Googlek publizitatean erabiliko gaitu
Joan den ostiralean, Googlek iragarri zuen “Shared Endorsements” programa, eta horren bidez, Kaliforniako enpresak gure izena, irudia eta komentarioak erabil litzake bere iragarkietan, oinarri hartuta Google + sareko ‘+1’ botoietan egindako kliketan, bertan utzi ditugun iradokizunetan, edo mapetan bilatu ditugun lekuetan. Era horretara, guri baimenik eskatu barik, Googlek iragarkiak erakutsiko ditu, eta bertan geu agertuko gara, geure onespena ematen produktu horiei. Zenbaiten iritziz, hori eginda Googlek marra gorri bat zeharkatu du.
TechCrunch aldizkariak dioenez, Google ez da lehena izan. 2011n Facebookek eredu berri bat sortu zuen publizitatea egiteko: “Sponsored Stories”. Facebooken bertan “datsegit” sakatu baduzu konpainia baten orrian, edo bertan erantzun bat utzi, jaitsi baduzu aplikazio bat edo partekatu lotura bat, iragarleek ordaindu egingo dute zure profileko argazkia eta izena ager daitezen iragarki batean.
Twitterrek ere erabiltzen ditu “Promoted Tweets” direlakoak, non erakusten baititu zuk jarraitzen ez dituzun negozioak. HPren “promoted tweet” batek, esate baterako, zure harian erakutsiko ditu HP jarraitzen duten hiru kontu, zuk jarraitzen ez dituzunak. Hala ere, Twitterrek ez du erabiltzen zure aurpegirik, hitzik edo edukirik bere iragarkietan.
Erreakzioak
Era horretako iragarkiak, non erabiltzaileen irudia eta hitzak agertzen diren onespena ematen bertako produktuei, oso erakargarriak dira iragarleentzat, baina era bidegabean merkaturatzen dute erabiltzailearen irudia, Marc Rotenbergen iritziz, berau EPIC pribatutasunaren aldeko taldearen zuzendaria. Honen aburuz, hau “pribatutasunaren inguruko arazo larria da”, eta AEBetako Merkataritza Batzorde Federalak aztertu egin beharko luke aldaketa, urratu egiten baitu 2011n Googlek ezarritako agindua, zeinak debekatzen baitzuen pribatutasunaren inguruko baldintzak modu erretroaktiboan aldatzea.
Seth Godin idazlearen iritziz, neurri horrekin Googlek marra gorri bat zeharkatu du. “Enpresa publikoek (burtsan kotizatzen dutenak), ezinbestean ia, bilatzen dute irabaziak haztea aurreikusi baino bizkorrago. Alegia, hasieran erakargarri egin zutenetik eratorritako hazkunde organikotik harago. Irabaziak hazteko, tipikoa izaten da jendea kontratatu eta saritzea, etekinak neurtu eta areagotzeko, nahiz eta enpresak hasieran ezarritako helburuen kontra joan”.
Erantzunak kargatzen...