Matx tokiko kirolaren sare sozialak podkast bat hasi zuen iaz, eta orain abiatu da bere bigarren denboraldia, joan den igandean argitaratu zen lehen atalarekin. Goi mailako euskal kirolarien beste aldea erakusten jarraituko du Matx Podcastak. Iazko denboraldiak izandako harrera ikusirik, bigarren bat egitea erabaki dute. Eta oraingo honetan ere, Basque Team fundazioarekin elkarlanean ekoiztutako saioa izango da. Kirol minoritarioetan gorenean dauden euskal kirolariak izango dira gonbidatuak eta Nahia Zudaire igerilari zubietarra izan da aurtengo lehen protagonista (igandean argitaratua, hemen duzue entzungai eta ikusgai, bideopodkastak baitira Matxenak).
Nahia Zudaire igerilariarena bezala, hurrengoak ere ez dira ohiko kirol elkarrizketak izango; kirolaz hitz egingo bada ere, kirolarien beste aldea ezagutzeko helburua izango du saioak. Berriketaldiaz gain, galdera intimoak edo jolas dibertigarriak ere proposatuko dira. “Ohiko kirol elkarrizketak alde batetara utzi eta kirolariekin ondo pasatzea nahi dugu. Kirol entretenimenduzko saio bat da gurea”, adierazi digu saioko aurkezle Aratz Losadak.
Matx podcastaren bigarren denboraldiak sei kapitulu izango ditu eta hileko azken igandetan estreinatuko dira. Abuztuan eta abenduan izan ezik, gainontzeko hilabete guztietan elkarrizketa berri bat entzuteko edo ikusteko aukera izango dugu.
Kapitulu guztiak Matx sare sozialean egongo dira inon baino lehen, tag edo etiketa honen bidez aurki daitezke. Era berean, Basque Team-en plataforma digitalek, Matx.eus berak eta Tokikom taldeko hainbat toki komunikabidek ere eskainiko dute saioa euren webguneetan, telebistetan eta irratietan.
Erantzun
Sartu