Fermin Muguruzak protesta egin du duela aste batzuetako albistea dela eta: ETSk 300.000 euro jaso zituela Bihotzen Konkista birako Bartzelona eta Madrilgo kontzertuengatik. Musika biretarako hainbat euskal musikarik jasotako AT! Musika programaren laguntzak alderatu ditu ETSrenarekin. Iaz 175.000 euroko aurrekontuarekin 47 proiektuk jaso zuten laguntza, tartean Muguruzak berak 12.500 €. "175.000 euro 47 taldeentzat versus 300.000 euro talde bakar batentzat. Hau ez da magia, hau pribilegioa da."
Astean Musika Bulegoaren sariak eman dituzte, eta horien artean bat egokitu zitzaion Fermin Muguruzari, Etxepare Euskal Institutua Musika Saria, euskal musika nazioartean hedatzen eta ezagutzera ematen laguntzen duten artisten lana aitortzen duen saria.
Saria jasotzeko, testu bat prestatu zuen Muguruzak, eta ez dakigu ekitaldian osorik irakurriko zuen, baina bai zabaldu du bere edukia Lanarteak, sortzaileen eta Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak. Fermin Muguruzak ez du En Tol Sarmiento (ETS) aipatzen testuan, baina argiki 300.000 euroko proiektua haiei emandako laguntza da.
Testua Etxepare Institutuari eskerrak emanez hasten da, eta eskertza gehigarri batzuk daude tartean, anaia zenari, Iñigo Muguruzari, gomuta tarteko. Baina gero erreibindikazio edo protestara doa Irungo artista:
".Mugikortasunerako laguntzen garrantzia azpimarratu nahi dut: AT! Musika programaren bidez, talde askok nazioartean aritzeko aukera izan dutelako. Kasu! Musika-biretarako laguntzak gehienez 5.000, 10.000 edo 15.000 eurokoak izan daitezke, biraren distantzia eta emanaldi kopurua kontuan hartuta. Eta iaz 175.000 euroko aurrekontuarekin 47 proiektuk jaso zuten laguntza hori. Ni neu ere onuradunetako bat izan nintzen, 12.500 € jasoz.
Horregatik, zaila egiten zait magia-trikimailu hau harrapatzea: Eusko Jauralaritzak bere xixteratik nola atera duen untxia, barkatu, "untxi gaiztoa", barkatu, "untxi gaiztoaren etxetxoa", barkatu... 300.000 euro, zuzenean talde bakar bati emateko bi kontzertu eskaintzeagatik Madril eta Bartzelonan. (...) Mesedez: Dirulaguntza publikoek ez lukete Bad Bunnyren etxetxoaren antzik izan behar: publikoa denak plaza ireki bat bezala funtzionatu beharko luke, ez erreserbatua bezala, non bakarrik sartzen den "hatzamarrez" hautatzen dena.
175.000 euro 47 taldeentzat versus 300.000 euro talde bakar batentzat. Hau ez da magia, hau pribilegioa da, exklusibotasuna. Zinez uste dut baliabide horiek gardentasunez, irizpide profesionalekin eta aukera-berdintasuna bermatuz banatu beharko liratekeela Etxepare Institutuaren bidez.
Zaindu dezagun euskal musikaren ekosistema eta atera gaitezen mundurat! Ruper Ordorika maisuak esango lukeen bezala: Zaindu maite duzun hori."
Informazio osatzeko:
Erantzun
Sartu