EITBren euskarazko jarduna bultzatzeko Aldatu Gidoia plataforma eragileak oharra kaleratu du nabarmenduz ETB3ren itxieraren ondoren, aire-bidezko telebistan ETB1 ON-en bidez haurrentzako programaziia jartzeko erabakia ez dela nahikoa: "behin behineko adabaki bat da, ez nahikoa eta bermerik gabea". Horren ordez telebistak konbentzionalean zein plataformetan marka propioa zainduta eta indartuta ikusi nahi du Aldatu Gidoiak. Horrela bakarrik "izango gara gai haurrak EITBren orbitara eta euskarara erakartzeko". Makusi plataformaz gain, Makusi katea 24 orduz eta 7 egunez; hori eskatzen dute oharrean.
Aldatu Gidoiak dioenez, "telebista linealetik haurren eskaintza erabat kentzeko arriskuak hor jarraitzen du. Horregatik, talde euskaltzaleak EITBko buruei eskatzen die «euren asmoak zein diren publikoki argitzeko". Aldatu Gidoiak dio "eragileek erakutsitako batasunari eta herritarren aktibazioari esker" lortu dela, "behin behinean eta partzialki" bada ere, "EITBren erabakia baldintzatzea eta ETBren kateetan haurrei zuzendutako eskaintza-tarte bat mantentzea". Baina zera ohartarazten du: "Hau hasi besterik ez da egin. ETBren telebista linealetik haurren eskaintza erabat kentzeko arriskuak hor jarraitzen du. EITBko buruek ez dute eten haurren kate eta eskaintzaren desegite-prozesua".
Hori esateko, EITBko arduradunek "apirilaren 1eko bileran esandakoetan" oinarritzen da talde euskaltzalea: "argi adierazi ziguten erabakia irmoa dela, eta epe motzean erabateko trantsizioa egitera doazela Makusi plataformara". Hala, ekimeneko kideek "kezkaz" ikusten dute egoera, eta "EITBko buruei eskatzen die euren asmoak zein diren publikoki argitzeko".
Halaber, Aldatu Gidoiak bestelakoan dio "herritarren eskariaren aurrean", EITBko buruek ez dutela "ez sakoneko zuzenketarik egin ezta konpromiso argirik hartu ere". Izan ere, haren ustez, "EITBko zuzendaritzak abian jarritako neurria behin behineko adabaki bat da, ez nahikoa eta bermerik gabea". Ildo horretatik, zera adierazten dute: "apirilaren 13tik, haurren marrazki bizidunak eta edukiak telebistaz emititzeko, seinale berezitu bat sortu ordez, ETB1 On-en seinalea lurreko telebista digitalerako duplikatzea erabaki dute. Hori, esanguratsua izateaz gain, ez da jasangarria denboran".
Aldatu Gidoiak zera aldarrikatzen du: "telebistan haur eta gaztetxoei beren-beregi zuzendutako seinale eta marka propio bat behar dugu. EITBn, aurrerantzean, Makusi izango bada haurren erreferentziazko marka, marka horrek konbentzionalean ere bere isla izan behar du". Eta gehitzen du: "datuek adierazten dute telebista konbentzionalak oraindik adin tarte guztietan indarra duela, eta bere bukaera oso urruti dagoela. Horrenbestez, ez zaigu onargarria iruditzen haurren euskarazko eskaintzari dagokionez, garrantzia esanguratsua duen arloa abandonatzeko asmoa izatea".
Eskaera hauxe da: "Makusi plataformaz gain, Makusi katea behar dugu, 24 orduz eta 7 egunez haur eta gaztetxoentzat irekian euskaraz emitituko duen katea, alegia. Bietan, konbentzionalean zein plataformetan, haurren marka propioa zainduta eta indartuta soilik izango gara gai haurrak EITBren orbitara eta euskarara erakartzeko. EITBk telebista konbentzionaletik haurrei zuzendutako eskaintza ezabatzen badu, ez du zerbitzu publiko gisa dagokion eginkizuna beteko, hots, ez die haur eta gaztetxoei euskarazko ikus-entzunezko edukietarako sarbide unibertsala bermatuko".
Are, Aldatu Gidoiak zera defendatzen du: "Ohiko telebistan haurrentzako berariazko erdarazko kateak dauden bitartean, euskarazkoak ere hor egon behar du, iraganekoa baino zainduagoa eta erakargarriagoa gainera". Eta galdera luzatzen du: "nola liteke auzo-hizkuntza handiek haur eta gaztetxoen kate linealari eustea, eta euskaldunok "lehenak" izatea "geure kabuz" euskarazko haurren katea ixten? Euskara minorizazio gorrian dagoen hizkuntza izanik eta euskararen biziberritzeak inork eta ezerk baino gehiago behar dituenean baliabideak. Euskalgintzako eragileok ezin dugu haurren erreferentzia nagusietako bat hustea eta desegitea ontzat hartu, are gutxiago inolako bermerik gabe. Euskaldun komunitatearen hizkuntza-eskubideei buruz ari gara. Hortaz, ez zaigu ez bidezko ez zilegi iruditzen EITBko buruek ikusle-datuak eta kontsumoa euskarazko eskaintza murrizteko erabiltzea. EITBren zerbitzu publikoak, orain arte, euskaldunon hizkuntza-eskubideei dagokienez, defizit ukaezina izan du. Bada, epe motzean, konbentzionaletik haurren eskaintza kenduz gero, defizit handiagoa izango du, ez baititu haurren eskubideak bermatuko".
Bukatzeko, Aldatu Gidoiak dio datozen asteetan "ahalegin berezia" egingo duela "haurren berariazko katea berrezartzeko aldarrikapenaren bueltan eragile euskaltzaleak biltzeko": "herritarrek argi adierazi dute haurrei zuzendutako berariazko euskarazko katea nahi dutela; beraz, 30.000 sinadurek ematen duten legitimazio eta indarrarekin, arduraz jokatzea dagokigu, eta aldarrikapen horri tinko eustea".
Erantzun
Sartu