Aurten ere, aurreko batzuetan bezala, Volgako Batelarien ordezkaritzak –oraingoan “Ez Dok Armairu/Ez Don Armairu” emanaldi poetiko-kabareteroko gainontzeko partaideen laguntza paregabeaz– nabarmendu nahi izan du Eako Poesia Egunetan; izan ere, hori da egiten dakiten gauza bakarra, beren burua nabarmentzen ahalegintzea. Poeta eta kultur jende orok bezala, bide batez esanda. Sustatuk kontuari buruzko ohar labur bat idazteko eskatu dit, eta nabarmentzen jarraitzeko aukera honi huts ezina iritzita, hona hemen web orri honetan bertan aurki dezakezuen Karmelo Landaren kronika –nekez– osatuko duen El País S Modarako gehigarri modukoa.
Ez da lehenengo aldia Volgako Batelariak dress code berezi batez hornituta joan direla Bizkaiko kostaldeko herrixka adeitsuan ospatzen den literatur jaialdira. 2009an, memoriak huts egiten ez badit, look marinelaz joan ziren jantzita, badakizue, alkandora marradunak, txano popeyearrak, Jean Paul Gaultierren lurrinen iragarkien airea… nahiz eta, funtsean, janzteko modu hori erreferentzia ezin kultuagoa izan, kasu horretan euskal letretan gero eta ugariagoa bihurtzen ari den literatur portuario guztiari alegia.
2010ean, ordea, hawaiiar trazako alkandora loredunak izan ziren ekipamenduaren ardatza, kapelarekin batera. Taldekoon berezko alaitasun tropikala islatzeaz gain, une horietan euskal literatura igarotzen ari zen sukar bidaiari-erasmistarekin bat egiteko –eta huts egindako– ahalegina izan zen, zer esanik ez.
Eta 2012an Ramones-en tixerta, kasu honetan, esan bezala, Volgako Batelarien ordezkaritzak (Ibon Egaña, Angel Erro, Iban Zaldua) eta "Ez Dok Armairu/Ez Don Armairu" emanaldiko kide ez batelariek (Mikel Ayerbe, Jokin Azpiazu, Kattalin Miner) zeramatena. Eta honek ze aitzakia literario zuen galdetuko duzue. Hala bada, elastikoaren logo tuneatua arretaz aztertu ez duzuen seinale. Agian honela hobeto ikusiko duzue:
Asmatu duzue: JOEY * JOHNNY * DEE DEE * TOMMY ipini beharko lukeen lekuan –edo beste izen batzuk, noski, MARKY, RICHIE edo C.J. bezala, depende Ramonesen zein formazio duzun gustukoen–, Ramon Saizarbitoriaren nobelen izenburuen hasierak paratu dira: EGUNERO (hasten delako), 100 (metro), HAMAIKA (pauso), MARTU(tene) –kasu honetan laburdura, baina kontuan hartu behar da “Martu” dela Martutene nobelaren irakurleen erkidego hazkorrak erabiltzen duen kariñozko apokopea, liburua amaitu duzula aditzera ematen duen keinu-gakoa hain zuzen ere. Gainera, egia esan, ez zen osorik sartzen–. Aukera horrek, noski, beste izenburu batzuei erreferentzia egiteari uko egitea zekarren –ENE (Jesus), BIHOTZ (bi), GORDE (nazazu lurpean), KANDINSKY(ren tradizioa)… –, baina horrela, neurri batean, idazlearen bi etapa nagusien isla orekatua eskaintzeko bidea ematen zen –honek, edonola ere, Ramonesen formazio ezberdinen kasuan bezala, kamiseta ramoniano/saizarbitorianoaren bertsio ezberdinak sortzeko aukerak zabalik uzten ditu…–.
Laburbilduz, zer hobeto, Poesia Egun batzuetan, narratzaile bat –gure narratzaile handienetako bat– aldarrikatzea baino? Azken finean, Ramones, izenaren kointzidentziaz haratago, galtzaileen musika-talde bat zen. Eta zer da prosa, bada, poesia egun batzuetan? Ba galtzailea, noski.
Hala ibili ziren Batelariak & Armairuak, beraz, larunbatean, emanaldiz emanaldi –bueno, bat edo bestera huts egin zuten…– eta gin-tonicez gin-tonic –horietan gutxiago egin zuten huts–. Hemen duzue beste estanpa bat, pose ramonesco are ederragokoa, Iban Zalduak eskuan daraman poltsa laranja barkaezin horrek hondatuko ez balu.
Post Scriptum: Baina dena ez zen iji eta aja eta fribolitatea izan, ez pentsa; taldea lan egitera joana zen Eako Poesia Egunetara –tira, hitz egiteko modu bat da–, eta, igande arratsaldean “Ez Dok Armairu/Ez Don Armairu” errezitaldiaren munduko biraren azkeneko saioa eskaini zuen Natxituako bolatokian. Jokin Azpiazu irudi- eta soinu-teknikari gisa aritu zen Mikel Ayerbek, Ibon Egañak, Angel Errok eta Kattalin Minerrek gidatu zuten espektakuluan –oso bestelako dress code batekin, bidenabar–. Rikardo Arregik eta Juanjo Olasagarrek, ekimenaren beste bi partaideek, ezin izan zuten bertan egon, tamalez, baina gogoan izan zituzten, haien poemen irakurketaren bitartez. Ohi bezala, Ayerbek Joseba Gabilondoren testu bat irakurri zuen, eta Itxaro Borda, Iñigo Astiz eta Iban Zaldua aritu ziren guest starring gisa.
Hemen azpian, amaiera aldeko argazki bat: Angel Erro, Kattalin Miner, Mikel Ayerbe eta Ibon Egaña “Ez dut inoiz zakil bat ahoratu”-ren bertsio gainsbourgzalea errezitatzen/kantatzen (“Je t’aime, moi non plus”-en oinarri melodikoaren gainean, alegia).
Eta, jakina: esker mila Asun, Karmelo eta Eako Poesia Egunen antolaketan buru-belarri ibili zen jende guztiari. Plazer bat izan da, beti bezala.
"Reservoir Dogs" style argazkia, enmarkatzekoa.