Teknologia albisteak

Ekaitz Santaziliaren 'Euskargazki' ekimenaren emaitza Wikipediara igo dute

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 11:40

Ekaitz Santaziliaren hainbat urtetako proiektua, Euskargazki, Wikipedian dago orain, Wikimedia Commons artxibo biltegian. Hogei urteko ibilbide bat izan da Santaziliak egina, euskararen historia eta euskalarien bizitzak dokumentatuz. Urte batzuez Blogak.eus zerbitzuan ere egon zen Euskargazki, baina orain beste etxe bat aurkitu du Commons-en, 700 argazkirekin.

Euskal filologoa eta hizkuntzalaria da Santazilia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzailea. Gainera, Fontes Linguae Vasconum aldizkariaren zuzendaria da. 

Euskargazkirekin egin duena mapa kolektiboa da, Euskal Herriko bazter askotan euskarak historian zehar utzitako aztarnen gure hizkuntzaren presentziaren lekuktza. Azken hogei urteotan, euskararen historiari buruzko ehunka lekukotasun grafiko bildu ditu: hilarriak, inskripzioak, plaka zaharrak, eraikinetako idazkunak eta gure hizkuntzaren presentzia erakusten duten beste hainbat aztarna.

Ondare hori ezagutzeko eta zabaltzeko helburuarekin, Santaziliak bildutako materiala antolatu eta gizarteratzeko urrats garrantzitsua eman da orain. Horretan Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak (EWKE) lagundu du, eta Nafarroako Gobernuko hezkuntza saileko lankide batek ere, Uxue Cardenasek. Azken honen ekarpena izan da irudiak sailkatu, geolokalizatu eta lizentzia libreekin argitaratzea, ondare hori mundu osoko erabiltzaileen eskura jarriz.

EWKEk bere oharrean dioenez, lan honi esker, "euskararen historiaren lekukotasun baliotsu hauek ez dira soilik kontserbatuko; ikertzaile, irakasle, ikasle eta herritar ororen eskura ere egongo dira, berrerabili eta zabaltzeko aukera emanez. Ekimen honek erakusten du memoria eta teknologia uztartuz posible dela gure hizkuntza-ondarea zaindu eta mundu osora zabaltzea. Euskargazkiren 700 irudi hauek, azken finean, euskararen historiaren leiho txikiak dira, denon eskura daudenak eta etorkizunerako gordeta geratuko direnak."

Hona Euskargazki bilduma Commons-en. Adibiderako argazkia goian, Inazio Eizmendi Basarriren jaiotetxeko oroigarria, cc-by-sa Ekaitz Santazilia.

Erantzun

Sartu