz artatuko zaituzten. Euskaraz bizi nahi izanez gero ordaindu behar izaten duzun deserosotasun horietako bat. Umeekin joanda, deserosoa baino gehiago, mingarria izan daiteke. Iristen zara, eta... edo gaztelaniaz da, edo "bilingüe" txafardero batean. Gerta liteke, gainera, galdera iristea: euskaraz ala gaztelaniaz egingo dugu? Ez dakit horrekin ze espero den sustatzea, herri-demokrazia edo zer, baina oso deserosoa da talibantzat agertu behar izatea eta euskaraz, mesedez aldarrikatzea, ze, beti dago, nola ez, erdaldunik zu talibantzat hartu eta, kexaren aurrean, gaztelaniara eroango duena jarduna. Hablemos en castellano, no me impongas tu lengua.

Halako azkena, Donostian antolatutako Scratch Egunean izan zen. Gurasoentzako azalpen hitzalditxoa egon zen, eta nolabait, tira, en bilingüe joan zen, hizlariarentzako une tentsoak barne.

Baina kontua ez da hori. Kontua da antolakuntza. Donostiako San Telmo museoan, bisita gidatuak antolatzen dira, eta hizkuntza zehazten da baterako edo besterako. Eta Tabakaleran berdin egiten zuten, oso txukun. Beste toki batzuetan halako politikarik aplikatu ezean, sentsazio itsusiekin joan daiteke bisitaria etxera (Pagoetako naturguneko adibide penagarri bat hemen, duela urte gutxikoa). Uste dut horixe dela bidea, hizkuntzaren araberako segregazioa egin ordutegietan, 10.15etan euskaraz, eta 10.30etan gaztelaniaz, adibidez.

Lehen halakorik egiten ez zuen erakunde bat Kutxaespazioa zen, Donostiako Miramong gaineko zientzia museoa. Orain bai, Eureka Museoa izena dutelarik, hizkuntza zehazten dute jardueretan, eta zuzentzeagatik zoriontzea merezi dute.

Zuzendu behar luketen hurrengoak Donostia Kultura patronatuaren Urgull mendiko jarduerenak izan beharko ziren: oporretan, liburutegi bat eta jarduera txokoak irekitzen dira Urgull mendian, eta liburutegiko ipuin kontaketaren hizkuntza bakarrik markatzen dute hizkuntzarekin. Beste jarduerak desberdinak dira, "mendira igo eta umeak gaztelania entzutera derrigortzera arriskatu" kategoriakoak. Mesedez, Donostiako Udala, aurtengo udarako, programatu jarduerak hizkuntzaren arabera, eta halaxe jakinarazi programetan, eskerrik asko.

Amaitzeko gehituko dut: umeen kasuan bada, eta aurrekontu edo denboraz estu bagabiltza, uste dut ezer moztu behar bada erdarazkoa dela, euskarazko heziketa ezarrita dagoen euskal lurraldeetan bederen.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu