Lourdes Idoiagaren alde
Aurrera egin aurretik, argitu nahi dut Lourdes Idoiaga nire koinata dela. Argitu nahi dut, halaber, zenbait gauzatan Lourdesek eta biok ikuspegi diferenteak ditugula. Jakinarazi nahi dizuet, orobat, ez Lourdesek ez eta nire familiak ez didatela eskatu haren alde idazteko. Erabaki hori neuk hartu dut, sutan jarri bainaiz gertatutakoaren berri izan eta Bergarako Gaztetxean ipinitako pankartaren argazkia ikusitakoan.
Antza denez, pankarta egile anonimoari ez zaio gustatzen Lourdes Idoiagaren jarrera atez ateko zabor bilketaren aurrean, eta erabaki du ordua dela Lourdes akojonatzeko —eta, hedapenez, Lourdes moduan pentsatzen dutenak. Horretarako, SS erakundeko gazteriaren metodoa aukeratu du: pankarta baten bidez saiatu Lourdes zikintzen zabor deituta, eta mehatxatu berau erraustearekin.
Zorionez, Bergarako Udalak gaitzetsi egin du, aho batez, bertako gaztetxean gertatutakoa. Zoritxarrez, gaztetxeko ordezkariei nahikoa iruditu zaie esatea “beraiek ez direla izan”, Goiena.net-en irakurri dudan legez. Horrelako mehatxuek gainditu egiten dute, eta usteldu, eztabaida politikoa, eta basakerian murgiltzen gaituzte, ez baditugu erabakimenez arbuiatzen.
Lourdes Idoiaga ospitaleratu behar izan zuten, eta ni sinistuta nago jasotako mehatxu horrek zerikusi zuzena duela haren egoerarekin. Atzo ezkero etxean dago berriro ere, zaintza medikuan, eta gaur, hilak 27, ezingo da egon osoko bilkuran, Oñatiko Udalak egingo duena gai hori eta beste batzuk tratatzeko, baina ez da isilik geratu, eta “Nahikoa da!” esan du, Goienan argitaratutako gutun batean. Espero eta desio dut gaur Lourdesek Oñatiko Udalaren babesa jasoko duela, Oñatik ezin baitu onartu bere herritar batek horrelako tratu txarrik jasotzea.
Erantzunak kargatzen...