(Pasadizo bi, egunkari bi, denboran errepikatzen den errealitate gordina). Egun batean, klasean, 3.mailako (EGA) ikasleei artikulu batzuk banatu nizkien, ia egunero egiten udan bezala. Seguruenik, Onintza Enbeita edo Anjel Lertxundiren bat izango zen, ez naiz gogoratzen. Edizio digitaletik inprimatuta zeuden; beraz, Berria.info logoa zeramaten. Banatutakoan ikasle berri batek, mutil jatorra, ikastolan ikasitakoa, baina bertatik irten zenetik euskararik egin ez zuenak, galdetu zidan: "Leire, ikusi dut banatzen diguzun orrietan beti helbide bera agertzen dela. Zer da, euskaraz dagoen web orriren bat?"
Ez nekien barre, negar, oihu edo zer egin! Ez zekien Berria existitzen zenik! Irakasle gelara joan, eta paperezko edizioa eroan nion. Sekula ikusi barik zeukan! Ni flipatzen nenbilen, haluzinatzen, ahoa bete hagin. Ez zekien euskara hutsezko egunkari bat zegoenik!
Hau gertatzerakoan, beste historia batekin gogoratu nintzen. Duela 20 bat urte, Bergarako UNEDko euskara sailean "Sakontze maila" (EGAtik gorakoa) egiten genbiltzan Eibarko lagun batzuk, tartean Luistxo Fernandez, orduan Euskaldun Egunkarian beharrean. Goiz erdian atsedena izaten genuen, eta kafea hartzera joaten ginen. Taldeko baten lehengusina ere etortzen zen gurekin batzuetan. Neska hau Gipuzkoako Goierriko ikastola bateko andereñoa zen.
Tabernarantz gindoazela gutako baten batek plazako kioskoan Egunkaria erosi zuen. Eta goierritar honek galdetu zuen: –Ze periodiko da hori? –Egunkaria, guk. –Bai, baina zein? –Euskaldunon Egunkaria. –Euskaraz? Baina badago periodikorik euskaraz?
Imajina dezakezue denon aurpegia, eta Luistxorena zer esanik ez! Kontua da, Sakontzen ia jende guztiak ekartzen zuela Egunkaria besazpian klasera! (Orain ez bezala) Nola izan zitekeen neska hark inoiz ez ikusi izana? Jakin ere ez jakitea existitzen zenik?
Lehenengo anekdota otsailaren 20aren inguruan gertatu zen. Jakina, Berria erakustean mutilak esan zidan berak itxi zutena ezagutzen zuela, baina ez zekiela besterik atera zenik. Orduan, azalpenak ematen hasi behar nintzen zer izan zen bidegabekeria hura. Ginera, epaiketan errugabeak zirela esan zutela aipatu nien; izan ere, Ermuan nabil klaseak ematen…
Baina nola azaldu Goierriko irakasle hari eta Ermuko ikasle honi Euskaldunon Egunkariak zer garrantzi zuen guretako? Zer izan zen hura sortzea eta euskaraz lehenengo aldiz berripapera irakurtzea? Albisteak euskara hutsez (eta egokian) leitzea? Zer apurtu zitzaigun bihotzean itxi zutenean?
Eta Berriak ere gure bizitzetan, lanean, ikas-prozesuan horrelako garrantzia izan du (eta izan behar du)? Zer litzateke atzera ere euskara hutsezko kazeta barik geratzea, bai beste sumario batengatik, bai euskaldunon interes faltagatik, bai diru ezagatik? Hori ere katastrofikoa litzateke! Behar dugulako, nahi dugulako, gurea delako. Zizta dezagun!
Zoritxarrez, antzekoak gertatzen zaizkit niri ere. Euskaltegi baten dihardut, eta aurreko batean, “Sortuko?” izeneko “zutabea” nerabilela, A.Iturbek idatzia, ikasleek esan ez zidaten, bada, ez zekitela zer kantari buruz ari zen artikulua. Tamalgarria, benetan! Zer edo zer ari gara txarto egiten, ala?
@txargain nik egingo nukeena zera da, ikasleei esan egunero Berria erosteko edo harpidetzeko. Eta internet bidez "kontsumitu" nahi badute, hala egiteko. EGA lortzen dutenean, Berriak hor jarraituko du, haien bizitzan. Horretarako joaten da jendea euskaltegira, euskalduntzeko, ezta?
Erosterena zaila da, izan ere ia guztiak edo ikasleak dira edo langabezian daude. Baina oker zabiltza, ia guztiak titulua ateratzera etortzen zaizkigu. Askok eta askok titulu hori lortutakoan, ez dute ez Berria irakurriko, ezta euskaraz egingo ere. Bestela erabilerak gora egingo zuen, eta 15 urtean geldituta dago, zoritxarrez!
Niri behintzat, izugarria iruditu zait irakurri dudana. Izugarria, ezinezkoa... ez dakit nola esan. Baina pentsatzen dut ez badira/baziren bere momentuan enteratu benetan gaiarekiko interes handirik ez zutelako izango zela.
Baina berriro diot, sinestezina iruditzen zait.