Jon Sarasua: Euskal Telebista eta euskal telebista
2012-07-10 13:51
Euskarazko telebista esparruaz eztabaidarako gogoeta bat
- Gauza bat da Euskal Telebista eta bestea euskal telebista. Bi plano dira ETB eta euskarazko telebista.
- Euskarazko telebista-espazioa pentsatzean hautu jakin bat egin zen: monokultiboa, telebista publiko-autonomiko baten monokultiboa.
- Elkarren artean sortu beharreko sinergia eta multimediaren aldaketak gorabehera, esparru honetako alor bakoitza (telebista, irratia, prentsa idatzia, Internet sarea...) nola egituratu pentsatu behar dugu. Hiztun komunitatearen potentzial, erakundetze eta kapital sozialean oinarrituta birpentsatu beharko da euskararen hedabide esparrua.
- Ez du gehiegi merezi 30 urtetan monokultiboaren eredua bultzatu izanaren arrazoiak bilatzen luzatzea. Zalantzarik gabe, egin den hautua egiteko arrazoien artean dago joko politikoa ere.
- Badira arrazoiak pentsatzeko euskararen komunitatearen desafioetan gizarte ekimeneko enpresen bidez, enpresa sozial errotuen bidez, lortzen dela eraginkortasunik eta errentagarritasunik handiena. Honetarako, gai hau euskal erakunde sarearen analisi instituzionalean kokatzea komeni da. Alor estrategikoak gizarte ekimeneko sareen esku, enpresa publiko-administratiboen esku ala bien arteko banaketaren esku uztearen gaia, neurri handian baldintzatu du lehia politikoak, kontrol nahiak eta kontrol susmoak. Gure herriaren potentzial sozial nagusietakoa -autoeraketaren bidez tresna, erakunde eta enpresak sortzekoa- ahuldu da horrela.
- Aurreko hiru hamarraldietan euskarak aukera on bat izan zuen espazio garrantzitsu bat irabazteko. Tokian tokiko telebisten gaia erabat birjin zegoen garaian. Debagoiena bezalako salbuespen batzuk kenduta, apustu hori erdibidean baino atzerago geratu zen, eta agintarien aldetik apustu koordinatu bat egiteko ezintasunagatik eta bisio faltagatik.
- Eredu matriziala bera birpentsatu beharra dago: batetik, eredu matriziala bera birpentsatu; bestetik, Teknologia nahiz eskaintza uholde baten panorama berria; amaitzeko, pitzadura politikoa beste egoera batera pasa izana eta horrek blokea zitzakeen hainbat posibilitate irekitzeko ahalbidea.
- Euskal hiztun komunitatearen analisi bat izatea beharrezkoa da euskarazko telebista esparrua pentsatzerakoan. Perfil batzuk esanguratsuak izan litezke telebista espazioa, telebista motak nahiz programazioak pentsatzerakoan.
- Beharrezkoa da kontuan izatea hizkuntza komunitate horren mailakatzea edo barne-egitura ere. Erdigunean dauden "Hiztun osoak" euskaraz bizi eta euskaraz kontsumitzeko hautua egin dutenak, euskararen garapen prozesuan aktiboki engaiatuta duden milakak, hizkuntzaren ezagutza eta erabilera-maila desberdineko pertsonak, hartzaile pasiboak...
- Zein da etorkizunean, gaurtik hasita, euskarazko telebista espazioa artikulatzeko modurik egokiena euskararen garapenaren ikuspuntutik? Eta zein da modurik egokiena diru-baliabideei errendimendu handiena ateratzearen ikuspuntutik?
- Bi abiapuntu daude galderen oinarrian. Bata euskarazko telebista espazioa askotariko telebistek osatuko dutela etorkizunean. Bigarrena, euskarazko telebista espazioak diru-baliabide publikoak izan behar dituela ezinbesteko osagai, formula desberdinen bidez, zerbitzu publiko hori ematen duen enpresaren oin instituzionala edozein dela ere. Euskarazko telebista espazioa birsortzea helburu politiko publiko moduan ulertu behar da, orain artean bezala. Alor guztietan dator gai hau agenda politikora. Baina bereziki, Euskal Herrian, gizarte honen "nerbio" autoeratzaile berezia ikusirik, eta are gehiago euskararen gaian, helburu publikoen eta gizarte ekimenaren arteko jokoa txirikordatzen asmatzea berebizikoa da.
- Osagai ezberdinak sartu behar ditugu jokoan: Internet eta baliabide teknologikoak batetik. Konbinatu beharko dira: telebista publiko-autonomikoa, ekimen sozialeko Euskal Herri mailako telebista kateak, tokian tokiko telebistak eta hauen saretzeak eta gainerako euskal hedabideen Interneteko telebista eskaintza, gutxienez.
- Euskarazko telebista espazioa sortzearen helburu publikora bideratutako dirua etorkizunean modu konbinatu batean banatu beharko litzateke. Ez dut honekin zalantzan jartzen esparru berri honetan ETBk izango duen eta izan behar duen funtzio ordezkaezina eta ziurrenik zentrala.
- Zilegi dira beldur alderdikoiak. Euskarazko hedabideen espazioak, ordea, ezin du urte gehiago eta aukera gehiago galdu kontu horietan. Euskarazko eskaintzak multipolarragoa izan behar du, eta multipolartasun horretarako aukera ematen digu euskal hiztun komunitatearen eraketa-gaitasun eta erakunde sozial-enpresarialen dentsitate bereziak.
- Irudika dezagun euskal telebista esparrurako dirutza jakin bat bideratuko dela, eta horretatik bi heren ETBra doala eta beste heren bat gizarte-ekimeneko euskal telebistentzat erabiltzen dela. Edo laurdena, edo bostena...
- Euskarazko telebista esparruaren matrizea bera birpentsatu behar dugu: eredu monista batetik eredu konbinatu batera pasatzeko abagunea dator. Eredu monistak jadanik ez du irtenbide onik gure kasuan. Gaur egun, dozenaka aukerako menu zabal batean euskarazko ikusle potentzial fragmentatua ukitzeko beste bide bat behar da, arazoa ez da kate baten programazioan asmatzea bakarrik.
- Oraingo programazioari dagokionez, gauza bat aitortu behar da, lehengo eta oraingo gidarien alde: zaila eta konplexua da telebista generalista bat arrakastaz kudeatzea, eskaintza uholde baten barruan eta gurea bezalako egoeran dagoen hiztun komunitate minorizatu bati begira.
- Euskarazko kateak aurrera egin behar badu, beheraldiari eutsi eta esperimentatu, garai berrietarako.
- Iruditzen zait telebistaz egindako gogoetaren ildo batzuk balio dezaketela irratiaren esparrurako ere. Galdera bertsuak...
Etorkizuneko politikak pentsatzeko heldulekuak eskaintzea izan da testuaren asmoa, begiratu mugatu batetik, ezer baino gehiago eztabaidarako material moduan.
Testu osoa hemen:
Erantzunak kargatzen...