2013an bada ere, Francoren garaiko ikurrei agur
2013-04-09 11:51
Andoaingo hainbat etxebizitzatan jarrita zeuden Francoren garaiko plakak kendu dituzte azken asteetan, Udalaren eskariari jarraituz. Hona, @aiurri astekarian landuko dugun artikuluaren aurrerapena:
Andoaingo hainbat etxebizitzen atarietan oraindik orain jarrita zeuden Francoren garaiko ikurrak kentzen aritu dira bertan bizi diren herrikideak, azken asteetan.Udal gobernuak, gutun bidez, euren etxe-atarietan legearen aurka doan sinbologia dagoela jakinarazi ostean gertatu da hori. Bizilagunek administrazio bileratan aztertu ostean, kentzeari ekin diote.
Herriko zenbait etxeetako atarietan itsatsita urtetan jarraitzen zuten plaka frankistak kentzen ari dira bizilagunak azken asteetan, Udalak eskatuta. Ekimena "Oroituz, Andoainen" elkarteak sustatu du, herrian ikusgai zegoen sinbologia frankistari buruzko txostena aurkeztu eta gero. Franco hil zela jada 38 urte igaro diren arren, hamahiru etxebizitzen atarietan ikurrek hor jarraitzen zuten, guztion bistara. Zehatz esanda, honako etxebizitzatan: lau Agustin Leitza kalean, bina Extremadura kalean, Plazaola kalean, Olagain auzoan eta azkenik, Aiztondo kalean. Horiez guztiez gain, beste plaka bat Gabriel Aresti kalean.
Falangearen ikurrak
Plaka guzti horiek berdintsuak dira denak. Francoren gobernuko Instituto Nacional de la Viviendak jarri zituen, 1960 eta 1970eko hamarkadatan, hain justu etxebizitza horiek eraiki ziren garaian. Falange Española de las Jons mugimenduak beretzat hartu zuen ikurra (bost gezi eta uztarria) ageri da plaka guztietan.
Sinbologia frankista kentzeko eskaera iaz egin zuen Oroituz elkarteak, 2012ko martxoaren 28ko Udal batzarraldian. Hiru puntuko mozioa aurkeztu zuen orduan elkarteak:
- 1936-1939an giza eskubideen urraketak jaso zituzten Andoaingo herritarren errolda ofiziala osatzea.
- Desagertuta dauden 57 andoaindarren argazkiak eta euren biografia biltzen duen panela Miranda pasealekuan jartzea.
- Sinbologia frankista oro kentzea.
Beste aldetik, Patxi Lopez Lehendakari zeneko Eusko Jaurlaritzako Giza eskubideen Zuzendaritzaren ekimena, zeinak EAEko 41 udalerrietan ikur frankistak katalogatu zituen, etorkizunean kentzeko asmotan.
Erantzunak kargatzen...