1757ko apirilaren 4an, astelehena, Le Dauphin itsasontzi kortsarioa Baionatik irten zen 34 lagunekin Louisbourg aldera, garai hartan Frantziak Nova Scotian zeukan gotorleku eta portura, Kanadan. Printzipioz, bidaiak sei bat aste iraun behar zuen, baina bosgarren egunean hiru fragata britainiarrek harrapatu eta Portsmouth hirira eraman zuten Le Dauphin ontzia, eskifaia eta guzti. Halakoetan ohi bezala, ontzia enkantean saldu aurretik, epaiketa egin zen. (Artikulu hau Faroan ere argitaratu da).
Bi mende eta erdi geroago, Xabier Lamikiz Historia irakasle euskalduna Londresen ari zela bere doktore tesia prestatzen, Britainia Handiko Armadaren Artxiboan Le Dauphin itsasontziaren posta zorroa aurkitu zuen: 170 gutun, horietatik 50 euskaraz idatziak. Xabier Lamikizek berak Euskadi Irratiari esan dionez, frantsesez idatzitako gutunak Baiona inguruko burgesek eta merkatariek idatzitakoak dira. Euskaraz idatzitakoak, berriz, herri xeheak. Hauen artean, igorle gehienak emakumeak, marinelen emazteak eta amak. Jasotzaile gehienak, ostera, gizonak: marinelak, eskulangileak eta dendariak, besteak beste, denak Louisbourg inguruan zebiltzanak.
Xabier Lamikizen ustez, gutun horiek erakusten dute XVIII. mendean Iparraldeko euskaldunek ohitura zutela euskaraz idazteko.
Informazio hori bat dator Kepa Altonagak bere azken liburuan, Back to Leizarraga, aipatzen duenarekin. Altonagak dio XVIII. mendean Iparraldean Ororen eskolak zeudela, non bertako haurrei irakasten baizitzaien euskaraz irakurtzen eta idazten. Hainbat liburu ere argitaratu bide ziren helburu horrekin, tartean Instructionea gazteriarentçat eta Adrien Enperadorearen galdeac sei urthetaco haur bati.
Laster, Lapurdum aldizkariak ale berezia aterako du, horixe esan du Xabier Lamikizek irratian, eta bertan eskainiko du euskarazko 50 gutun horien transkripzioa, euskararen inguruko azterketa eta testuinguru historikoa. Lan horretan, hain justu, ibili dira Xarles Bidegain, Aurelia Arkotxa, Manu Padilla eta Xabier Lamikiz bera, Iker taldearekin.
Esan gabe doa gai hau erabat txertatzen dela Albaola proiektuan, zeina berreskuratzen ari baita garai hartako ontzigintza bere adar guztiekin, hizkuntza barne.
Tokitan gaude orain...!